Motore berriak hitz bakarrean: dezepzioa

Joan den asteartean Ross Brawnek zuzentzen duen taldeak 2021era begira 1 Formulak izango dituen motoreen berri eman zuen. Gaur egungoak 2014an sartu ziren lehian, eta hasieratik zaletuentzat atzerapausoa izan ziren. Soinua desagertu egin zen, 1 Formularen puntako maila erakusten duen ezaugarrietako bat. Berdeago bilakatu zituzten, ordura arteko KERSaren garapena sartuz. Pneumatiko eta erregaiaren kudeaketaz gain motorearen energia iturri desberdinena gehitu behar ziren. Teknikoegi bilakatu ziren zaletu askorentzat, ikuskizun ulergarria nahi dutenak. Pertsonalki, motore berriak izugarrizko lorpena iruditzen zaizkit, efizientzia maila pentsaezinak dituztelarik. Baina… soinu hori…

Eskaera hortxe zegoen eta 1 Formulak zein erantzun emango zuen zain ginen. Espero zen aldaketa ez da gauzatu, oso pausu txikia eman baitute. Abiadura erregimena 3.000 rpm-tan igo dute, eta MHU-H kendu. Zehatz mehatz hauexek dira argitaratu dituzten aldaketak:

  • 1.6 Litro, V6 Turbo Hibridoa
  • 3000rpm gehiago motorearen biratze abiaduran, soinua hobetzeko
  • Barneko diseinu parametroen nahitaezko balioak garapen kostuak mugatu eta diseinu erradikalak baztertzeko
  • MGUH kentzea
  • MGUK indartsuagoa, gidariak gehiago kontrolatuko duen emariarekin, eta horrez gain itzuli batzutan pilatzen joan joateko aukera, lasterketa taktikoa prestatzeko aukera emanez
  • Turbo bakarra neurri eta pisuan mugak jarriz
  • Energia gordailu eta kontrol elektronika elementu estandarrak
  • Motorearen kanpo diseinuan muga maila altua, motore/txasi/transmisio elementuak erraz trukagarriak izan daitezen
  • Erregai araudia estutzeko eta erabilgarri diren erregai moten murrizpena

Bederatzi puntu, baina ondorio nagusi gutxi. Aldaketok motoregile berriak erakartzea bazuen helburu, gutxi lortu du. Audik eta Porschek orain arte konplexuegi izatea leporatu diote 1 Formulari, eta kanpotik etorrita lehiakorra den motore bat eraikitzeak dituen zailtasunak azpimarratzen zituzten. Honda horren adibide garbia da. Baina aldaketok ez dute lana nabarmen erraztu. Eta bestetik dagoeneko barruan daudenak daude. Mercedeseko Toto Wolffek esan du hau ez dela onargarria, hasierako puntu bat baizik. Hau da, inor ez du gustura utzi jakinarazi berri duten ereduak.

Erantzunik gogorrena Ferrarik eman du, arau aldaketak bere helbueruetarako balekoak ez badira 1 Formula utziko duela ohartaraziz. Historia errepikatu egiten da…



Comments are closed.