Hamiltonen laugarrenaz gain…

Segurtzat jotzen da igandean Hamiltonek bere laugarren titulua lortuko duela. Horrela Prost-ekin eta Vettel-ekin berdinduko litzateke. Alonsok aste honetan aipatu du logikoagoa iruditzen zitzaiola Hamiltonek lau titulu izatea Vettelek baino. Iritziak iritzi, ingelesak txikitu egin ditu aurkariak denboraldiaren bigarren erdian. Udako oporretatik bueltan, sei lasterketatik bost irabazi ditu: Belgika, Italia, Singapur, Japonia eta AEBak. Eta zer egiten du seigarren lasterketan? Bigarren postua lortu zuen Malaisian Verstappenen atzetik. Halako emaitza erreskadarekin nork eman diezaioke buelta txapelketari?

Sebastian Vettelek ez du garaipenik ezagutu ordudanik. Pozik joan zen oporretan, Hungarian irabazita. Baina handik itzuli eta bere emaitzek behera egin dute. Tarte honetan 63 puntu lortu ditu, lasterketa bakoitzeko 10,5 hain zuzen. Hamiltonek tarte berean 143 lortu ditu, bataz bestekoa 23,83 delarik. Txapelketari buelta eman dio nahiz eta lasterketa askotan ez autorik azkarrena izan. Orain, moralki lortu duen indarrarekin, ukiezin bilakatu da Hamilton. Bottasek ere onartu du udatik hona bere taldekideak maila bat gora egin duela, zirkuitu bakoitzean autoa ezin hobeto prestatu duela aitortuz.

Baina taularen goikaldean gertatuko denaz gain, atzerako bada zer kontatu. Txapelketan zeresan gutxi izango dute agian, baina lasterketa animatzen ari direnak dira. Max Verstappenekin hasiko gara, eta bere zigorrarekin. Oraindik hautsak harrotuta dabiltza, holandarrak atzo bertan berretsi baitzuen ez dagoela ados jasotako zigorrarekin. Lasterketaren ondoren gozoak bota zituen, batez ere Garry Connelly australiarrari zuzenduta zihoazen adierazpenekin: “Beti nire aurka egiten duen idiota bat da. Lasterketa bikaina izan dugu, baina halako erabaki ergelekin kirola akabatzen dute”. Honela eskatu du barkamena bere Instagram kontuan.

Raikkonen irribarrez? Baina zer da hau!

Istilu honek beste gauza bat ere erakusten du: Kimi Raikkonen zein errespetatua den gidari guztien artean. Bere izena ez da inongo unetan agertu, nahiz eta Verstappenen zigorraren onuradun nagusia bera izan zen. Finlandiarrak bere posizioa ongi babestua zuela uste zuen, eta amorruz hartu zuen holandarraren aurreraketa, taldeari berari barkamena eskatu ziolarik gertatu eta berehala. Baina iritzi eta esamesa guztiak FIAri zuzendu dira hortik aurrera, Raikkonen eta Ferrari alde batera utzita. Gaur Charlie Whitingek luze eta zabal erantzun behar izan die horren inguruko galderei. Bere postura argia izan da, eta irizpide sendoa dutela defendatu du, koherentzia gordetzen dutela beste erabakiekin.

Azken lasterketetan maila galanta eman du eta gaur ere ongi moldatu dira Red Bull autoak. Beraz, podium aukera errealak izango ditu. Horretarako aukerarik izango ez duena Daniil Kvyat errusiarra izango da. Austin-en itzuli zen Toro Rossora, Pierre Gasly frantziarrak Japonian lehiatu behar baitzuen Super Formula kategoriako titulua eskuratu ahal izateko. Gasly bigarren zen txapelketan, liderra zen Hiroaki Ishiura-rengandik puntu erdira. Bada ez zuen horretarako aukerarik izan, asteburu horretan Japonian zebilen tifoiaren erruz. Esan beharra dago titulua irabazi duen Ishiurak 36 urte dituela, eta txapelketan parte hartzen duten 19 gidaritik 6 bakarrik direla Japoniatik kanpokoak. Aipagarria halaber txapelketan azkena sailkatu dena Narain Karthikeyan indiarra izan dela, zero puntu lortuta.

Bakoitza bere bidetik

Toro Rosson aipatu Pierre Gasly eta Brendon Hartley ariko dira denboraldia amaitu bitartean. Hartley Red Bullen esferako gidaria izan zen 2008 eta 2010 artean. Hala ere, azken urte horren amaieran Red Bullek bere babesa kendu zion, azken urte eta erdian lasterketarik irabazi ez zuela argudiatuta. Zeelanda Berriko gidaria ez zegoen prest 1 Formularen ingurunerako, gazteegi eta arduragabe harrapatu baitzuen. Bere meritua hortik aurrera etorri da, burua behar bezala antolatu eta lan serio baten ondorioz World Endurance Class-ean sartu baitzen, eta hor egin du aurrera gidari gisa. Porscheren talde ofizialerako fitxatu zuten eta emaitza bikainak pilatzen hasi zen. Le Mans-eko garaile aurten, adibidez. Duela bi urte bigarren amaitu zuen bere taldearekin batera. WEC txapelketa 2015ean irabazi zuten, eta aurten buruan da. Bere 1 Formula eginkizunek uzten badiote, astebururo gidatu beharko du titulua defendatu nahi badu.

Badugu Alonso beste urte baterako!

Aurreko asteburuan jakinarazi zuten beste berria Alonsok beste urtebetez McLarenen jarraituko duela izan zen. Renault motoreekin akordioa lortu ostean, Vandoorneren txio bitxi honetan jakinarazi zuten.

Baina… noski, Alonsoren kasuan ezer ez da dirudiena. Eta albistea ofizial egin ostean, urtebete baino gehiagorako izango zela zioen, bere ibilbidea McLarenen amaitu nahiko lukeela gehituz.

Baina kontratu horretan badaude sorpresa gehiago. Eta lehena handik gutxira gertatu da, atzo jakinarazi baitzuten Daytona-ko 24 orduetan parte hartuko duela Lando Norris gidari gazte gaztearekin (17 urte besterik ez ditu). Norris McLarenen babespean hazten eta hezten ari den gidaria da, aurten bertan F3 maila irabazi duena, maisuki.

 



Comments are closed.