Force Indiaren krisi ekonomikoak iraultza eragin du abuztu amaiera honetan. Taldearen egoera larria zela ikusita, Sergio Perezek administratzaile baten esku jartzea eskatu zuen salaketa baten bidez. Mexikarraren arabera, taldeko 400 lanpostuak salbatzeko egin zuen ekintza hori, Hungariako Sari Nagusiaren bezperatan. Kirol arloan, taldearen etorkizuna bezala, asteburu eskasa gertatu zen hura. Administratzailearen lana taldearen kudeaketa hartu eta haren etorkizuna segurtatuko lukeen erosle bat bilatzea da.
Gerora jakin dugunez, hiruzpalau taldek erakutsi zuten interesa, baina Lawrence Stroll kanadiarra buru duen enpresa talde bat izan zen Force Indiaren jabe bezala gailendu zena. Ez pentsa kontu hau ere itxi denik oraindik, horrek argitzen baitu izen aldaketa eta puntuen inguruan sortu den zurrunbilo guztia. Horren gorabeherak jakin nahi dituenak beherago topatu ditu nondik norakoak.
Izan ere, sarrera honi izena ematen dion arlora garamatza honek: gidari dantzara. LanceStrollek ostegunean FIAren prentsaurrekoan hartu zuen parte, eta han kazetari batek galdetu zion datorren urterako zein zen bere lekua: “Ikusiko dugu nire aitak zer erabakitzen duen nire inguruan. Tipo jatorra da. Nik uste berarekin eramango nauela”. Inork ez du zalantzan jartzen datorren urtean Force Indian izango denik. Baina asteburuak aurrera egin duen moduan, mugimendu hori urtea amaitu aurretik gerta daitekeen itxura sendotuz doa.
Aldaketa hori Italiako Sari Nagusian bertan gerta daiteke, hau da, datorren asteburuan. Bihar Belgikako Sari Nagusia Williamsen koloreetan korritu dezake eta lau egun geroago Italian Force Indiaren erroparekin agertu. Beraz, Williamsen gidari eserlektu bat libratuko litzateke eta Force Indian gidarietako batek galdu egingo luke berea. Hasteko, Williamsen Robert Kubicaren itzulera eragingo luke Strollen ihesak (horixe baita hitza).
Eta zergatik hori? Urte hasieran Robert Kubica Williamseko gidari izatear egon zen, baina azkenean postu hori Sergei Sirotkinek irabazi zion. Hala ere, poloniarrak sinatu zuen kontratuan klausula bat zegoen, non gidari ofizialetako batek ez balu gidatuko, automatikoki berarentzat litzateke postu hori. Hori gertatu da, eta horregatik Force Indiako postua galduko duen Esteban Oconek ez du aldaketa kontrako zentzuan gauzatuko.
Baina hori ez da bidaiaren amaiera frantziarrarentzat. Ocon duela bi urte arte Renaulteko erreserba gidaria zen, baina 2014tik Mercedesen gidari gazteen programako kidea da. Hau da, Mercedesek -eta bereziki Toto Wolffek- gidatu dute haren ibilibdea, beste taldeekin fitxatu badu ere. Force Indian egotea Mercedes motoreei esker izan da neurri handi batean, eta horregatik logikoa zirudien Williamsen jarraitzea. Baina han lekurik ez dagoenez, Wolffek beste taldeetan bilatu dio aukera… eta badirudi zerbait gauzatzen ari dela. Non? Segi irakurtzen.
Litekeena da datorren lasterketa Esteban Oconek McLarenen korritzea. Han Stoffel Vandoorne gizajoaren autoa hartuko luke, Fernando Alonsoren alboan gidatzeko. Botere asko duen norbaitek bakarrik eragin dezake halako saltsa, eta Wolff hori egiteko gauza da. Vandoornek urte lazgarria darama, beregatik baino gehiago MCL33 autoaren ahuldade nabarmenengatik. Kontua da belgikarra nahigabeko biktima dela Force Indiak hasitako nahaste honetan guztian.
Duela bospasei egun arte Sahara Force India zen taldearen izen ofiziala eta lizentzia indiarrarekin lehiatzen ari zen.
Jarraituko du…