Nico Rosbergek urteko hirugarren garaipena lortu du Txinan, eta iazko denboraldi amaieran lortu zituen hiruekin batera, sei daramatza jarraian. Ez da gidaririk halako garaipen markarekin munduko txapeldun amaitu ez duenik. Irteeran eta lehen lau itzulietan definitu da gaurko lasterketa. Lehen bihurgunean Ricciardo izan da aurrenekoa, eta Kvyatek Vettel aurreratu du. Bion arteko ukitua ekidin nahian, Vettelek ezkerrera egin du, Raikkonen ukituz eta hura desorekatuz. Hor amaitu da Raikkonenen lasterketa, eta baita atzerago zegoen Hamiltonena ere, aurrekoen tupustak berari ere eragin diolako, aleroria hautsiz. Hirugarren itzulian Ricciardoren pneumatikoa lehertu izanak honen lasterekta zapuztu du ere. Hor hasi da benetako lasterketa.
Ez du ezer berezirik egin behar izan. Gelako bi indartsuenen arteko lehia da aurten, eta haietako batek huts egiten duenean, bestea aspertu egiten da. Halakoa izan da Nico Rosbergen asteburua. Hasi aurretik bazuen Hamiltonen bost postuko zigorraren berri. Larunbatean Hamiltonen motore arazoaren ostean (MGU-H unitatea izan zela jakin dugu gero), pole-rako ez zuen askorik behartu. Eta gaur, irteera ona egin ez badu ere, aurretik zuen gidari bakarrak arazoa izan du. Inguruko guztiek arazoak dituzte, baina Rosbergek ez. Hiru garaipen, 75 puntu, eta ukiezina. Aurten baino hobeto ez du izango.
Sailkatzea hobetu behar du, orain arteko hiruetan makal aritu baita. Baina lasterketan eraldatu egiten da. Sekulako aurreraketarik egin gabe, baina estrategiak bultzaturik, errusiarra beti agertzen da. Huts gutxi egiten ditu, baina erloju bat baino erregularragoa da. Sesbastian Vettelekin lehen bihurgunean oso agresibo aritu da, eta horri esker lortu omen du podiumean egotea. Datorren lasterketa Errusiako Sari Nagusia da eta ezin hobeto prestatu du horretarako giroa. Urteko lehen podiuma lortu du Red Bullentzat, eta lehiakortasuna berreskuratzen ari diren seinale izan da.
Ezin da argiago esan: ahazteko modukoa izan da asteburua Lewis Hamiltonentzat. Bere kontrolpean ez dauden gauzegatik ezin zaio ezer leporatu, baina haietaz haratago, bere maila oso ahula izan da. Irteeran aleroia galdu izana besteek eraginda izan bada ere, hor atzean aritzearen arriskuak aski ezagun izan behar zituen. Ondoren, lasterketan Kimi Raikkonenen atzetik aritu da uneoro, hura gainditu ezinda. Felipe Massaren postura iritsi direnean, ordea, hura gainditu ezinda gelditu da, oso itxura apala emanez. Atzetik etorri da Ricciardo eta guztiak gainditu ditu, Hamiltonen errendimenduaren inguruan galdera gehiago sortuz. Ez du txapelketa irabaz dezakeen itxura ematen.
Podiumean bigarren amaitu eta galtzaile? Bai, “izan zitekeenaren” galderarekin utziko baitu Vettelek Shanghai. Ferrarikoak ez zuen sailkatze ona osatu atzo, baina bagenekien lasterketa erritmo bikaina zuela. Lehen itzulian desagertu da galderaren erantzuna, Raikkonenekin ukitua izan ostean zortzigarren posturaino erori denean. Ukitu erabakior horren ardura Daniil Kvyati bota dio, baina nik bederen ez dut horren argi erantzulea nor ote den. Izatekotan, lasterketa istilu gisa bataiatuko nuke, komisarioek ebatzi duten bezala. Hortik aurrera sekulako lasterketa burutu du, autoak askoz gehiago zuela pentsatzeko modukoa. Bigarren amaitu du, bai, baina Rosbergengandik 37 segundura amaitzeak ez du pozik egoteko motiborik ematen.
Atzoko balentriaren ostean eta gaur lehen itzulia buruan osatu ostean, podiumean amaitzeko aukera handiak zituen Daniel Ricciardok, are gehiago Ferrariko bikotearen artean gertatutakoaren ondoren. Baina pneumatiko bat lehertu izanak ia azken posturaino eraman du, hemeretzigarren postuan baitzegoen laugarren itzulian. Hamilton baino bi postu aurrerago zegoen, baina bataren eta bestearen lasterketaren bilakaera erabat desberdina izan da. Ricciardok, Renault motorean egiten ari diren hobekuntzak medio, erasotu ahal izan du, tartean bi Williams autoak, Raikkonen eta Hamilton gaindituz. Vettelen kasuan bezala, gerta zitekeenaren zalantza geldituko da, baina Red Bull hobera doa.
Atzo Q2an Hulkenbergen gurpil galerak eragindako bandera gorriak benetako abiadura ezkutuan utzi zuela argudiatu zuten bai Alonso eta baita Buttonek ere. Gaur aukera izan dute benetako abiadura hori erakusteko, baina ez da inondik inora agertu. Lasterketaren lehen itzulietan, Alonso Segurtasun Auto tartean kanpoan gelditu denez, hirugarren postuan egon da zenbait itzuliz. Hortik aurrera behera egin du, pistan ez baitira oso erangikor izan, eta estrategia aldetik ere desegokia izan dela deritzot. Gauzak honela, hiru lasterketa igaro ostean, taldeak puntu bakarra du, erreserba gidariak lortutakoa, hain zuzen. Pentsatzeko modukoa.
Ez da askotan gertatzen den zerbait. Lasterketan gertatu diren istilu guztiekin, bada zerbait guzti guztiek amaitu izana. Eta ez hori bakarrik, azken gidariak itzuli bakarra galdu baitu buruarekiko. Batzutan Segurtasun Autoa lasterketaren amaiera aldera ateratzeak erraztu egiten du multzo osoa elkartea, baina gaurkoan Segurtasun Autoa zortzigarren itzuliaren amaieran sartu da boxetan. Kontuan izanda gainera Rosbergek bigarrenari 37 segundu atera dizkiola, Mercedesekoa kenduta beste guztien artean indarrak nola gerturatu diren ikustea txalogarria da.