Zer espero daiteke lasterketan?

Hasi aurretik, zuzenketa bat egitea bidezko iruditzen zait. Asko izan dira, ni neu barne, aurtengo itzulien denborak 5 segundutan hobetuko zirela esan dutenak. Aldiz, gaur Melbournen ikusi duguna ez da inondik inora halakorik. Iazko eta aurtengo denborak jarri ditu alderik alde. Bertan ikus daiteke pole-aren denbora 1,7 segunduz bakarrik hobetu duela Hamiltonek. Ez da denbora makala, zirkuituan inoiz inork eman duen itzulirik azkarrena baita, baina urrun dago aurrikusitako 5 segunduen markatik.

Kontuan izan behar da iaz Australiako Sari Nagusian Bernie Ecclestoneren ideia zoroa izan zela martxan, banan bana azken sailkatua kaleratuz zihoana. Hala, gidari asko itzuli berri bat emateko aukerarik gabe gelditu ziren. Horrek, kasu, HAAS taldeko bi gidariak ezustean harrapatu zituen. Lasterketak bestelako itxura izan zuen, ordea. Baina aurtengora itzulita, espero genuen hobekuntza txikiagoa izateak zirkuituan bertan du jatorria. Aldaketek bihurgunean dute eragin gehien, eta batez ere bihurgune luze eta azkarretan. Hor autoaren oreka mantendu behar da abiadura handian, eta itsaspen mekaniko nahiz aerodinamikoak eragin zuzena du. Aldiz, bihurgune laburrek ez dute horrenbesteko itsaspenik eskatzen. Melbourne zirkuitu azkarra da, eta azkartasun hori zuzenguneek ematen diote batez ere. Bihurguneak ez dira aerodinamikoki oso exijenteak, apenas baitagoen abiadura konstantean eman behar denik. Bartzelonak, aldiz, makina bat bihurgune ditu autoa denbora luzez itsaspenaren mugan mantentzen dutenak.

Espero genuena eta espero ez genuena

Atzoko bi saioen ondoren, eta azken urteotan Mercedesek duen nagusitasunaren ostean, bagenekien Hamilton zela pole-a lortzeko faborito nagusia. Egia da halaber Ferrarik Bartzelonan egin zituen denbora onak eta gero ostiralean uste baino mantsoagoak izan zirela. Mercedes autoek ezer aldatu izan ez balitz bezala jardun zuten; autoek itxuraldaketa handia izan dute baina Mercedesek nagusi darrai arlo askotan. Txasi eta motore aldetik inor ez dago haien parean.

Egoerak aldaketa bat izan du sailkatzearen aurretik ospatu den FP3 saioan. Ferrarik bere aurpegirik onena erakutsi du, lehen postua lortuz eta Mercedes autoak segundu erdira utzita. Egia da saioa behar baino lehenago amaitu dela Lance Stroll hasiberriak Williams autoa txikitu duenean. Kanadiarrak hiru istripu izan ditu autoan daramatzan sei egunetan. Debuta egiten duen edonork behar du denbora piska bat egokitzeko, baina Stroll hasieratik diru poltsa handiagatik sartu dela uste dugunontzat Williamsen erabaki txarraren beste froga bat da. Hasteko, Massa aitonak aurrea hartu dio orain arteko saio guztietan. Eboluzioa ikusi beharko da, eta denboraldi amaieran egoerari ez baldin badio buelta eman, erabakiren bat hartu beharko du taldeak.

Strollen kasuari gatza eta piper gehiago emateko, Sauber taldean gertatu dena aipatu behar dugu. Pascal Wehrlein gidari titularrak atzoko saioen ondoren gaizki ikusi du bere burua eta taldeari jakinarazi dio ez zegoela lasterketa osatzeko moduan. Beraz, ia prestatu gabe Antonio Giovinazzi erreserba gidaria deitu dute. Italiarrak neguko probetan egin zuen debuta Sauberrekin, eta gaur denborarik gabe sartu da autoan. Sekulako itxura eman du, akatsik egin gabe kasik, eta hain bapateko aldaketaren aurrean bikain erantzunez. Lance Strollek badu non begiratu.

Sailkapeneko aurrealdean espero ez genuena Sebastian Vettel zen. Ez da Valtteri Bottasek saio txarra egin duelako, baizik eta alemaniarrak Ferrari autoaren doai guztiak bikain erabili dituelako baizik. Lehen lerroan muturra sartzea lortu du oso itzuli garbia emanda. Bere esanetan lehen bihurgunean denbora piska bat galdu du, eta itzulian aurrerago ere galdu du zertxobait. Hala ere onartu du ez zela inola ere pole-a lortzeko moduko itzulia eta bere itxaropen guztia biharko lasterketan jarria dauka. Hori entzunda ezin da ukatu Hamilton-Vettel lehia bat dela gerta zitekeen gauzarik onena.

Non daude Red Bull autoak?

Bada, uste baino atzerago. Renaultek motorean aurrerapauso handiak eman omen zituen, baina aurten ikusteke gaude Red Bull autoen indarra. Max Verstappen bosgarren izan da, eta aurrekoekiko nahiz atzekoekiko duen aldea ikusita, horixe da dagokion lekua. Lasterketa bakartia izango duen beldur da horrexegatik. Izan ere, aurrekaldetik urrun daude, eta Adrian Neweyk oraingoan ez duela hainbeste asmatu esan beharra dago. Autoak oraindik lana behar duela dirudi, gidariek esan baitute motorearen bultzada eta txasiaren itsaspena hobetzeke dituztela.

Nahi eta ezin horren irudi da Daniel Ricciardok izan duen pista irteera. Etxean ari da australiarra, eta ilusioz gainezka zegoen, pole-a horren urrun izango ez zutela aurreratuz. Askotxo espero zuen Ricciardok, mirari baten laguntza ez badu bihar ere lasterketan podiuma urrun izango duelako. Hala ere ikuskizuna emateko prest dira Red Bulleko bi gidariak. Ricciardok 10. postutik ekingo dio lasterketari eta aurreraketak egitea posible ote den ikusteko balia dezakegu. Gero eta gehiago dira aurreraketak kasik ezinezko izango direla uste dutenak, tartean Hamilton eta Verstappen.

Lasterketa geldialdi bakarrera antolatuko dela segurtzat jotzen denez, irteeraren garrantzia berebizikoa izango da. Iaz emandako norabidean beste pauso bat eman du aurten FIAk, enbragearen kontrola guztiz gidariaren eskutan utzita. Beraz, urteko lehen lasterketa izanik, prest egon zaitezte batzuk postu asko irabazi edo galtzeko. Has dadila ikuskizuna!

Hona hemen Hamilton-en pole itzulia. Gogoratu, inoiz inork Melbournen ez du horren itzuli azkarra osatu.



Comments are closed.