Hamar minutu etorkizuna argitzeko

Belgikan hasi eta Italian argituz jarraitu zuen etorkizuna Singapurren zehaztu da. Aipatu nuen duela bi aste egoera laister argituko zela, eta albiste ez ofizialak astebete ingurura azaleratu ziren. Gaur ofizial egin dira, bata bestearen atzetik, hamar minutu eskaseko tartean. Motoreen dantzak eragin sakonak izan ditu, gidarien merkatua ere astindu baitu. Datorren urtean McLaren-Renault eta Toro Rosso-Honda izango dira bikote berriak. Carlos Sainz Renault-era doa. Renaultek Red Bullekin erlazioa amaitu nahi du 2018 abenduan. Eta bada gehiago. Gogorik baduzu, segi irakurtzen.

McLarenek Honda bota eta beste edozein motore hartzeko zuen gogoa aski ezaguna da. Pentsa, hala ere, laugarrena den motorearen ordez hirugarrena hartu duela (Mercedes eta Ferrari gainetik dauden adostasuna zabala da). Diru aldetik horrek dituen ondorioak ez dira makalak. Honda hornitzaile ofizial izateak abantailak zituen McLarenentzat: ingelesek ez dute libera bakar bat ordaindu mekanika japoniarrengatik. Horretan aurrezten zuena Alonsoren soldata ordaintzeko erabiltzen zutela esan izan da. Egia edo ez, argi dago motore batengatik milioika euro ordaintzen direla, 15 eta 25 artean. Hondarekin zuen kontratua hautsita, McLarenek japoniarrei ordaindu beharko die, zehaztu ez den kopuruan.

Dirua aurreztetik ordaindu behar izatera igaro da McLaren, baina puntu gehiago lortzen lagunduko badio, errentagarri atera dakioke azkenean. Ikustagun orain Toro Rossorekin gertatu dena. Hauek Renaultekin zuten kontratua hautsi behar izan dute. Hasiera batean italiarrek ez zuten kontratu hau amaitzeko asmorik, baina McLarenek behartu ditu horretara. Amaitzeko interesik ez zuena Renault da, eta horregatik diru ordainak eskatu ditu. Kopuru hori arintzeko Toro Rossok Carlos Sainz sartu du operazioan. Talde bat baino gehiago zebilen espainiarraren atzetik, eta Red Bullek ez zuen tokirik bere talde nagusian harentzat. Horrez gain, Toro Rosson hiru urte eman ostean, dagoeneko epeak agortzen ari ziren. Sainzek Red Bullen gidari izaten jarraituko du, Renaulti utzita ariko baita. Honek Pierre Gasly-ri 1 Formulara iristeko aukera emango lioke.

Karta trukea baino gehiago

Kanpotik motore elkartrukaketa dirudiena ez da hala izan, ikus daitekeenez. McLarenek Hondari ordaindu behar izan dio eta Toro Rossok Renaulti, bakoitzak hautsitako kontratuagatik. Kontua da horrek ez duela Alonsoren sinadura bermatu oraindik. Atzo zioen espainiarrak taldearen erabakia itxarongo zuela berea hartu aurretik, “leialtasun” hitza erabiliz. Gaur taldeak bere etorkizuna argitu badu ere, Alonsok adierazi du Renaultek datorren urterako dituen hobekuntzak ikusi nahi dituela lehenago. Beraz, oraindik badugu tarte baterako Alonsoren kulebroia.

Motore gaiak gehiago nahasteko, atzo aireratu zuten medio batzuk Renaultek ez duela Red Bullekin 2018a arte duen kontratua luzatu nahi. Datorren urterako ez dago eztabaidarik, baina hortik aurrera gerta daitekeenaren inguruan egoera ez dago argi. Batzuen ustez, Red Bullen jabe den Dietrich Mateschitz-ek behar zuen etekina atera dio 1 Formulari eta taldea salgai jar lezake. Porscheren izena asko entzun da asteotan, motore hornitzaile gisa Red Bullekin bikote ona egingo duelakoan. Baina alemaniarrak 2021ean bakarrik sartuko lirateke, motore berriekin batera. Red Bullek agur esango balu, Porschek talde osoa erosteko aukera legoke, baina 2021 arte ez luke motore propiorik. Tarte horretan Red Bullek Aston Martin izenarekin bataiatuko lituzke motoreak, nahiz eta beste etxe batenak izan. Hori utzi du agerian gaur Christian Hornerrek telebista kate ingeles bati eginiko adierazpenetan.

Carlos Sainz ere tartean sartu izanak gidarien merkatua irauli du. Talde nagusietan ez dago toki askorik, batez ere aurreko astean Mercedesek 2018rako Bottas konfirmatu zuenetik. Argi zegoen Renaulten eserleku bat libre izango zela, Jolyon Palmer-ek ez baitu beharrezko mailarik eman. Aurten Nico Hulkenberg taldekideak 34 puntu pilatu ditu orain arte, eta Palmerrek aldiz 0. Zorte eta sendotasun mekaniko kontuak alde batera utzita, Renaultek bigarren gidari sendoagoa behar zuen.

Orain arte bigarren eserleku horretarako Robert Kubica aipatu izan da, batez ere Renaultekin hiru proba saio egin dituelako aurten. Bana Valentzian eta Paul Ricard-en, 2012ko Lotus E20 autoarekin (V8 motorea) eta hirugarren bat Hungarian, egungo 1 Formula auto batekin eta egungo gidariez inguratuta. Poloniarraren esanetan bere eskuetan zegoen guztia egin zuen frantziarrak konbentzitzeko, baina Cyril Abiteboul-en esanetan proba horiek ez zituzten galdera guztiak erantzun. Carlos Sainzen albistea belarrondoko latza izan da Kubicarentzat, zalantzarik gabe.

Baina ate guztiak ez dira itxi, are gutxiago gaur bertan ikusi dugun txio honen ondotik:

Horixe, egungo munduko txapeldunak Kubica lagunduko omen du 1 Formulara itzul dadin. Zer nolako laguntza izango ote da? Zaila da aurrez jakitea, Rosbergek ez baitu halako politikari edo influencer famarik. Baina badago oraindik talde bat non bereziki datorren urterako lanean ari diren: Williams. Nico Rosbergek haiekin egin zuen debuta 2006an eta Mercedes motorea dute gaur egun. Felipe Massak erretiroa eskura du berriro ere, eta Kubicarekin haren hutsunea ondo bete dezakete. Ikuskizun dago poloniarraren benetako maila zein ote den, baina bere onena emateko gauza bada, Williamsek berriro gidari indartsua izango luke. Lance Strollek bertan jarraituko luke, diru iturri erakargarri gisa eta tarteka emaitza onak lortuaz.



Comments are closed.