Katalunia: eguneko irabazle eta galtzaileak

Izen argia dago galtzaileen artean: Mercedes. Eta irabazleen artean are argiagoa: Max Verstappen. Sekulako lasterketa izan da, Bartzelonan gutxitan ikusi da halakoa, eta batez ere izan duen emaitzak eman dio handitasuna. Inoiz lasterketa bat irabazi duen gidaririk gazteena bilakatu da Verstappen, hemezortzi urte beteta. Etorkizuna idazten hasi da gaur bertan.

Irabazle: Verstappen

2016-espainia-podiumAsteburu honetan bere helburua ikastea omen zen, baina hori baino askoz gehiago egin du. Atzo sailkatzean lehen printzak erakutsi zituen, eta gaur lasterketan sekulako heldutasuna. Lasterketa erdia Ricciardoren atzetik eman du, eta beste erdia Raikkonenen aurretik. Erasoan batekin, eta defentsan bestearekin. Ez du huts bakar bat ere egin bere adinaren bikoitza eta esperientzia hamarkoitza duen Raikkonenen aurka, eta etorkizuneko izarra dela frogatu du. Red Bullek oso talde indartsua du bapatean, eta datorren lasterketa Monako dela jakinda, ikusmin itzela piztu du.

Galtzaile: Mercedes

2016-espainia-mercedesEta batez ere Lewis Hamilton. Bere erreakzioa hastekoa zen lasterketan irteera txarra egin -beste behin ere- eta oso agresibo jokatu behar izan du postua berreskuratzeko. Bartzelonan oso zaila da aurreratzea, are gehiago zurea bezalakoa den auto bat, eta une horretan bakarrik ikusi du aukera. Baina gaizki erabaki du, tokirik gabe geratu denean oina azeleragailutik altxa ordez belarretara jotzea erabaki baitu. FIAk istilua lasterketaren amaieran aztertuko duela adierazi du, ordurako Mercedesek egoera argituko duela aprobetxatu nahian. Taldeak erraz lortuko du aurten ere titulua, baina eman duen irudia penagarria izan da.

Galtzaile: Kvyat

2016-espainia-kvyatGaurkoan argi geratu da Red Bullen erabaki arriskatua prestazio ikuspegi batetik arrazoitua zegoela. Verstappenek gaur eman duen erakustaldiak orain arte Daniil Kvyat-ek autoa ez duela behar bezainbeste xurgatu esan nahi du. Errusiarrak asteburu osoa eman du Sainz taldekidearen atzetik, eta gaurko lasterketan ez du egoera irauli. Espainiarrak argi eta garbi irabazi dio, eta horrek min egingo dio bere prestijioari. Hemendik aurrera gogor lan egin beharko du egoera zuzentzeko, bestelakoan Red Bullen lehen taldean hasi duen denboraldia talderik gabe amaituko du.

Galtzaile: Ricciardo

2016-espainia-ricciardoLasterketa honek berea behar zuen bi Mercedes autoen erretiratzearen ostean. Baina Red Bullek ez dio behar bezala erantzun Vettelen eraso estrategikoari eta horrek lauko multzoaren atzera bidali du australiarra. Ordura arte kontrolpean zuen lasterketa, eta Verstappen zuen aurkari nagusi. Taldeek erabaki dute Verstappen eta Raikkonenekin estrategia bat erabiltzea, eta Vettel eta Ricciardorekin beste bat. Vettel aurreratu ezinda, Ricciardok aurreko biengana joateko aukera galdu du, eta baita podiuma bera ere. Azkeneko gurpil zulatua egun beltz baten amaiera bakarrik izan da.

Galtzaile: Ferrari

2016-espainia-raikkonenAsteburu erabakigarria zen hau italiarrentzat, Sergio Marchionne FIATeko nagusia bera etorri baita Bartzelonara taldeari bultzada eman eta presioa sartzera. Atzo sailkatzean hobetu behar hori ezerezean gelditu ostean, egoerak hobera egin ordez okerrera egin zuela zirudien. Baina gaur opari batekin egin dute topo lehen itzulian, garaipena izugarri irekia gelditu denean. Taldearen etsipena handitu egin da lasterketan azkarrenak beraiek zirela ikusi ostean. Behintzat, Verstappen baino azkarragoa zen Raikkonen, nahiz eta zirkuituaren ezaugarriek aurrean doana saritzen duten. Ricciardok bezala, Ferrarik ere galdutako aukera bezala gogoratuko du gaurko lasterketa.

2016-espainia-race



Comments are closed.