Ferrarik sorpresa emango al du?

Denboraldi hasiera honetako galdera nagusia da. Ba al dago Ferrari Mercedesi aurre egiteko moduan? Aurre egin eta aurretik amaitzeko sasoian? Zaletuentzat eta 1 Formularentzat oso osasungarria litzateke azken urteetan Mercedesek izan duen nagusitasuna amaitzea. Alemaniarrek bi titulu lortu dituzte meritu guztiarekin, eta hirugarrena ere irabazten badute txalogarria izango da. Baina lehia beharrezkoa da 1 Formula erakargarri izan dadin. Mercedesek ez die aurkariei itxarongo. Ostera, aurkariak dira Mercedesengana gerturatu behar dutenak. Eta baliteke hori aurten gertatzea.

PA1858296.0036[1]Itzuli batera Ferrarik egin ditu neguko denbora onenak. Asko dira Australian italiarrenĀ pole bat espero dutenak. Bartzelonak bi denborarik azkarrenak haiek egin zituzten, eta Kimi Raikkonen izan zen lehena, Sebastian Vettel baino azkarragoa. Pneumatiko ultrabiguinak erabili zituzten horretarako, baina edozein kasutan Mercedesek ez du beldur hori ezkutatzen. Atzo bertan Lewis Hamiltonek prentsaurreko ofizialean adierazi zuenez, ez dira fio: “Uste dut haiek [Ferrarik] zerbait ezkutuan dutela mauka azpian. Aste honetan beraiek diotena baino askoz gertuago izango ditugulakoan nago. Isilpean, behe-behetik etorri dira, baina goi-goitik joan daitezke”.

Ferrari autoak sentipen positiboa zabaltzen du, ez dago zalantzarik. Iazko autoaren oinarri ona zeukan aurtengoa eraikitzeko, gorakada interesgarria gauzatzeko. Lortu dutela argi dago, autoa hobea delako. Hala erakusten dute Mercedesekiko Bartzelonan markatutako denborek. Eta garrantzitsuena: ez itzuli batera soilik, baizik eta lasterketa distantzian. Oso mediatikoa baita larunbateanĀ polea egitea, baina horrek ez du ezertarako balio. Puntuak igandean banatzen dira, guzti guztiak.

Uste dut Ferrarik zerbait ezkutuan daukala mauka azpian” Lewis Hamilton

Mercedeseko biei aurre egin diezaiekena Sebastian Vettel da gehienen ustez, baina Raikkonenek bere azken aukera izan dezake Ferrarin eta hura probestu nahi duela ematen du. Bartzelonan denborarik onena berea izan zen, eta tanda luzeetan ere aspaldiko sendotasuna ikus zitekeen. Finlandiarra beti da oso sentibera aurrealdeko trenarekin. Hain zuzen hori da aurten Ferrarik gehien garatu duen zatia. Horrek Vetteli ez dio abiadurarik kendu, eta Raikkonenek berreskuratu egin duela esan daiteke.

 

2016 Australia - Pole position apostua

2016 Australia – Pole position apostua

Apostu etxeak atzeratuta dabiltza beti joera aldaketetan. Mercedes eta haren gidari nagusi Lewis Hamilton daude apostu guztietan lehen postuan. Haren atzetik Rosberg dago, aukera erdiekin, eta hirugarren Vettel, sei aldiz gutxiagorekin. Raikkonen 16-1eko erlazioan dago. Hau da, inork apostu garailea egin nahi badu, egin dezala Ferrariko bien alde. Hori bai, gero ez hona etorri kontu eske…



Comments are closed.