Arrivabeneren burua eskatu dute

Ferrari da Mercedesi aurre egiten ari den talde bakarra, nahiz eta alemaniarrak oso urrun dauden. Hala eta guztiz ere, italiarren nagusiarentzat hau ez da nahikoa eta egoneza handitzen ari den lehenenego zeinuak agertzen ari dira. Aste honetan iritsi dira Italiatik Maurizio Arrivabeneren burua kinka larrian egon daitekeenaren zurrumurruak. Futbolean bezala, entrenatzailearen postua konfirmatzearen pareko adierazpenak egin dituzte taldean.

2016-bahrain-vettel-erretiratzeaLau lasterketa joan dira eta Ferrariko gidariak 3. eta 5. postuetan daude gidarien sailkapenean. Kimi Raikkonenek 43 puntu ditu, eta beraz, Rosbergengandik 57 puntura dago. Vettelek 33 ditu, Bahraingo eta Errusiako erretiratzeak tarteko, lidergotik 67 puntura. Garaipenik ez dute usaindu, ordea, eta lau agerraldi egin dituzte podiumean, bina bakoitzak. Hori ez da nahikoa Ferrarirentzat, aurten sekulako ahalegina egin baitu goi mailako autoa prestatzeko. Kanpai hotsak hasi dira Maranellon.

Sergio Marchionne, FIAT taldeko zuzendariak, egoerak aldatzen hasi behar duela adierazi du, eta aldaketa horrek Bartzelonako lasterketan hasi behar duela, garaipenei erreferentzia argia eginez. Horrelakorik lortuko ez balute, Arrivabenek kezkatzen hasi beharko luke, pazientzia gutxi erakutsi baitute italiarrek beti, azken kasuak Stefano Domenicali eta Marco Mattiaci direlarik. Azken honek apenas iraun zituen sei hilabete, Arrivabene berehala jarri zutelako haren postuan. Orain, honen buruari ere prezioa jarri diote.
Atzoko saio libreetan ohiko irudia ikusi ahal izan genuen, Mercedesekoak sendo eta Ferrarikoak ondoren. Lasterketarako erritmoa erakargarria da italiarren autoetan, baina normalean Mercedesek bere mailarik onena ez du ostiraletan erakusten. Gainera, Bartzelona da talde guztiek ondoen ezagutzen duten zirkuitua, neguko probak hemen bertan egiten baitira. Hortaz, sorpresarako aukera ezerezaren gertukoa da.

Gidarien babesa

Vettel Arrivabene RaikkonenKimi Raikkonen, horrelakoetan oso arretatsua ez dena, oso argia izan zen atzo hemen egindako adierazpenetan: “Inoiz izan dudan nagusirik onena da. Lan honetarako pertsonarik egokiena dela uste dut eta lan ona egiten du”. Sebastian Vettelek ere modu berean babestu zuen: “Gertuko pertsona da, harengana erraz irits daiteke. Denbora asko ematen du taldean, ez hemen bakarrik -lasterketetan-, baizik eta Maranellon ere bai”.

Hala ere, gidariek zurrumurruen berri daukate eta haien inguruan iritzia eskatu zioten Vetteli. Munduko txapeldun lau aldiz izan denak argi erantzun zuen: “Tontakeria galanta dira. Badakit zurrumurru batzuk izan direla, baina ni oso, oso pozik nago gure artean izatean eta ez beste batzuentzat lanean”. Marchioneren hitzak presioa sartzeko neurri gisa ikusten ditu alemaniarrak, beste guztiek bezala, zuzendariak ere taldea garaipenetan ikusi nahi baitu.

Maurizio Arrivabene ongi hasi zen iaz, taldeak aurrerapauso handia eman baitzuen aurreko urtearekiko. Horrek asko piztu zituen itxaropenak, eta aurtengoa Mercedesi aurrez aurre egiteko urtea izango zela pentsatzen hasita zeuden. Urteko laugarren lasterketa igarota, taldeko zuzendaria aldatzeak ez dio aurtengoari eragingo, aldez aurretik antolatua baitago 2016 honetarako prestaketa osoa. Baina Ferrarik 2017ko arautegi aldaketa itzela aukera garrantzitsu bezala ikusten du, eta Arrivabene horretarako prest ez dagoela uste badu, helburu horretan oinarrituta hartuko lukete erabakia.



Comments are closed.