Kubica eta Williams

Robert Kubicak 2011an istripu lazgarria izan zuen Italiako Andora rallyan. Lotus-Renault taldeko gidaria zen orduan, eta askatasuna zuen 1 Formulaz gain beste modalitate batzutan parte hartzeko. Horien artean zuen rally-a, 1 Formula denboraldirik ez zenean gustuko zuena. Valentzian aurkezpena egin berria zuen Renault taldeak otsailean, eta probetako azken egunean denborarik onena markatu zuen Kubicak. Hurrengo asteburuan jasan zuen istripua, denboraldiari agur esanez. Baina zauriak hain izan ziren larriak, non 1 Formulari ere betirako agur esan zion. Orain arte.

Kubicak lehenengo bere errekuperazioa jarri zuen martxan. Eskuin besoa oso kaltetua zuen, istripuan erabat txikitu baitzion “quitamiedos”ak. Ahaleginak ahalegin, bere puntu ahula da, muskularki oso ahuldua baitu. Jendaurrean agertzen den bakoitzean ezkutatzen saiatzen da oraindik, horrek lotsatu balu bezala. Besoa gidatzeko moduan izateko prestatu ondoren, lasterketetara itzuli zen 2013an. Rally eta asfaltuko turismoetan hasi zen, baina ez batean zein bestean ere ez zuen sona handiko lorpenik eskuratu. Rallyetan abiadura ona bazuen ere, gehiegitan ateratzen zen errepidetik. Emaitza onak eskura izan zituen arren, inoiz ez zuen erremate egokirik izan.

Bere azken taldea Lotus-Renault izan zelarik, Renaultekin harreman ona izan du. Frantziarrek iaz erosi zioten taldea Lotus-i eta hori Kubicarentzat mesedegarri izan da. Valentzian, azken aldiz 1 Formula autoa probatu zuen zirkuitu berean, aukera eman zion aurten, Lotus E20 auto batean (2012 urtekoa). Proba itxuraz ondo joan zen eta ondoren benetako aukera eman zion poloniarrari: Hungarian, aurtengo autoan eta aurtengo gidarien artean probatzea. Izan ere, Renault datorren urterako gidari bila zebilen, Jolyon Palmer-en emaitzekin gustura ez zegoelako.

Probak oso positiboak izan ziren bi aldeentzat, eta Kubicak adierazi zuen: “Egin nezakeen guztia egin dut eta orain Renaulti dagokio erabakitzea”. Renaulteko Cyril Abiteboul-ek, ordea, oraindik galdera guztiak ez zeudela erantzunda adierazi zuen, itxaropenari ateak itxiz. Kubicaren zorionerako, beste talde bat zebilen 2018rako gidari bila: Williams. Massa azken orduan errekuperatu zuten iaz, Bottasek Mercedeserako bidea hartu zuelako. Aurten urte txarra izan du Williamsek, batez ere Lance Stroll gazteak maila baxua eman duelako. Massak salbatu du haien denboraldia, baina datorren urterako Massak berriro erretiroa iragarri du eta oraingoan benetan izango dela dirudi. Zein aukera ditu Williamsek? Haiek onartu dutenez, Di Resta (proba gidaria), Kvyat, Wehrlein eta… Kubica. Strollek proba pribatu batzuk ditu Williamsekin duen kontratuan, eta horregatik lasterketarik ez denean munduko zirkuitu askotan proba pribatuak egiten ari da. Haietako batzuk profitatu ditu Williamsek beste gidariei ere aukera emateko, batez ere Kubicari.

Horregatik Kubicak dagoeneko proba sekretuak izan ditu Williamsekin: urriak 11an Silverstonen proba egun bat izan zuen, eta urriaren 17 beste bat izan zuen Hungaroringen. Hau da, interesa benetakoa da, eta aukera ere benetakoa da. 1 Formulan ez dago oparirik, eta Renault nahiz Williams Kubica probatzen ari badira, benetako aukera delako bakarrik da.

Massak atzo egindako erretiro iragarpenak zurrumurru gehiago piztu ditu denboraldi amaierari begira. Bi lasterketa falta dira, Brasil eta Abu Dhabi. Massak Brasil erabiliko du -iaz bezala- agurtzeko, eta Abu Dhabiko lasterketak zeresan gutxi du beretzat. Aldiz, Kubicarentzat izugarri garrantzitsua litzateke lasterketa batean bere burua probatzea, eta zer esanik ez Williamsentzat. Datorren urterako sinatzeko arriskua hartu aurretik, Massarekin akordio batera iritsi eta azken lasterketan gidari aldaketa gerta daiteke. Ez dago oraindik inolako jakinarazte ofizilik, baina ez litzateke harritzekoa. Williamsentzat publizitate handia litzateke, Kubicak jarraitzaile asko baititu, azken aldiz duela sei urte lehiatu bazen ere.

Bere alde duen beste alderdi bat Nico Rosbergen babesa da. Iazko munduko txapeldunak bere laguntza izango zuela jakinarazi zuen twitter-en, eta hori ere zerbaiterako izango da. Rosbergek Mercedesen ordezkari gisa egiten du lan, Williamsek dituen motoreak, hain zuzen ere. Gainera Rosbergek Williamsekin egin zuen debuta, eta urte askotan izan zen haien gidari. Konexio aldetik ezin zuen laguntza hoberik izan.



Comments are closed.