McLaren eta Alonso: zer gertatuko da?

Datorren urterako panorama zaila daukate Fernando Alonsok eta McLarenek. Baliteke bakoitzak bere arazoak izatea, eta baita bien arazoak erlazionaturik egotea. Biek amankomunean badute zerbait: oso berandu dabiltzala. Historikoki Hungariako lasterketa izan da talde gehienentzat mugarria hurrengo urteko planak ixteko momentuan. Ferrarik bakarrik itxaroten zuen Italiako Sari Nagusira, etxean egiteko jakinarazpena. Eta gainera Ferrarik gidarien berri bakarrik eman behar zuen. McLarenek, ordea, oraindik ez daki zein motorerekin ariko den datorren urtean. Benetan kezkatzekoa da garai honetan.

McLarenek hiru urte beltz daramatza Hondarekin. Egoera -hobera- aldatzera doala konbentzitzen saiatzen dira japoniarrak, baina errealitateak bestela dio. Bitxia da, adibidez, iazko Italiako Sari Nagusian Alonsok egin zuela lasterketako itzulirik azkarrena. Urtebete beranduago, lorpen hori anekdota besterik ez da, Hondaren maila zeinen ulertezina den erakusteko bakarrik balio duena. Atzo, euripean korritu zen sailkatzean, Alonsoren ‘magia’ ez zen Q3ra igarotzeko gauza izan. Motoreko unitateak aldatu zituztela eta penalizazio handia dute, eta horrek eragin omen zuen gutxi arriskatzea. Baina Red Bullekoez gauza bera esan daiteke orduan, eta haiek 2. eta 3. sailkatu ziren penalizazioak jaso aurretik.

Hondaren promesez aspertuta daude McLarenen eta asteburu honetan Renault motoreak lortzeko saiakera etsigarrian dira. Arazo nagusi bat dago: Renaultek dagoeneko 3 talde hornitzen ditu (Renault bera, Red Bull eta Toro Rosso). Laugarren bat hornitzeko FIAren baimena behar du, eta talde hori McLaren balitz, horrek esan nahiko luke Honda talderik gabe geldituko litzatekeela. Aukera hori guztiz alboratu nahi du FIAk eta beraz, ez luke baimenduko. McLarenen aukera bakana motoreak trukatzea da… norekin ordea? Bada Toro Rossorekin. Haiei Renault motorea erosi eta Honda Toro Rossora joango litzateke. Prest al daude bi aldeak horretarako? Datozen orduetan argituko da, negoziaketaren iturriek azaldu dutenez.

Ondorioak ez dira guztiz abantailatsuak. Hasteko, gaur egun McLarenen eta Hondaren arteko erlazioa ez da bezero-hornitzaile motakoa. Hau da, McLarenek ez ditu Honda motoreak ordaintzen. Alderantziz, motoreak dohan jasotzen dituzte eta gainera Hondak diruz laguntzen du McLaren. Renault motoreak hartuz gero, haiengatik ordaindu egin beharko luke eta Hondaren dirulaguntza galduko luke. Finantzialki zuloa agertuko zaio McLareni. Beti aipatu izan da Honda dela Alonsoren soldata ordaintzen duena. Renaultekin beste nolabait egin beharko luke hori.

Toro Rossorentzat Honda motoreak zein egoeratan jasoko lituzkeen  ikusteke dago. Ziurrenik baldintza batzuk bete beharko lituzkete, McLarenek bete behar izan ez dituenak. Gidari japoniar bat ia ziur, eta erlazio ekonomiko desberdina. Toro Rossok atzerapausoa emango luke motore arloan, potentzia aldetik batez ere. Fidagarritasun aldetik ezin da esan Renault altzairuzkoa izan denik aurten.

Bi taldeentzat arazo handi bat egutegia da. Aspaldi hasia dute 2018ko autoaren diseinua eta oraindik zein motore instalatu behar duten ez jakitea zailtasun handia da, Toro Rossorentzat batez ere, baliabide gutxiago dituztelako. Aldaketa gauzatuz gero, McLarenek transizio urtea -beste bat- izango luke hurrengoa, motorea behar bezala instalatzea autoaren maila orokorraren oinarrietako bat baita.

