Mercedes aurkarien aurrerapausoen jakitun

122715_MOTOR_Rosberg.vadapt.664.high.17[1]Circuit de Barcelona-Catalunya izango da beste behin Espainiako Sari Nagusiaren probalekua asteburu honetan. Talde eta gidari guztiek aski ezaguna duten zirkuitua da, neguan ehundaka itzuli ematen baitituzte han. Aurten, gainera, ez dute Bartzelonakoaz gaindi beste zirkuiturik zapaldu, Xerez, Valentzia edo Bahrein alde batera utzita. Ondorioz, autoek ez dute itzuli askoren beharrik ostiral eta larunbateko saio libreetan autoa punttuan jartzeko, tenperatura eta haize aldaketek behartuta ez baldin bada. Baina Bartzelona Europako lehen lasterketa da, denboraldiko bosgarrena, eta lehen berrikuntza multzo handia erabiltzen duten proba. Mercedes, orain arte ukiezin den taldea, aurkariek emango dituzten aurrerapausuen jakitun da, eta haiei aurre egin beharko diela daki.

Oraintxe da taldeen kokapena zehazteko unea” – Toto Wolff

Toto Wolff taldearen zuzendariak horren arriskuaz hitzegin du probari begira: “Datozen lasterketetan talde eta motore hornitzaile desberdinengandik aurrerakuntza handiak ikusiko ditugu, eta beraz, oraintxe da taldeen kokapena zehazteko unea. Bartzelona asteburu interesgarria izango da zentzu horretan, eta horregatik prest egon behar dugu”. Austriarrak ondo daki Mercedesen nagusitasuna ez dela egun batetik bestera desagertuko, autogileen sailkapenean dezenteko aldea daramatelako eta gidarien txapelketan taldeko biak lehen postuetan daudelako. Baina ezin da esan nahi bezain ongi atera zaiela guztia: “Alde batetik, zaila da gehiago eskatzea. Baina bestetik, ez da itsas barean emandako paseoa izan, arazoak izan baititugu. Gogor ari gara horiek konpontzeko lanean”.

Datorren urtean araudiak izango duen aldaketa sakonen aurretik, azken hiru urteetan nahiko egonkor mantendu direla-eta, aurkariekiko aldea murrizten ari dela uste du: “Gure aurkariak lepo atzean arnastuz nabari ditugu, euren helburuetan gelditu gabe lanean. Araudiak denbora luzez aldatu gabe diraunean, orduan eta zailagoa da prestazio gehigarria aurkitzea. Mugak zabalduz goaz lehiakor jarraitzen dugula ziurtatzeko, baina muga horiek bultzatzen badituzu, une bat iristen da non hain gainetik igarotzen zaren. Sendotasuna ahuldu gabe lanean ari gara milisegundu bakoitza bilatuz”.

19973[1]Taldearen kezka nagusia Lewis Hamiltonen inguruan sortu den atmosfera negatiboa da. Arazo asko izaten ari da egungo munduko txapelduna autoarekin, eta horrek bereziki Ingalaterran konspirazio teorien sua bizitu du. Nico Rosberg mesedetu eta Lewis Hamilton kaltetzen ari direla sinetsita dago zaletu asko, nahiz eta uste honek ez duen inolako funtsik. Aurreko asteburuan “ilargi-jo” deitu zituen halako ustea sare sozialetan zabaltzen ari zirenei. Edonola ere, teknikoki arazoa dutela daki, MGU-H unitatea birritan hautsi izana ez delako kasualitate hutsa. Paddy Lowe arduradun teknikoak lehentasuntzat dauka: “Gure lehentasun gorena MGU-H unitatean dugun arazoa konponduta etxeratzea da, azken bi lasterketetan arazoa errepikatu ostean. Taldea gau eta egun aritu da arazoa ulertu nahian eta akatsik gabeko asteburu garbia dugu helburu”. Hitz hauen artean ez dirudi arazoaren erroa atzeman dutenik, eta aurkarien hobekuntzak baino gehiago, Mercedes bere buruaren hutsek izutu beharko lukete.



Comments are closed.