Bahrain: eguneko irabazle eta galtzaileak

Nico Rosbergek irabazi du Bahraingo Sari Nagusia, Kimi Raikkonenen eta Lewis Hamiltonen aurretik. Alemaniarrak lasterketa erraza izan du, irteeran burua hartu eta lehen bihurguneko arazoetatik urrun mantendu delako. Williamseko bi autoek irteera bikaina izan dute eta Mercedesekoen itzalean jarri dira lehen bihurgunera iristean. Hortxe gertatu da Bottasen eta Hamiltonen arteko ukitua, azkenean biei negatiboki eragin diena.

Irabazle: Nico Rosberg

2016-bahrain-rosbergBi lasterketa eta bi garaipen. Arazorik gabeko urte hasiera izaten ari da Rosbergentzat. Gaur lasterketa kontrolpean izan du uneoro, soilik bigarren gurpil aldaketaren ondoren Raikkonen oso gertu izan du. Poleetan ez du Hamilton gainditzea lortu, eta hori izan daiteke guztia oraindik alde ez duela pentsatzeko faktore bat, baina bost garaipen daramatza jarraian iazko hiruak kontuan hartuta. Berrogeita hamar puntu eta lider sendoa da.

Irabazle: Romain Grosjean eta HAAS

2016-bahrain-grosjean-lasterketaAustraliako irabazle/galtzaile zerrenda itxura du honek, baina gaurkoan Grosjeanek egin duena sekulakoa da. Postu bat hobetu du aurreko marka, bosgarren amaitu baitu debuta egiten ari den talde batekin. Ferrariren laguntza handia dutela jar daiteke aitzakiatzat, baina Grosjeanen gidaketa txapela kentzeko modukoa da. Azkarraz gain, une erabakiorretan mugimendu gakoak egin ditu. Gaur, adibidez, pit geldialdia egin ostean Stoffel Vandoorneri aurrea hartu dio lehen bihurgunean, belgiarraren atzean denbora galtzea ekidinez.

Irabazle: Pascal Wehrlein eta Manor

2016-bahrain-wehrleinAlemaniar gaztea A1GP eta DTM txapelduna da, historiako gazteenaren errekorrarekin, gainera. Gaur horren zergatia erakutsi du berriro. Egiari zor, atzo bertan sailkatzean egindako balentria (16. egin zuen, atzean sei gidari utzita) ere gaur “irabazle” kategorian sailkatzeko beste motibo bat zen. Lasterketan Force India eta Sauber autoak aurreratu ditu, Segurtasun Autoaren abantailarik gabe, euririk gabe. Benetako lasterketa baldintzatan maila handikoa dela erakutsi badu, zer gerta daiteke loteria moduko lasterketa batean?

Irabazle: Stoffel Vandoorne

vandoorneAbisurik gabe debuta egitea ez da erraza, are gutxiago McLaren bezalako talde konplexu batean, autoak arazo asko dituenean. Belgiarrak puntu bat lortu du min hartua dagoen Fernando Alonsoren autoarekin, eta hala, McLarenek 2016 honetan duen lehen puntua lortu du. Buttonek ez du punturik hartu oraindik, oraingoan ERS huts batengatik. Vandoorneren kasua beste gidari handi baten antzekoa da: Sebastian Vettelek 2007an AEBetako Sari Nagusian Robert Kubica ordezkatu zuelako, eta puntu bat lortu zuen debutean. Ea ibilbide oparoa duen aurretik.

Galtzaile: Lewis Hamilton

2016-bahrain-hamilton-lasterketaLehen bihurguneko ukituaren errudun Valtteri Bottas ebatzi du FIAren komisario taldeak, nahiz eta errepikapenak ikusi ondoren, ez dudan horren argi ikusten. Lewis Hamiltonek atea irekia utzi du bihurgune barrualdean, ordura arte Rosberg beste nolabait aurreratzen saiatu delako. Barrualdera egin duenean, Bottas topatu du, finlandiarrak ate hori erabili nahi izan baitu. Edozein kasutan, Hamiltonek berriro irteera kaskarra izan du, eta horregatik amaitu du Williamsekoarekin lehian. Autoak kalteak izan ditu, ondoren behar bezala lehiatzen utzi ez diotenak.

Galtzaile: Ferrari

vlcsnap-2016-04-03-19h20m33s70Sendotasun arazoak ditu Ferrarik, ez dago zalantzarik. Australian Kimi Raikkonen eta Bahrainen Sebastian Vettel. Arrazoi berdinagatik? Ez dute zehaztu, baina ke laino batez inguratu aurretik, autoaren motoretik pieza bat ihes egiten ikus zitekeen. Atzo aipatu nuen turbo arazoa izan dezakeela taldeak aurtengo motorean. Informazio ofizialen zain, galdera hor utziko dut. HAASek motore berdina du eta ez dirudi hain larri dabiltzanik, baina gaur Gutierrezen erretiratzea argitzeke dute eta Bartzelonako probetan turboarekin arazorak izan zituztela onartu zuten.

Galtzaile: Force India

2016-bahrain-force_indiaHondoa jo du taldeak, iaz horren sendo amaitu eta gero. Bere historiako taldekako sailkapenik onenaren ostean, aurten oso ilun dabiltza. Duela bi urte Sergio Perezek podiumean amaitu zuen Bahrainen bertan, baina gaur 15. eta 16. bakarrik izan dira, Pascal Wehrleinen atzetik. Sailkatzean Nico Hulkenbergek 8. postua lortu zuen, eta autoak badauka zerbait, baina lasterketan ez dute asmatu, dela estrategiarekin, dela konfigurazioarekin.

Galtzaile: Williams

2016-bahrain-williams-lasterketaBi autoak puntuetan sartzea lortu du, baina lasterketa ahula osatu dute. Bottasek lehen bihurgunean esan dio agur postu on bat lortzeko aukerari, zigorra jaso duelako. Hala eta guztiz ere, Massak ez du abantaila hori baliatu eta honek ere atzera egin du, taldekidearen aurretik justu-justu amaituz. Williamsek ez zuen arrisku handirik hartu aurtengo autoarekin, aldaketa txiki batzuk aurrera egiteko aski izango zirelakoan. Gaur talde askok amaitu dute haien aurretik: Mercedes, Ferrari, RedBull, HAAS eta Toro Rosso. Beherantz doaz.

2016-bahrain-lasterketa-sailkapena



Comments are closed.