Liberty Mediak ezarri dituen aldaketetako bat ordutegiarena izan da. Hala, saio guztien hasiera ordubetez atzeratu dute, eta horregatik FP3 saioa eguerdiko hamabietan hasi da. Ohi baino hotzago eta lainotuago dago Bartzelona, urte sasoi honetarako.
Berandu irten dira horrez gain pistara gidariak. Lehen minutuetan Brendon Hartley soilik aritu da itzuliak pilatzen, eta atzoko egunaren aldean aurrerapausoa eman du. Orokorrean Pierre Gaslyk erraz gainditu du aurten Hartley, eta egoerari buelta ez badio ematen, Nirei Fukuzumi japoniarrak Hondaren babesa aski luke haren tokia hartzeko.
Saioak aurrera egin ahala, beste oilarrak ere atera dira eta irudia osatuz joan da. Ferrari eta Mercedes oso parekatuta daude, nahiz eta atzo Hamiltonek zioen italiarrak itxurakeriatan aritu zirela. Gaur ez dute ezer ezkutatu eta berdinduta agertu dira. Red Bull ez da gauza izan haiengana gerturatzeko, segundu bat baino gehiago bidean utzi dutelarik.
Ia Red Bullen pareko ibili direnak McLaren autoak izan dira. Mutur berria emaitza ona ematen ari zaie, eta horri gehitzen bazaio Verstappenek saio zail1a izan duela, Alonso urtean lehen aldiz Q3an sartzeko aukera erreala da.
Saioaren amaieran Brendon Hartleyk bere egoera are gehiago okertu du, autoa txikitu duen istripua eraginez. Australiarrak belarra zapaldu du bederatzigarren bihurgunerako sarreran eta atzealdeak ihes egin dio. Babesen aurka bortizki jo du, dirutza balio duen triskantza eraginez, unerik txarrenean.
Mercedesek autoaren aerodinamika ondo doitua duela erakutsiz amaitu du saioa, lehen bi postuak hartuz.