Monako: eguneko irabazle eta galtzaileak

Eskerrak euria egin duen, horrek gatza eta piperra eman baitizkio gehienetan prozesio itxura duen lasterketari. Lewis Hamiltonek gauza asko lortu ditu gaurkoan. Gezurra badirudi ere, oraindik itzuli bakar bat buruan emateke zegoen, eta horixe lortu du gaur. Bestalde, urteko lehen garaipena du, seigarren lasterketan lortu duena. Lehen aldia da ere Rosbergen aurretik lasterketa bat amaitu duena. Txanponaren beste aldean Daniel Ricciardo dago, bigarren lasterketan jarraian.

Irabazle: Lewis Hamilton

2016-monako-hamilton-race_03Ezin zuen beste inork izan. Egoera zaila zegoenean agertu da, urteko lehen euripeko lasterketan, Mercedesek benetako aurkariak izan dituen lehen karreran. Ingelesak txikitu egin du gaur Rosberg, bien artean dagoen kalitate diferentzia agertuz. Lehorrean auto nagusia izatearen abantaila dute biek, baina itsaspena murriztu denean munduko txapeldunak bere balioa erakutsi du. Nabarmentzeko bi puntu Hamiltonen alde: bata, euritako pneumatikoekin nola egin dien aurre mixtoekin ari ziren beste guztiei, geldialdi bat gutxiago egitea ahalbidetu diona. Eta bestea, pneumatiko Ultrabiguinekin 47 itzuli osatu dituela, haiekin lasterketa amaiera arte iritsiz, eta tartean lasterketako itzuli azkar bat baino gehiago sinatuz.

Irabazle: Sergio Perez

2016-monako-perez-raceDenboraldia noraezean hasi zuen taldeak, iaz euren historiako urterik onena osatu eta gero. Baina Bartzelonan autoak berrikuntza sakona jaso zuen eta batez ere aurreko aleroiak eraldatu omen du autoa. Atzoko sailkatzean bi autoak Q3an sartu ondoren, gaur biak puntuetan sartzea lortu dute. Lasterketa aldrebesetan agertu ohi da Sergio Perez podiuma eginez, eta gaur ere halaxe egin du. Hiru urtean hirugarren podiuma du Force Indiarekin: Bahrainen 2014an, Errusian iaz eta Monakon aurten. Vettel izan du atzean zati handi batean, baina ondo eutsi dio.

Galtzaile: Daniel Ricciardo

2016-monako-ricciardo-raceBigarren aldiz jarraian, Red Bullek Daniel Ricciardoren lasterketa pikutara bota da. Australiarraren atsekabea agerikoa zen podiumean, eta baita irratiz ere, taldeak barkamena eskatu nahi izan dionean: “Gorde ezazue. Esan dezakezuen ezerk ez du egoera hobetuko, beraz gorde ezazue”. Ulertezina da Red Bullen hutsa, Bartzelonakoa baino larriagoa izan delako. Hamiltonek arriskatu egin du lehen geldialdia ekidinez, baina Ricciardok bigarrena egitean arazorik izan ez balu, erraz legoke Hamiltonen aurretik. Bi lasterketa, eta bietan lehen postuan zelarik taldearen hutsek garaipena eskuetatik kendu diote.

Galtzaile: Nico Rosberg

2016-monako-rosberg-raceAzken itzulian Nico Hulkenbergek helmuga marran bertan aurreratu izanak erakusten du Rosbergen lasterketa penagarria. Ez omen du gertatu den argitzeko modurik, ez baitaki zerk egin duen huts. Mercedesek galga arazoak aipatu baditu ere, Rosbergek ez die haiei erreferentziarik egin lasterketa amaierna, eta “egun txar bat” izan duela soilik aipatu du. Mercedesek eskatuta Hamiltoni pasatzen utzi dio, garaipena ezinezkoa zuelako, eta bien artean dagoen lehia ikusita, mugimendu horrek bere leialtasuna azpimarratzen du. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, taldearekin kontratu berritzea negoziatzen ari den honetan halako keinuak lagungarri baitira.

Galtzaile: Max Verstappen

2016-monako-verstappenBazen gidari bat, zeinak lasterketa bat irabazi zuen errekor guztiak hautsiz, eta hurrengo lasterketan, autoa hautsi eta hautsi aritu zen. Hiru egunetan hiru aldiz jo du hesia herbeheretarrak, bitan Blanchimont-en eta behin Piszinan. Ezin ahaztu iaz Romain Grosjean aurretik eraman zuela zuzengune nagusian, istripu bortitz bat jasanez. Gauza gutxi egin ditu ondo asteburu honetan Verstappenek, eta zer ikasi franko duela erakusteko balio izan du. Monako bezalako zirkuitu batean konfidantza ezinbestekoa da, eta batzutan Verstappenek adorearekin nahasten du hori. Konfidantzak zehaztasuna ematen du Monakon, baina horretatik gutxi agertu du. Kvyatek, bere lekua hartu duenaren hutsak aprobetxatu ordez, antzekoa egin du gaur Magnussenen gainera botaz.

Galtzaile: Sauber

2016-monako-nasr-ericsson-sauberSoldatak ordaindu ezinda dabilen talde batek ezin du gaurko ikuskizun penagarria eman. Azken postuetan galduta, puntuetatik urrun, eta taldeko aginduei muzin eginez. Felipe Nasr-ek Marcus Ericsson-i posizioa eman behar zion, taldeak hala aginduta. Baina brasildarra ez zegon erabaki horrekin ados eta muzin egin dio. Suediarrak, egoera honen aurrean, arazoa bere modura konpontzea erabaki du, eta hori La Rascasse bihurgunean abordaia bat egitea izan da. Ondorioz, bi autoak erretiratu egin dira, hain beharrean dagoen talde bati gerta dakiokeen okerrena gertatuz.

2016-monako-race



Comments are closed.