Bottasek aspaldi abisatu zuen

Valtteri Bottasek erraz lortu du polea eta bide batez zirkuituko errekorra ezarri du Bartzelonan. Mercedesekoak bere sasoi indartsuan darrai eta Hamiltonen hutsak bidea erraztu dio urteko hirugarren pole-a lortzeko, hiruak jarraian gainera. Ferrarik bere gabeziak erakutsi ditu, Mercedes autoengandik oso urrun amaitu baitute Vettelek eta Leclercek. Bien artean Max Verstappen sartu da, baina pole denboratik segundu batera. Haas autoek denboraldi aurrean erakutsi zuten maila ona berreskuratu dute hemen, eta laugarren lerroaz jabetu dira.

Q1 saioa

Espero baino lainotuago hasi da sailkatze saioa, eguna eguzkitsu esnatu ondoren. Nico Hulkenbergek Renaulten arazoen biktima izan da, pistatik irten eta aurreko aleroia kaltetuta. Ferrarikoak izan dira denbora serioak markatzen lehenak, Leclerc Vettelen aurretik. Verstappenek ia segundu erdiz hobetu du monakoarraren denbora, orain arte egokitzeko lanak izan badituzte ere. Bottasek gutxigatik hobetu du Red Bullekoaren denbora, ez ordea Hamiltonek, hirugarren gelditu delarik. Baina Q1 saioan garrantzitsua atzean jokatzen da, eta hor Williamsen hobekuntza aipatu behar da. Zuloan darraitelarik ere, autoak aurrerapausoa eman du, Russellek mozketa denboratik segundu erdi eskasera amaitu baitu. Hulkenbergek garesti ordaindu du bere pista irteera eta itzuli bada ere, denbora kaskarra eginda kanpoan gelditu da. Ricciardo ozta-ozta gainditu du mozketa, eta Renaultek majo egin beharko du lan gainbehera gelditzeko.

Kanporatuak: Hulkenberg, Stroll, Giovinazzi, Russell eta Kubica.

Aipagarria da lau talde desberdin daudela kanporatuen artean.

Q2 saioa

Mercedesek FP3an agertutako nagusitasuna Q2an erakutsi du berriro, Ferrari ez baita gauza izan haien denborara gerturatzeko. Itxuraz, Ferrariren aurkaria gehiago izango da Red Bull, eta gutxiago Mercedes. Italiarrek urte hasieran zuten auto abantailari ez diote etekina atera eta ez dira gauza galdutako abiadura berreskuratzeko. Pistak hobera egin du Q2 saioan, tenperatura igotzen joan baita eguzkia agertu den heinean. Horrek eragin du Bottasek zirkuituko errekorra hautsi izana, eta 1:16tik jaisten bakarra izan da gainera. Hamiltonek oso gertutik jarraitu du baina Ferrari autoak 0,7 segundura gelditu dira. Aipagarria gidari askok egindako hutsak, haien artean Carlos Sainz eta Alex Albon, hain estu dagoen erdialdeko lehian biak ere, Q3tik kanpo utzi dituztenak. Horri esker Ricciardok aurrera egin du, Q1eko denbora segundu baino gehiago hobetuz.

Kanporatuak: Norris, Albon, Sainz, Raikkonen eta Perez.

Q3 saioa

Mercedes izan da lehena denbora markatzen, Hamilton goiz bidalita. Bere Q2ko denbora berbera egin du, baina Bottasek erraz gainditu du. Vettel 0,86 segundura gelditu da lehen ahalegin horretan, eta Verstappen segundu batera. Red Bullek ere asteburu zail baten segida izan du Q3an, gertuago baituzte atzetik Haas-ekoak, aurretik Mercedesekoak baino. Hamiltonek huts bat egin du bere itzulian eta bigarren saiakerarako utzi ditu pole-a lortzeko indarrak. Lehen sektorea da Ferrarik min egin dion bakarra, bigarren eta hirugarrena guztiz Mercedesenak baitira.

Pista gehiegi berotu da bigarren ahaleginerako eta inork ez du hobetu. Hala, Verstappenek aurrea hartu dio Leclercen bigarren Ferrariari eta Bottasek alde handiarekin lortu du polea.

 



Comments are closed.