2017rako aldaketak

Turbo motoreak 2014 urtean itzuli zirenetik lehen aldaketa sakona jaso du aurten arautegiak. Aldaketa hauek, baina, azken 20 urteetako handienak dira autoen itxurari dagokionean. Pneumatikoei, txasiari eta karrozeriari eragiten diete aldaketok. Orotara, autoak itzuli bakoitzeko 3 eta 5 segundu artean azkarrago izango dira. Azkarragoak eta gidatzeko zailagoak izango dira itsaspen maila haziko denagatik.

Pneumatikoak

Iazkoen aldean %25 zabalduko dira pneumatikoak. Aurrekoak 245 mm-tik 305 mm-ra igaroko dira, eta atzekoak 325 mm-tik 405 mm-ra. Beraz, aurrekoak ia-ia iazko atzekoen zabaleran geldituko dira. Honi esker autoen itsaspen maila mekanikoa asko handituko da, aerodinamikaren garrantzia lausotuz. Autoak azkarragoak izateaz gain, aurretik dagoen auto bat jarraitzea errazagoa izango da.

Txasia

Autoa zabalagoa izango da. Pneumatikoak zabalagoak direla aipatu dut, baina horretaz gain autoaren zabalera osoa handitu egin da, hazkundea kanpoaldera gertatu baita. Iaz 1.800 mm neurtzen zuen zabaleran eta 200 mm irabazi ditu. Ikus daiteke hazkundu hori ez dela pneumatikoena soilik, bakoitza 60 mm zabaldu baita (120 mm guztira). Pneumatikoek hartzen dutenaz gain, txasiaren erdialdeak ere 1.600 mm izan behar ditu, iazko 1.400 mm-etatik 200 mm irabaziz.

Aurrealdea

Aurreko aleroiak guztiz itxura desberdina izango du. Gezi formako marrazkia izango du, autoari izaera agresiboa emanez. Goiko irudian ikus daiteke ondoen forma hori. Zabaldu ere egin da, 1.650 mm-tik 1.800 mm-ra igaro baita. Lehen itsaspen mekanikoa handitu dela esan badut, neurri honek itsaspen aerodinamikoa ere handitu dela erakusten du.

Atzeko aleroia eta difusorea

Autoa atzetik ikusita ere nabarmentzen dira aldaketak. Aleroia bera baxuagoa da, 950 mm-tik 150 mm galdu eta 800 mm-tan geratuko baita. Baina hori galtzearekin batera, beste neurri batzutan irabazi du. Zabaleran, kasu: 750 mm neurtzen zituen iaz eta 950 mm-tara iritsiko da aurten. Aleroia bezain garrantzitsua den difusoreak ere jaso du aldaketarik. Hasteko zabaleran, 50 mm zabaldu baita, 1.050 mm-tara iritsiz. Garaiagoa ere izango da, 125 mm-tik 175 mm-tara igaroz. Luzeagoa ere izango da, eta ondorioz lehen baino lehenago hasiko da angelu aldaketa. Honek atzealdeko itsaspena neurri handi batean handituko du.

Ondorioak: azkarragoak, gidatzeko zailagoak… eta gehiago

Argi dago, azkarragoak izango dira. Horrekin batera lotua datorren zerbait da gidatzeko zailtasuna. Bihurguneko abiadura handituko da batik bat, eta horrek gidariei gehiago eskatuko die fisikoki. Ez da kasualitatea, hortaz, aurtengo neguan gidariek zer nolako garrantzia eman dioten prestaketa fisikoari. Carlos Sainzen esanetan, auto berrietara egokitzeko bikoiztu egin behar izan dute prestaketa.

3h cardio (in a gym ??) + neck training after that ✅?? season is getting closer!! #Push #F12017 #ME9

A video posted by Marcus Ericsson (@ericsson_marcus) on

Baina horrez gain, autoek “drag” edo marruskadura gehiago izango dute haizearen kontra. Autoaren azalera handitu egin denez, haizeak oposaketa handiagoa ezarriko dio autoaren aurrera mugimenduari. Beraz, motorearen eragina iaz bezain garrantzitsua izango da, gutxienez. Izan ere, baliteke are garrantzitsuagoa izatea, eta kasu horretan Mercedesen nagusitasuna ezereztea bilatzen zuten aldaketok porrot egingo lukete. Aldaketak oso sakonak direnez, autoa goitik behera marraztera behartzen dute, eta horrek eragin dezake taldeen indar sailkatze berria.

Aurreraketak errazagoak edo zailagoak izango ote diren ez dago argi. Auto bati jarraitzeak errazagoa izateko itxura du, baina itsaspen aerodinamikoa mekanikoa bezainbeste handitu denez, oraindik ere aurreko autoak asko “zikinduko” du hark atzean utzitako haizea.

Autoen aurkezpenak hamar bat egunetan hasiko dira. Oso berandu, garai batekin alderatuta, baina aurten egin beharreko aldaketek baliabide asko eskatu dituzte eta ohi baino denbora gehiago behar dute guztia prestatzeko.



Comments are closed.