2026ko 1 formularen inguruan, hausnarketa

Dagoeneko hiru lasterketa amaitu dira arautegi berriaren arabera. Ero batzuen agintepean dagoen mundu honen egoera medio, Bahrain eta Saudi Arabiako lasterketak ez dira korrituko, eta bost asteko epea ireki zaigu Miamiko lasterketa arte. Hura ez dute bertan behera utziko, Errusiakoarekin egin zuten bezala, Ukrainiaren inbasioa zela eta. Antza, Venezuela, Iran eta beste hainbeste herrialdetan inork eskatu gabe sartzea ez ei da gauza bera. Liberty Media ere amerikarra izateak eragina izan dezake.

Gune honen ardatza 1 Formula denez, eta teknologia gustuko dugunez, horri eutsiko diogu. Teknologian bolante-kolpea eman dute, berria-ko artikuluan agertu nuen bezala. Orain artekoa ikusita, balantzea tristea eta negatiboa izan dela ondorioztatzen dut.

Japonia adibidetzat

Bai aurten, eta baita iaz ere, Suzukan lehiatu ziren autoak. Max Verstappen-ek lortu zuen iazko pole-a, eta Kimi Antonelli-k aurtengoa. Baina itzuliak gidari berdinaren gainean alderatzeko, har dezagun Verstappen adibidetzat. Aldez aurretik, datuak GP-Tempo webgune bikainetik hartu ditudala esan behar dut.

Lehen irakurketa: aurtengo itzulia 3.279 segundu mantsoagoa izan da. Han 2 Formulak lehiatzen ez badira ere, Super Formula kategoria dute, pareko prestazioekin. Auto horiek 1:36 denboratan dabiltza. Ez dago askoz gehiago sakondu beharrik. Asko mantsotu da 1 Formula.

Bigarren irakurketa: lehen azelerazio fasean bakarrik dira azkarragoak 2026ko autoak. Eskuinean agertzen den mapak erakusten du, urdinezko tramoetan 2026ko autoa 2025ekoa baino azkarragoa dela. Bateriak ematen duen bultzadari esker azelerazio maila izugarria dute aurtengo autoek, baina hura amaitzean, komeriak hasten dira.

Hirugarren irakurketa: Clipping edo Super-Clipping hasten denean, ez dago trukorik. Konbustio motorea etengabe bultzada entregatzen ari bada ere, energia elektrikoa xahutzen denean autoek bapateko gainbehera pairatzen dute. Iaz, autoak mugarik gabe jarraitzen zuen energia ematen, bihurguneak frenatzera behartzen zuen arte.

Grafiko hori izugarri esanguratsua da… eta izugarri etsigarria. 2026ko autoen azelerazioa hain da handia, berehala abiadura punta harrapatzen dutela. Ia kasu guztietan, punta abidura zuzengunearen erdian harrapatzen dute, eta hortik aurrera erregaia agortzen zaion hegazkin baten modura, mantsotuz hasten da. Ondorioz, balaztatze gunera geldotuz heltzen da.

Beste ondorio bat (laugarrena): aurreratzeak zailagoak dira balaztatzean, askoz ere distantzia laburragoa delako. Izan ere, aurreraketa gehienak zuzengunean gertatu dira, auto batzuen eta besteen arteko energia ekarpen desberdinagatik.

Bosgarren irakurketa: bihurgune ikonikoak, ez dira hain ikoniko. Lehen bihurgunera iristeko abiadura 303 km/o.koa izan da aurten, iazko 320 km/o.en aldean.

Hairpin bihurgunera: 263 vs 230 km/o.

Spoon bihurgunera: 301 vs 261 km/o.

Casio triangle txikanera: 300 vs 271 km/o.

Ez dago konponbide erraz eta are gutxiago bapatekorik. Egin diezaiogun galde geure buruari aukera edo itxurazko soluzio posibleen artean:

Bateria edukiera handitu

Gaur egun 4 MJ (Mega Joule) gorde ditzakete bateriek. Edukiera handituz gero, bateriaren ekarpenak gehiago iraungo luke eta zuzengune amaieratara abiadura handiagoarekin iritsiko litzateke. Baina arazoa ez da horrenbeste edukiera, nekez betetzen baitira 4 MJ-ak itzuli batean. Zirkuituek balaztatzetik energia guztia xurgatuz gero, 6,5 eta 3,0 MJ artean berreskura ditzateke itzuli oso batean. Gainera FIAk berreskuratze muga ezartzen du zirkuitu bakoitzean (8 eta 9 MJ artean mugitu da orain arte). Beraz, arazoa ez da bateriaren edukiera, baizik eta hura nola betetzea!

Zirkuituen araberako faseak erakusten ditu hemen beheko txioak. Ikusi nola Italian apenas dagoen balaztatzerik (%11,6), eta itzuliaren denborarik gehinean azeleragailua topera zapaltzen den (%77,6). Labur esanda, balaztatzen denean bateria kargatzen da, eta azeleratzen denean, hustu.

Emaitza: 👎

Bateria erabilera gutxitu, motorearen ekarpena handitu

Teorian, neurri honek iazko autoen konfigurazio bateruntz eramango gintuzke. Hori, fundamentalki, 1 Formularen estrategia berriaren aurka joango litzateke. Horrek ezinezko bilakatzen du zuzenean, 1 Formulak bere estrategia okerra izan dela onartzea bailitzateke.

Baina ikuspegi tekniko batetik ikusita ere, arazoa ez litzateke guztiz konponduko. Energia elektrikoa desagertzean konbustio motoreak jarraituko luke bakarrik. Gogora dezagun energia elektrikoa 500 zaldi ingurukoa dela, eta hura desagertzeak, beti izango luke eragin handia. Agian abiadura galera ez litzateke horren nabaria, 300 km/o.tik gora potentzia berdinak gero eta abiadura gutxiago ematen baitu, baina edonola ere, bultzada galera oso adierazgarria litzateke.

Emaitza: 👎

Potentzia elektrikoa gutxitu