Eguneko irabazle eta galtzaileak

Amaitu da urteko lehen lasterketa, itxuraz iazko denboraldia itxi zuen Abu Dhabiren antzeko sailkapenarekin. Horrenbeste gauza gertatu dira, guztia lehen bezala gelditzeko. Tira, ez da hori. Gaurko emaitzara oso modu gorabeheratsuan iritsi gara, hasieran pentsa ez zitekeen amaiera izan baita. Australiako zirkuituak berezitasunak ditu, hain zuzen ere beste zirkuituengandik desberdin egiten dutenak, eta Bahrainen aldatuko dira elementu batzuk. Baina Melbournen ere 25 puntu banatzen dira, beste edonon bezala.

Irabazle: Ferrari

2016-australia-alonso-race_04Egia esan ziguten Vettelek eta Raikkonenek atzo: Mercedesekiko aldea dirudiena baino txikiagoa da. Hala gertatu da, lasterketa osoan zehar elkarrengandik gertu egon baitira. Azpimarratzekoa da Ferrariren irteera zein ona izan den, horri esker lehen bi postuetara jauzi egin baitute. Abantaila teknologikoari esker izan baldin bada, txalotzeko hobekuntza izan da hori, Bartzelonako probetan ikusi ez zena. Lasterketan ere bikain eutsi diote Mercedesekoei, eta haiekiko posizioa galdu dutenean ere, Vettelek Hamiltonen gaineko erasoa prest zuen, azken aurreko bihurgunean atera den arte.

Irabazle: Mercedes

Lasterketa hasiera txarra izan dute: Rosberg hirugarren postura jaitsi da eta Hamilton are okerrago, seigarrenera. Pentsa, Verstappen laugarren jarri da eta Massak ere gainditu du. Hortik aurrera, biek ala biek piskana gora egin dute lasterketa osoan zehar. Errazago izan du Rosbergek, pistan apenas egin baitu aurreraketarik. Hamiltonek gogotik egin behar izan du lan, baina Toro Rossokoen aurrerapauso galanta sufritu behar izan du.

Irabazle: Haas eta Grosjean

2016-australia-race_05Txapela kentzeko modukoa izan da talde amerikarraren debuta. Auto sendoa eta azkarra osatu dute, lehen lasterketatik hori erakutsiz. Ferrariren laguntza handia izan dute, baina horrek ezin die meriturik kendu. McLarenek eta Hondak dituzten zailtasunak ikustea besterik ez dago 1 Formulan errazik ez dagoela ohartzeko. Gidari aukeraketa ere taldearen kontua da, eta Romain Grosjeanek lasterketa aparta osatu du. Bere esperientzia majo eskertu dute, pneumatikoak ondo neurtuz eta atzetik izan duen presioari aurre eginez. Seigarren postua garaipena da, eta Grosjeanek Ferrariri prest dagoela esateko modua.

Galtzaile: Toro Rosso

Halako auto izugarria dutela erakutsi eta hain atzean amaitzea barkaezina da. Taldekideen artean sortu dute besteekin izan behar zuen lehia. Vertsappen bere ohiko paperean, oso agresibo eta ikusgarri, baina bere ezinegonak ia Sainz ere aurretik eraman du. Autoa bikaina da, txasi jostagarria eta Ferrari motoreari esker beste edozeinekin lehiatzeko gauza direla erakutsi dute. Horregatik 9. eta 10. amaitzea ez da autoak zuenaren islada. Gainera, bi taldekideak elkarren artean haserre.

Gailtzaile: Williams

2016-australia-race_01Noraezean ibili da, eman beharreko aurrerapausoa ez dakit non gelditu den. Massak azken emaitza nolabait txukundu du bosgarren eginez, nahiko bakarrik egin duen lasterketan. Bottasek asteburu beltza izan du, atzo mantso gidatuz eta gaur pistan aurreraketak egiteko kamuts. Hirugarren urtea dute bi gidariek taldean eta ondo hasi zena okerrera da. Autoak ez du aurrera egiten eta gidariek agresibitatea falta dute. Vertsappen edo Palmer moduko gazte goseti bat behar dute.

Galtzaile: McLaren

Fernando Alonso puntuetan sartuta zebilen, baina puntu txikien postuetan. Istripu ikusgarriak hankaz gora bota du guztia, baina edozein kasutan agindutako hobekuntza txiki gelditu da. Lasterketan sailkatzean baino hobeto ibiliko zirela esana ziguten baina amaitu duen bakarrak, Buttonek, hasi baino atzerago amaitu du. Markatu dituzten denborak jarraitu ditut eta 2,5 segundu mantsoago izan dira gehienean. Txasia ere oso irristaka ikusi dut eta errua ez da Hondarena bakarrik.

Garaile nagusia: segurtasuna

2016-australia-alonso-race_03Esteban Gutierrezen eta Fernando Alonsoren istripuak oso itxura txarra zuen, batez ere espainiarraren autoaren egoera ikusita. Baina gertatu eta segundu gutxitara bere onez atera eta Gutierrezekin bostekoa ematen ikustea lasaigarria izan da, benetako saria. Gutierrezek balaztatzeko unean eginiko norabide aldaketa ez dut egoki ikusten, eta errua harena da, autoen telemetria ikusi gabe behintzat. Hori konfirmatuko balitz, mexikarrak zigor bat jaso beharko luke. Lehiatu gabe egon den urtean arauak ahaztu ditu?

2016-australia-race_sailkapena



Comments are closed.