Ferrariren huts barkaezinak, Vettelentzat zigor gogorregia

Azken hiru lasterketak desastre hutsa izan dira Ferrarirentzat. Urrun gelditzen da urteko lehen lasterketa Australian irabazi zuenekoa, denboraldi askoren ondoren berriro titulua berreskuratuko zutela zirudien une hori. Zirkuitu gehienetan oso ondo moldatu da autoa, baina Singapur, Malaisia eta Japonia ahazteko moduko lasterketak izan dira. Gaur goizean bujia bat izan da Vettel lasterketatik kanpo utzi duena. Onartezina eta barkaezina.

Vettelek taldea defendatu du lasterketa amaitu ondoren egin dioten elkarrizketan. Hori kanpora begira eman duen diskurtsoa izan da, eta ziur nago etxe barruan ez dela giro izango. Beraiena zen txapelketa beraiek bakarrik galdu dute.

Singapur: euriarekin ihes egin zuen itxaropenak

Vettelek badu gaurko egorara iritsi izanaren errua ere, Singapurren egindako irteeran berak izan baitzuen erantzukizun nagusia. Han, bederen, pole-an jarri zuen autoa. Denboraldi osoko zirkuituen artean honakoa zen denek segurtzat Ferrariren indargune jotzen zutena, eta larunbatean pole-a nagusitasunez lortu baitzuen bi Red Bull autoen aurretik. Hamilton bosgarren besterik ez zen izan, haren aurretik Kimi Raikkonen ere sailkatu baitzen. Egoera zailean zegoen Hamilton, bere 13 puntuko aldea desager zitekeelakoan.

Baina igandeak guztiz irauli zuen egoera hori, Vettelek irteeran kamikaze papera hartu baitzuen, bera eta Hamiltonekiko lehian laguntzaile izango zituen Verstappen eta Raikkonen kanporatuz. Alonso ere lagun izan zezakeen, baina espainiarra ere jokoz kanpo gelditu zen alemaniarrak eragindako triskantzan. Hori gutxi ez, eta Hamilton geratu zen buruan, lasterketa erraza izango zuena kudeatuz. Sekulako kolpea izan zen, 13 puntuak bapatean 38 bilakatu baitziren Ferrarirentzat mesedegarri izan behar zuen lasterketan.

Malaisia: turboaren hutsagatik, azkena

Igandera irtisi baino lehen zapuztu zuen Ferrarik txapelketa atzerapena murrizteko aukera. Indartsu zirudien Ferrarik Malaisiako azken lasterketan, goizeko FP3 saioan Raikkon eta Vettel izan baitziren azkarrenak, Red Bull autoen atzetik. Nahiz eta pole-a Lewis Hamiltonek eraman zuen, jakina zen Mercedes autoek larunbatean duten konfigurazio bereziak lagundu ziela horretan, eta lasterketa beste kontu bat izango zela. Baina Ferrarik huts egin zuen sailkatzean bertan, Vettelen turbo unitateak arazoa izan baitzuen. Q1 saioko mantsoena izan zen.

Azken postutik atera zen igandean, eta sekulako lasterketa osatu zuen, aurkari garrantzitsuak aurreratuz. Bottas bera ere gainditu zuen, eta azken itzulietan Daniel Ricciardo harrapatu zuen. Abiadura diferentzia hain zen handia, non australiarra ere atzean utziko zuela zirudien. Baina pneumatikoekin justu samar zebilen eta egin zuen ahalegin bakarrean Ricciardok ondo itxi zion bidea. Vettelen zorionerako, Max Verstappenek irabazi zuen, Hamiltonen puntuak zertxobait murriztuz. Hala ere, lasterketan azkarrena zirudien Vettelek eta ez zuen abiadura hori baliatu txapelketan egoera hobetzeko.

Merezi du lasterketa amaieran Lance Strollekin izan zuen istripua aipatzea ere. Mantso eta pneumatiko gomak harrapatzeko balio duen itzulia izan ohi da lasterketa amaitu ondoren ematen dena, sistema guztiaren tenperatura jaisteko ere bai. Vettelek ordea bero jarraitzen zuela dirudi, ziztu bizian Stroll aurreratu eta harekin tupust egin zuelako, esekidura txikituz. Hori gutxi ez balitz, Pascal Weherlein-en autoan muntatu zen, uhalik eta ezer gabe zirkuituari itzulia emanez. Ez da segurtasun eredu.

Japonia: oraingoan, bujia bat

Hirugarren sailkatu zen larunbatean, baina Valtteri Bottas-ek pairatu beharreko zigorragatik -aldagailua ordezkatu behar izan zuen- Hamiltonekin lerrokide hasi du lasterketa. Hamiltonek berak lasterketa bikaina espero zuela aurreratu zuen, eta guztiok espero genuen halako zerbait. Baina hasi eta berehala abiadura falta zuen Ferrari autoak. Verstappenek erraz hartu dio aurrea lehen itzulian, eta hortik aurrera bata bestearen atzetik alemaniarra gainditu dute. Argi zegoen arazoren bat zuela, baina… zein?

Carlos Sainzek irteerak -honek ere modu traketsa aukeratu du Toro Rossoz agurtzeko- Segurtasun Autoa eragin du, eta hor saiatu dira Vettelen autoan arazoa konpontzen, lasterketaren erritmotik at. Baina berriro ekin diotenean argi ikusi da Vettelen puntako abiaduraren arazoak hor zirauela. Beste aukerarik gabe, erretiratzeko erabakia hartu dute eta han ikusi dute arazoaren jatorria: bujia bat. Garai batean Ferrarik V12 motoreak erabiltzen zituen, baina egun V6 motoreak izanda, bujia kopuru erdia behar dute. Bada kalitate neurri nahikorik ez dago Ferrarin. Baliteke bujiaren haustura beste zerbaitek eragin izana, baina edozein kasutan, huts onartezina. Beste 25 puntu atera dizkio Hamiltonek eta horrek esan nahi du AEBetako Sari Nagusian bilaka daitekeela Hamilton munduko txapeldun. Ferrariri esker.



Comments are closed.