Alonsoren etorkizuna eta erabaki ahalmena

Fernando Alonsok duela 11 urte lortu zuen bere azken titulua, baina paddock-ean oso preziatua da. Horren jakitun, McLarenek oso kontuan hartzen ditu espainiarraren iritzi eta nahiak. Bestela ez da posible Indy500 lasterketan parte hartzeko baimena eta erraztasunak jasotzea. Azken egunotan asko aipatu da bere jarraitasunaren inguruan, eta baldintza bat jarria zuela: McLarenek Hondarekin hautsi behar zuen taldean jarraitzeko. Gerora espainiarrak hori ezeztatu du, baina McLaren Renaultekin hain eztabaida bizian aritzeak zurrumurri horri jaten ematen dio.

Kontua da Alonsok bere ohiko hizkera atera duela, adierazpen polemiko batzuk eginez. Aurrena bere “merkatu balioa” inoiz baino altuagoa zela esan zuen Belgikan aurreko astean. Eta aste honetan Monzan “lasterketak irabazteko aukerak dituzten talde bat baino gehiagoren eskaintzak” dituela adierazi du. Jakina da Alonsoren aurkari nagusietako bat hemeroteka dela, hartu dituen erabakien aurretik esandakoek nekez egiten dutelako bat ondoren gertatu denarekin, edo gertatu denaren logikarekin.

Oraingoan ere zaila da bere adierazpenen atzean dagoena zehaztea. Zein talde izan daitezke datorren urtean lasterketak irabazteko moduan? Berehalako erantzunak Mercedes, Ferrari eta Red Bull lirateke. Hiru taldeok itxita dituzte gidariak, Mercedes bakarrik falta baita Bottasen kontratua ixteko, eta bi aldeek onartu dute sinadura bakarrik falta dela. Gainera Toto Wolff-ek aste honetan adierazpen gogorrak egin ditu Alonsoren inguruan, esanez Alonsok eta Mercedesk duten iragana espainiarra fitxatzeko oztopoa dela, McLarenen ezagutza teknikoaren filtrazioan zerikusia izan zuela-eta. Renaulten izena baldin bada Alonsok buruan zuena, frantziarrek esana dute 2018 ez dela lasterketak irabazteko urtea, izatekotan hori 2019tik aurrera gertatuko dela.

Talde bakarra dago itxaropena eragin dezakeena, aurten guztiz bestelako itxura ematen badu ere. Williamsek denboraldi penagarria darama aurten, azken urteetako beheranzko joera areagotuz. Urte hasieran Paddy Lowe fitxatu zuten Mercedesetik eta haren eragina ez da aurten ikusiko. Pentsa daiteke aurtengo autoa alboratu eta ahalegin guztia datorren urtera bideratu dutela. Posible bada ere, ezin da ziurtatu. Jakina da, ordea, Alonsori gerturatu zitzaizkiola uztaila-abuztuan datorren urteari begira. Williamsek talde egitura indartu du azkenaldian baina gidari maila eskasa du talde indartsuenen aldean. Massa erretirotik arrantzatu behar izan zuten Bottas galdu zutenean, eta Stroll ez dago prest -inoiz egongo bada- 1 Formulan goi mailan aritzeko.

Williamsen aukera edo eskainza baztertuz gero, Alonsok McLaren bakarrik luke 1 Formulan jarraitzeko aukera. Izan ere, ezin da baztertu McLarenekin jarraituz gero 1 Formulan lehiatzeari utzi eta beste kategoria batzutan aritzea. McLareneko Zak Brownek Indy kategorian talde egonkorra eratzeko aukera aipatu zuen duela hilabete gutxi, eta Indy500-etako esperientzia positiboa baliatuz, erabat posible da. Aukera gutxigo dute WEC eta eFormula kategoriek. Argi dago Alonsok hartzen duen erabakia edozein dela ere, arrakasta lortzeko inkognita mordoa izango dituela.



2 responses to “McLaren eta Alonso: zer gertatuko da?”

  1. […] hasi eta Italian argituz hasi zen etorkizuna Singapurren zehaztu da. Aipatu nuen duela bi aste egoera laister argituko zela, eta albiste ez ofizialak astebete ingurura azaleratu ziren. Gaur […]

  2. […] zeuden eta Renaultekin elkartu ziren, diru kostu izugarria izan zuen operazioan (McLarenentzat, http://laurentzi.eu/2017/09/03/mclaren-eta-alonso-zer-gertatuko-da/ sarreran argitu bezala). Promesak haizeak eraman ditu, Renault motoreekin ere aurreneko […]