Indarrean sartuko diren ziurtasunik ez badago ere, atzo Genevan (Suitza) elkartu ziren 1 Formula taldeetako buruak aldaketa batzuen gainean eztabaidatzeko. Haien artetik ondorio adostu batzuk atera ziren, beste batzuk oraindik eztabaidan jarraituko dutenak. Edozein erabaki datorren hilabetean FIAren World Motor Sport Council-ak (Nazioarteko Automobil Kirolen Batzordeak) berretsi behar du. Hori osatzen dutenen artean FIAko ordezkariak, eskubide komertzialenak (Ecclestone eta konpainia), herrialde dsberdinetako ordezakariak eta beste daude.
Sailkatze saioa: kanporatze formatua
Gaur egungoaren aldean, non saioaren iraupenaren barruan egindako denbora onenaren arabera mantsoenak kanpoan gelditzen diren, kanporaketa jarrai bat litzateke. Denbora tarte bakoitzero gidari mantsoena kaleratuko litzateke, honela saio bakoitzean kopuru zehatz bat kanporatu arte. Taldeek onartu egin dute ideia, honako itxurarekin:
Q1 saioa
-16 minutuko iraupena
– 7 minuturen ostean gidaririk mantsoena kanpora doa
– Saioa amaitu artean, 1m eta 30s bakoitzero, gidari mantsoena kanpora doa
– Guztira 7 gidari kanporatuko dira, eta 15ek Q2-ra jauzi egingo dute
Q2
– 15 minutuko iraupena
– 6 minuturen ostean gidaririk mantsoena kanpora doa
– Saioa amaitu artean, 1m eta 30s bakoitzero, gidari mantsoena kanpora doa
– Guztira 7 gidari kanporatuko dira, eta 8k Q3-ra jauzi egingo dute
Q3
– 14 minutuko iraupena
– 5 minuturen ostean gidaririk mantsoena kanpora doa
– Saioa amaitu artean, 1m eta 30s bakoitzero, gidari mantsoena kanpora doa
– Azken 1m eta 30s-tan, bi gidari bakarrik ariko dira pistan
Denbora zigorra
Hizketagai izan zuten beste gai bat sailkatze saioaren aurretik gidari bakoitzari denbora zigorra aplikatzea izan zen. Txapelketan duten posizioaren arabera, denbora bat edo beste gehituko litzaieke sailkatze saioko denborari. Txapelketa buruak lau segunduko zigorra izango luke, eta azkenak bat ere ez. Tartekoak modu linealean zigortuko lituzteke. Adibdez, Hamilton txapelketa buru balitz eta bere sailkapeneko denbora 1:25 balitz, lau segundu gehitu eta 1:29 izango litzateke. Azkena Rio Haryanto izanez gero, eta honek 1:28 denbora balu, erregistro hori bere horretan mantenduko litzateke, eta Hamiltonek baino postu hobea luke sailkatze saioan.
Neurri honen etorkizuna ez dago horren argi, batez ere kanporatze sistema horrekin bat eginez gero gehiegitxo izateko arriskua dagoelako.
Beste neurri batzuk
Eskaera gehiago ere izan ziren mahai gainean. Batez ere 2017rako hainbeste aldaketa izango diren beldur, haien gaineko erabakia apirilera atzeratzea eskatu dute taldeek. Gainera, badira egungo 100 kg.ko erregai muga kendu nahi dutenak, autoek azkarrago joateko duten muga bat delakoan. Guztiak ez daude horren alde, eta 105 kg.ra igotzea da aipatu zen aukeretako bat. Azkenik, “Eguneko Gidaria” saria ere adostu dute. Zaleek aukeratuko dute, eta lasterketa amaitu bezain pronto jakinaraziko du FIAk, hura ere sari banaketan egongo delarik ia ziur.