Audientziak behera

Beherantz doa, gelditu gabe. Azken zazpi urteetan, 1 Formulak ikusleen %33 galdu du kasik geldialdirik ez duen erorketa batean. Datu hauek 1 Formularen osasun egoera larria azpimarratzen dute, batez ere jakinik galdutako ikusle kopurua 200 milioikoa dela, horrek duen eragin zuzen eta zeharkakoarekin. Jarraian dagoen grafikoak argi erakusten du joera.

ikusle_kopurua

Datuok denboraldi osoan zehar hartutako datuak dira, eta ez lasterketa bakoitzaren bataz bestekoa. Bestetik, ikusle bat balekotzat jo ahal izateko, gutxienez ordu laurdenez egon behar izan du telebista bidez lasterketa jarraitzen. Oker ez banago, igandeko lasterketa bakarrik hartzen da kontuan, eta aipatu 15 minutuek jarraian ikusitakoak izan behar dute, eta ez gehitutako denbora gisa.

Ordainezko telebista iritsi arte

Azken hamar urteetan piskanaka 1 Formula dohaneko kateetatik ordainduzkoetara igaroz joan da, horretan Ecclestonek berak eragin handia izan duelarik. Hura iritsi arte, egoera bestelakoa zen.

TV-rights-revenue-table[1]Ikusi alboko taula. Sekulako hazkundea izan zuten telebista eskubideen diru sarrerek 2003tik aurrera. Urtero %10-%20 arteko igoera izan zuten, puntu gorena 2009an lortu zutelarik, Jenson Buttonek modu miragarrian BrawnGP taldearekin titulua lortu zuen urte hartan. Motoreen araudiak hamar bat urteko egonkortasuna izan ohi zuen, eta 1995an 3,0 V10 motoreak ezarri ostean, 2005ean 2,4 V8 motoreetara aldatu ziren. Urte oparoak izan ziren horiek, eta Espainian Alonsomania delakoarekin bat egin zuten, espainiarrak 2005 eta 2006 urteetan titulua lortu baitzuen. Horrez gain, Michael Schumacherrek jarraian lortuta zeramatzan tituluei amaiera eman zion Alonsoren titulu pareak.

Sailkatze saioa, egun ezagutzen dugun moduan, 2006an ezarri zuten, hiru saio motzetan banatzen dena: Q1, Q2 eta Q3. Kontuan hartzekoa da 1 Formularen garairik onenean sailkatze modu hori zegoela indarrean, eta emaitza onak eman zituela. Ulertezina da horregatik aurten sailkatze sistemaren inguruan egin dituzten esperimentu kopurua.

Ordainezko telebistak

Ez dago data zehatzik 1 Formula ordainezko telebistetara igaro zela esateko, herrialde bakoitzean abiadura desberdinean gertatu baita transizio hori. Azkenetarikoa Espainia izan da, nahiz eta iaz eskubideak movistar-ek zituen. Gero Antena 3 kateari saltzen zizkion, honek irekian emititu zezan. Aurten movistar bakarrik gelditu da 1 Formula emateko, eta hori ikusteko ordaintzea besterik ez dago. Ordaindu beharra eta Alonsoren azken urteetako emaitza txarrak elkartuta, Espainian 1 Formula ikuslegoa desagertzen ari da.

movistar-eko pailazoak

1 Formulari esker gizenduz

Aurtengo Australiako Sari Nagusian, adibidez, movistar bidez zuzenean ikusi zutenen kopurua 39.000koa izan zen, eta beste 40.000 izan ziren diferituan jarraitu zutenak. Aurreko urteetan, La Sexta eta Antena 3-en zifrak oso bestelakoak ziren: milioi bat eta hiru artean elkartzen ziren urteko lehen lasterketa jarraitzeko.

Normala da 1 Formula pertsona baten inguruan bakarrik kontatzen baldin bada, eta pertsona horrek huts egiten duenean. Espainian 1 Formularik ez da esistitu. Horren ordez “Fernando Alonso eta bere mirariak” kontatu dituzte, eta espainiarra ez den oro aurkari bilakatu zuten. Ez dute inoiz 1 Formula kultura bat zabaltzen erakutsi, eta horrek ondorio argia zuen.

Etorkizuna ordainezko telebistetan jarri nahi izan dute, baina zifrek ez dute laguntzen. Ecclestonek ez du dohan ikus daitekeen kirol bat nahi, horretarako ordaintzea nahi du. Geratzen zaigun itxaropena 1 Formulan agintaritza aldatu eta ideia berriak sartzea da. Internet garaian erabat zaharkitua egon da 1 Formula, eta ez du sare sozialen potentziala inoiz aprobetxatu. Horrek ere izan du eragina, zalantzarik gabe.

 



One response to “Audientziak behera”

  1. […] eta ordainezko kateetan bakarrik topa daiteke herrialde askotan (Euskal Herrian, kasu). Horrek ikusle kopuruaren beherakada eragin du, heren batean. Aro digitalean ere atzean gelditu da, bai teknologiatan (HD formatua berandu iritsi […]