Ostiralean McLaren izan zen nagusi, bi saioetan Lando Norris izan baitzen azkarrena. Gaur, ordea, eguneko bi saioetan norbaitek aurrea hartu dio. Goizean, FP3an, George Russellek. Iluntzean, sailkatzean, Max Verstappenek. “Atzean utzi nahi nuen gidari bakarrak irabazi dit” zioen britainiarrak. Lasterketa horrela amaituz gero, titulua McLarenekoarentzat litzateke, baina pole-a Verstappenek eraman du, eta hori bada zerbaiten seinale.
Iaz Lando Norrisek pole-a markatzeko egin zuen denbora 1’22.595 izan zen, eta Max Verstappen seigarren izan zen 1’22.945ko denborarekin. Hamabi hilabete aurrera egin, eta Red Bulleko gidariak 1’22.207eko denborarekin guztiak utzi ditu atzean. Hala ere, ez da zirkuituko errekorra hobetzeko aski izan, 2021ean 1’22.109 egin baitzuen.
Baina gaur beldur pixka bat sartu die McLarenen jarraitzaileei. Atzo ez zirudien pole honetarako abiadura zuenik, baina goizean goizetik atzeko aleroiaren karga jaitsiz joan dira eta horrek eman dio pole-rako laguntza.

Tira, horrek eta Yuki Tsunodak. Japoniarrak, Red Bullentzat korrituko duen azken lasterketan, Q3 saiora igarotzea lortu du, eta taldeak hori baliatu du Verstappeni bere arrastoa eskaintzeko. Bigarren sektorearen amaieran izan da, 8 eta 9 bihurguneen artean. Baten onerako, bestearen kalterako. Izan ere, Tsunodak ezin izan baitu itzulirik osatu Q3an eta 10. izan da, denborarik gabe.

Verstappenek irabazteko nahitaezkoa du Norrisek hutsegitea. Piastri atzetik duenez, bere ardura bakarra Norris izango da. Hura urduritzeko estrategia larunbatean hasten da, pole-a bereganatuz. Horrek lasterketan etekina emango ote dion ikuskizun dago, baina Verstappenek polea lortzen duen lasterketa gutxi galtzen baititu. Orain arte, lortu dituen 47 pole-etatik 35etan irabazi du.

Zak Brown-en esanetan, Red Bullek polea lehenetsi du horretarako autoa finduz. Baina datuek bestela diote: hamasei aldiz lehiatu dira 1 Formula autoak Adu Dhabin, eta hamaika aldiz irabazi du pole-an zen gidariak. Azken hamar urteetan, horixe gertatu da. Beraz, Verstappenek irabazteko boleto asko ditu.
Pole-an ateratzeak beste abantaila bat du: lehen bihurguneko ‘mele’tik urrun egotea. Lehen bihurguneraino dagoen distantzia laburra da, 305 metrokoa. Beraz pole-aren jabeak normalean baino arrisku gutxiago du lehen tokia galtzeko, eta gerta daitezkeen istripuetatik salbu egoteko. Norris ere ez dago gaizki kokatua, baina pistaren alde zikinetik aterata, Piastrik aurrea hartzeko arrisku gehiago dauka. Haien atzetik George Russell irtengo da, baina Mercedeseko Toto Wolff-ek lehiatik kanpo egongo direla aurreratu du, hartan eragin gabe.

Honetan guztian aukera gutxien duena Piastri da. Duela gutxi arte txapelketako buru zenak indarra galdu zuen udan. Zer demontretan pasa ote zuen uda australiarrak? Erabat galduta itzuli zen oporretatik eta oraintxe hasi da bere maila berreskuratzen. Beranduegi, baina. Nahiz eta Abu Dhabira hiru gidarik irabazteko aukerarekin iritsi ziren hartan hirugarren izan zenak irabazi zuen (Vettel, 2010), zailagoa dirudi aurten. Batez ere McLarenek argitu duelako Piastrik taldelana jokatu beharko duela egoerak hori eskatzen badu.

