Espainiako Sari Nagusiaren etorkizunaz

Aurtengoa 29. aldia izango da 1 Formula Bartzelonako zirkuituan ariko dena. Zirkuituak izen desberdina izan du urteetan zehar (Montmelo, Catalunya, Barcelona-Catalunya) eta trazatuak ere izan du garapenik, baina etenik gabe 1991ean Jerez ordezkatu zuenetik Espainiko Sari Nagusia bertan ospatu da. Orain arteko kontratu guztiak Bernie Ecclestoneren agintaritzapean negoziatu zituzten, eta nahiko erraz itxi gainera.

Duela bi urte Liberty Media-k 1 Formula erosi zuenetik beste itxura bat emateko asmo irmoa erakutsi du. Denboraldiaren egutegia erreminta oso indartsua da komertzialki, produktua zein merkatutan indartu eta zeinetara gerturatzeko orduan tresna baita. Egutegia tresna aldakorra da, unean uneko efektuek ere eragiten dutena. Horregatik Alonsoren garaian Europako Sari Nagusia Valentzian ospatu zen, eta Schumacherren garaian bi lasterketa egin ohi ziren Alemanian.

Orain 1 Formulako ume polita Jos Verstappen da, eta Herbeheretan bultzada handia du. Hori dela eta Zandvoort-eko zirkuituaren aldeko kanpaina hasi zuten bertan duela urtebete. Zirkuitu hori 1 Formularako aproposa den edo ez beste kontu bat da, kezka hori gutxitan izaten baitute lasterketa promotoreek.

Chase Carey, Liberty Mediak 1 Formularako aukeratu zuen arduradunak, argi esan zuen martxoan zer gertatuko den hemendik aurrera: “Egungo bi lasterketaren kontratua berritzeko negoziaketak oso aurreratuta daude, eta beste hirurenak martxan dauzkagu. Baina matematikak argiak dira eta ezingo ditugu egungo lasterketa guztien kontratuak berritu”.

Horrek alarma sortu zuen Katalunian, zirkuituak 1 Formularekin duen kontratua 2020an amaitzen baita. Hau da, aurtengoa izan daiteke azken 1 Formula lasterketa akordiorik topatzen ez bada. Vicenc Aguilera da zirkuituko presidentea, eta atzo egindako adierazpenetan akordioa %90ean egina dagoela zioen. Bere esanetan akordioa bi mailatan gauzatu behar du; batetik etxe barruan, akziodunen artean; eta bestetik kanpora begira, Liberty Mediarekin.

Daukan arriskua kanpotik datorrena da, ez horrenbeste inguruko beste lasterketena. Izan ere, Bartzelonaz gain ez dira zirkuitu asko FIAren 1. gradu kategoria dutenak, 1 Formula lasterketak ospatzeko beharrezko dena. Horien artean leudeko Jerez, Valentzia edo Estoril, baina haietako batek ere ez du interes argirik erakutsi. Madrilgo zirkuitu urbano baten hotsak entzun dira, baina ez dago ezer zehatzik eta ez litzateke epe laburrerako zerbait.

Azken finean, diru kontutara mugatuko da eztabaida neurri handi batean. Gaur egun, lasterketa ospatzeko kontratua eta lasterketaren beraren kostuak gehituta, 16 milioi euro inguru behar dira. Ecclestonek bere nahierara moldatzen zituen kopuru horiek, batzuri eta besteri eskaintza bereziak edo prezio galaktikoak eskatuz. Liberty Mediak bestela jokatu nahi du, eta ez du “lasterketa historikoen” taldea ukitzeko beldurrik. Historikoki Europarra izan den egutegia aspalditik zabaldu da gainerako herrialdeetara, eta argi esan dute egutegian ez dagoela lasterketa finkorik Monako izan ezik.



Comments are closed.