Ricciardoren pole-a hori baino gehiago da

Daniel Ricciardok aspalditik merezi zuen pole-a gaur lortu du. Azken urteetan bere doaiak erakutsi dituen Red Bull txasiari bere trebezia eta Renaulten azken motorearen eboluzioa gehitu dizkio bere lehen pole-rako bidean. Mercedes autoek baldintza normaletan galdu duten lehena da, iaz Singapurren ezusteko txakalaldia pairatu ostean. Red Bulleko australiarrak erraz gainditu du oraingoan Max Verstappen, honek hesia jo eta direkzioa hautsi baitu Q1 saioan. Azkena aterako da. Ricciardo, lehena ateratzeaz gain, biharko lasterketarako lana prestatua utzi du pole-a sinatu aurretik.

2016-monako-rosberg-ricciardo-hamilton-qualy“Ezbairik gabe toki berezia da” zioen Daniel Ricciardok pole-a lortzeko tokiaren inguruan. Aspalditik usaina hartua omen zuen: “Banekien asteburua zetorrenean helburu hori posible zela. Ostegunetik hasita itxura ona zuen. Buruan bueltaka nerabilen asteburua zetorren heinean. Eta Bartzelona ondoren, azken lasterketetan ere, ongi gidatzen ari nintzela banekien, baina ez nuela sari nahikorik jaso”. Bartzelonan eskura zuen garaipena, Ferrariren estrategiak taldea nahastu eta Max Verstappen lehenetsi zutenean.

“Noski, potentzia unitate eta hobekuntzen abantaila alde izan ditut. Guztia elkarrekin batera jarri dut behar zen unean. Sailkatzea osatuz eta osatuz zihoan, eta Q3an behar nuen itzulia emateko erritmoa aurkitu dut. Pozik nago. urte osoa ongi sailkatzen aritu naizela uste dut eta toki honetan beste edozeinetan baino gehiago nahi duzu postu hau, eta gaur lortu dut, beraz oso pozik nago”.

Lasterketarako erabaki gakoa

2016-monako-ricciardo-pole_02Ricciardok Q3a hasi aurretik lasterketarako lanak prest utziak zituen. Izan ere, Q3 saiora jauzi egiten dutenek ezin dute aukeratu lasterketa zein pneumatikorekin hasi. Ostera, Q2 saioan denbora onena egiteko erabilitako pneumatikoak gordetzen zaizkie, lasterketa horiekin hasteko. Normalean desabantaila izan ohi da hori guztientzat, pneumatiko erabiliak direlako batetik, eta itzuli bakarrerako aproposak badira ere (sailkatze saioak eskatzen duen moduan) lasterketarako oso iraupen laburra dute.

Pentsa daitekeen bezala, Q3ra igarotzeko larri dabilen gidari batek pneumatikorik azkarrenak erabiliko ditu, lehen hamarren artean sailkatzea lehenetsiz. Pneumatiko horiek, historian lehen aldiz Monakon erabili direnak gainera, Ultra Soft motakoak dira, kolore moredunak. Kolore horretako pneumatikoekin egin dute jauzi gidari guztiak Q3 saiora batek izan ezik. Eta hori Daniel Ricciardo izan da. Super Buiguinak diren kolore gorridunekin hirugarren denborarik onena egin du.

2016-monako-hamilton-qualyBeraz, bihar Ricciardok Ultra Biguinak baino iraunkorragoak diren Super Biguinekin hasiko du lasterketa, estrategikoki erabaki hobea dena. Horri gehitzen badiogu pole-tik hasiko dela, lehen bihurgunean buruan emanez gero guztia oso aldeko izango du. Lehen postu hori galduz gero ere, inguruko guztiek askoz lehenago gelditu beharko dute pneumatikoak aldatzera, eta australiarrak pistan jarraitu ahal izango du.

Hamiltonen bide traketsa eta Verstappenen kolpea

Lewis Hamiltonen denboraldi beltzak beste atal bat izan du gaur, Q3 saioan W06 autoaren motoreak arazoak eman baitizkio. Presaka boxetara eraman badute ere, handik atera eta itzuli on bat osatu arte hiru mantso eman behar izan ditu. Istilu hori gabe pole-a berea zela uste zuen, baina hirugarren postutik aterako da. Rosbergekin oso parekatua ibili da saio guztietan, eta alemaniarrak hartu dio aurrea.

2016-monako-verstappen-qualyAzken lasterketako garaileak arrakastaren laburtasuna dastatu ahal izan du, azken postutik aterako baita piszinako txikanean hesia jo eta autoaren direkzioa hautsi ostean. Bere lehen itzuli azkarra zen, eta denbora ona markatzen ari bazen ere, ez zuen Bartzelonan zuen lasaitasuna. Goizeko saioan ere hesien kontra jo du, konfidantza falta agertuz. Biharko txasi berria prestatuko diote, eta azken postuan egonda gutxi axola badu ere, boxetatik aterako da.

2016-monako-raikkonenKimi Raikkonenek ere nahi baino atzeragotik hasi beharko du, aldagailu berria erabili baitu. Garajeko kideak, Sebastian Vettelek, haserre amaitu du saioa, aurrera egin ordez atzera egin dutela kexu. Gehiago espero zuen Ferrarirengandik iaz Mercedesen aurkari nagusia izan ostean. McLarenek auto bat sartu du Q3an, Fernando Alonsori esker. Espainiarrak bi faktore izan ditu alde: batetik, Max Verstappenen erretiratzea, eta bestetik Hondaren motore berria.

Ustekabean oso sendo aritu dira Force Indiako bi mutilak. Nico Hulkenberg bosgarren izan da, bi Ferrari autoen artean sandwich moduan, eta Sergio Perez zortzigarren. Denbora bikaina halaber Carlos Sainzena, pole denboratik segundu batera.

2016-monako-qualy

 



Comments are closed.