Lewis Hamiltonek lortu du pole-a Austriako Red Bull Ring zirkuituan. Hori bakarrik ziurta daiteke sailkapen ofiziala ikusita, hortik atzera dauden postu guztiak desberdinak baitira. Nico Rosbergek egin du bigarren, baina seigarren irtengo da. Haren ordez beste Nico bat izango da Hamiltonen lerrokide bihar: Nico Hulkenberg. Laugarren Sebastian Vettel izan da, baina hau ere atzeragotik irtengo da. Gauzak horrela, hirugarren postuan nor topatuko eta… Jenson Button. Hankaz gora gelditu da sailkatzea gaur, euriari eta pianoei esker.
Zeresan eta lan handia eman dute asteburu honetan pianoek. FIA gero eta zorrotzago dago pistaren mugak errespetatzearen inguruan. Baina Sergio Perezek ondo adierazi duen bezala, gidariei esandakoak eta zigorrak ez dira aski, eta horregatik pista mugak gogortzeko erabakia hartu dute. Bartzelonako piano berdinak omen dira Austriakoak, baina egiten ari diren triskantza askoz ere handiagoa da. Atzo Max Verstappen izan zen haien lehen biktima, direkzio barra hautsi baitzuen. Ondoren aleroia ere hautsi zuen. Gaur goizean goizetik gertatu dira esekidura hausturak. Garrantzitsuena Nico Rosbegena izan da, modu ikusgarria atzeko ezker esekidura tolestu egin baitzaio, istripu handia eraginez. Horrek eragin du aldagailuaren haustura, eta berria jartzeagatik bost posturekin zigortu dute.
Sebastian Vettelek zigor berdina jaso du, baina honen kasuan asteburua hasi aurretik jakina zen arrazoi bategatik. Ferrarik Bakuko lasterketaren ondoren egindako azterketaren arabera, Vettelen aldagailuan metal hautsa topatu zuten, zerbait desegiten ari zen zeinu garbia dena. Hortik atera zuten aldagailu berria jartzeko erabakia.
Q1 saioan txapela kentzeko lana egin du Pascal Wehrleinek, sekulako denbora eginez. Atzean utzi ditu Sauberreko biak (azkenak izan dira hauek), Daniil Kvyat (istripua izan du pianoek esekidura hautsi ostean) Haryanto taldekidea, eta bi Renault autoak. Wehrleinen lorpena bezain aipagarria da Renault osatzen ari den denboraldi beltza. Lehendik jakina zen transizio denboraldia izango zela aurtengoa, baina transizioak goraka izan behar zuen, ez beheraka.
Alemaniarrak ezin izan du Q2ko langa gainditu, eta oso duin amaitu du 12. postuan. Saio honetan beste izen entzutetsuak utzi ditu kanpoan: Sergio Perez (esekidura haustura), Fernando Alonso (euriak harrapatu du espero ez zuenean), Carlos Sainz (motore haustura), eta Romain Grosjean. Ikustekoa izango zen Q3an zer egiteko gauza ote litzatekeen, batez ere euria agertu baita.
Euriak oso, oso ikusgarri bilakatu du Q3 saioa, pista lehortuz joan baita itzuliz itzuli. Lehen itzulietan gidariak tarteko euri pneumatikoak jarri dituzte, eta Nico Hulkenberg izan da lehorrerako pneumatikoak janzten ausartu den lehena. Haren denborek erakutsi dute pista lehortuz ari zela, eta hala, pole-aren jabea ia minuturo joan da aldatzen. Azkenean Lewis Hamiltonek lortu du, asteburu osoan zehar autoa prestatzeko arazoak izan baditu ere. Azken itzulia borobil osatu du eta Q2an bezala, bera izan da azkarrena. Espero zen mailatik behera aritu dena Vettel izan da, azken saioa arte Mercedesen aurkari serio izan baita.
Ferrarik eta Red Bullek badute biharko abantaila bat: Q2ko denborarik onena pneumatiko SuperBiguinekin lortu dute. Mercedesek, ordea, UltraBiguinak erabili ditu. Beraz, irteeran itzuli gutxi batzutan aldeko abantaila Mercedesekoek izango badute ere, lehen geldialdia oso goiz egin beharko dute, atzeko gidarien borrokan pistaratuz. Aldiz, Vettel, Raikkonen, Ricciardo eta Verstappen biziraupen luzeagoa duten pneumatikoekin ariko dira. Mantsoxeagoak izango dira lehen itzulietan, baina lasterketa garaipena eskuratzeko estrategia hobea izan daiteke.
Bestealde, ezin ahaztu Rosbergek eta Vettelek sailkapenean lortutako postuak baino atzeragotik aterako direla, eta Red Bull Ring aurreratzeko zirkuitu aproposa denez, haien prosgresioa gertutik jarraitzeko modukoa izango da. Nico Hulkenberg lehen lerrotik aterako da, eta Force India autoak azkenaldian izaten ari diren hobekuntza ikusita, honek ere izan dezake podiumetik gertu amaitzeko aukera, oraindik inoiz lortu ez duen zerbait.