AutoMoto und Sport aldezkari alemaniarrak zabaldu zuen albistea atzoko saio libreen ondoren: Ferrariren turboak arazo larria du. Italiarrek ezer onartu ez badute ere, seinale bat baino gehiago daude norabide berean. Abiapuntua Kimi Raikkonenek Australian izan zuen sutea da, ezohikoa bezain ikusgarria. Sua motoretik zetorren, aire sarreratik eta ihestututik ateratzen ari zela.
Atzo, Bahraingo saio libreetan, GPSak beste datu bat erakutsi zuen: zuzenguneetan, erdialdetik aurrera Ferrari autoak azeleratzeari uzten zion. Hau da, haren abiadurak ez zuen gora egiten espero daitekeen bezala. Horrek esan nahi du motorearen bultzada murriztu egin dela, horretarako arrazoirik ez dagoelarik.
Italiarrek motorearen elektronika guztia aldatu zuten atzo, oraindik bigarren lasterketa korritu ez denean. Ez da normala, urte osorako bost besterik ez dituztenean. Ferrarik turboarekin duen arazoa elektronikarekin eta haren softwarearekin konpontzea espero zuen, baina ez da nahikoa izan. Arazoa Europako lasterketetarako konpontzea espero dute, maiatzak 15ean Katalunian hasiko dena.
Ferrarik asko hobetu du aurten motorea, eta hori da Mercedesengana gerturatu izanaren arrazoi nagusia. Baina horretarako turboa txikitu egin du, presio altuagoekin lan egiteko ahalmena duena. Azken berrien arabera, turboak ez du nahikoa energia sortzen. Hau da, lehenago hustutzen da bateria, kargatzen dena baino.
Zuzenguneetan turboak bi funtzio ditu, bere ohikoaz gain (motorean sartzen den airea konprimitzea). Batetik, MGU-H unitatearen bidez energia elektrikoa baterian gordetzea (1). Bestetik, beti ere bateriak jaso dezakeena baino gehiago sortzen baldin badu, zuzenean MGU-K motorera bidal dezake, autoari bultzada gehigarria emateko (2).
Hondari iaz gertatu bezala, Ferrariren turboak aurten ez du nahikoa energia xurgatzen bateria kargatu eta MGU-Kra bidaltzeko. Zuzengunean bateria erabitlzen du MGU-K hornitzeko, baina bateria amaitzen denean, bultzada ere amaitu egiten da. Arazo hau konpontzeko turbo berri bat lantzen ari da Honeywell-ekin, oraindik aste batzuk behar dituena. Izan ere, konponketa zaila duen arazoa da, Hondak ondo dakien bezala. Itxuraz, Bartzelonako probetan ikusi zuen arazo hau lehenengoz Ferrarik, eta software bidez konpontzen saiatu ziren.
Turboari gehiago eskatu behar diote zuzengune osoan hark nahikoa energia berreskura dezan, biratzea abiadura handituz. Hori izan zen itxuraz Raikkonenen arazoa Australian, turboa birrinduz amaitu zuena. Hori berriro gerta ez dadin, Bahrainen kontserbakor ari dira, eta horrek argituko luke zuzengune erdialdera zergatik ez duten gehiago azeleratzen.