Maria de Villota, Felipe Massa, Henry Surtees, Justin Wilson, Jules Bianchi… Azken aldian auto lasterketetan gertatu diren istripurik larrienek burua izan dute elementu kritiko gisa. Gidari batek agerian duen zati bakarra da burua, gorputzaren gainerako atalak babestuta baitaude auto barruan mantentzen diren bitartean. Eskuak eta besoak lirateke autotik atera daitezkeen beste atalak, baina nahita ateratzea ere zaila da. Hortaz, ondoriozta daiteke autoaren barrualdea gune segurua bilakatu dutela segurtasun mailan egin diren aurrerapausuek.
Arrisku nagusia, beraz, kanpoko objektu batek burua kolpatzen duenean gertatzen da. Gurpilak izan dira kasu askotan horren erantzule, nahiz eta haiek autoari lotuta mantentzeko altzairuzko kableak erabiltzen diren azken hamarkada hauetan. Hauek gurpilaren mangeta eusten diote txasiari, ez gurpila bera. Adibidez, gaizki lotuta dagoen gurpil bat ez du kable horrek inoiz eutsiko. Horrez gain, istripuaren energiaren arabera, kable hauek haustera irits daitezke, gurpila eta mangeta multzoak ihes eginez. Galga diskoa eta beste elementu batzuk bertan daudenez, 25 kg inguruko objektu astun bilakatzen da, arriskutsua guztiz. Gidariez gain, pistan laguntzen ari ohi diren komisarioak ere harrapatu ditu behin baino gehiagotan.
Baina gurpilez gain, burua jo dezaketen elementu asko daude. Batzuk, gurpilak bezala, mugitu egiten dira. Aleroiak izan daitezke, autoaren beste elementuak, edo beste auto batek jo eta zirkuituan amaitu duten beste batzuk: konoak, hesiak, etab. Beste batzuk geldirik dauden objektuak dira, Jules Bianchiren istripuan bezala, non garabi makina geldirik zegoen eta frantziarraren autoak jo zuen. Ferrariren eta Red Bullen soluzioei kritikatu zaiena mugitzen ari diren objektuek goikaldetik sartzeko duten arriskua izan da. Baina beldur horrek oso oinarri gutxi dauka. Ikusi ondorengo grafikoa.
Beheko ardatza autoaren abiadura da. Sei marrak gidariaren burura bertikalki erortzen ari den objektuaren abiadura. Har dezagun orduko 200 km/o.ra doan autoa, eta 60 km/o.tara bertikalki erortzen ari den objektu bat (marra orlegikoa). Autoaren eta objektuaren arteko talkaren angelua 16,7ºkoa da horizontalarekiko. Hau da, oso modu etzanean egingo luke talka autoaren aurka, eta ez legoke babesak goian duen zulotik sartzeko aukerarik. Kontuan hartuta 1 Formula auto bat nekez doala 100 km/o.tik behera, beheraka 40 km/o.tan doan zerbaitek (marra horia) harrapatuta ere, 21,8ºtan izango litzateke talka, eta angelu horrekin ez litzateke ezer sartuko. Laburbilduz: autoak abiadura nahikoa badarama, oso zaila da ezer sartzea.
Ferrarik martxoan, Bartzelonako probetako bigarren astean, erakutsi zuen bere proposamena. Garai hartan ikusi nuenean baleko soluzioa iruditu zitzaidan, autoaren itxura gehiegi eraldatzen ez zuena. Bere arrisku edo desabantaila nagusia erdiko zutabea zen, estrukturalki sendotasuna emateko beharrezkoa, baina ikuspegi aldetik nahikoa mugatzailea.
Hura gidatu zuten Kimi Raikkonenek eta Sebastian Vettelek nahiko ikuspegi ona zutela adierazi zuten, eta autotik ateratzeko ez omen zuen zailtasun berezirik sortzen. Hala ere, denbora igaro ostean, eta batez ere Red Bullen proposamena ikusita, Ferrariren diseinua autoan integratu gabeko ariketa bat da, funtziotasuna bilatzen duena, baina ikusmena asko mugatzen duena eta itxura aldetik zer hobetu duena.
Errusiako Sari Nagusian erakutsi zuen Red Bullek bere sistema, Ferrarirenarekin zerikusirik ez duena. Elementu lodi batzuek osatzen duten egitura bakar baten ordez, Red Bullek bi elementu nagusi erabiltzen ditu. Egitura nagusi bat, babesaren kanpo mugak eta bi alboan dauden bi zutioinek osatzen dutena alde batetik, eta plastiko teknikozko babes transparente bat bestetik. Azken honek ere bere laguntza estrukturala ematen dio soluzio osoari, eta hala, erdiko zutabearen beharra deusezten du.
Abantaila nagusia erdiko zutabea desagertu izana da, ikusmena hobetzen duena. Estetikoki ere soluzio hau askoz gustukoagoa dut, autoari jet hegazkin baten itxura ematen diolako.
Sistema honek izan dezakeen arazo nagusietako bat babes hori zikintzeko arriskua da, normala baita lasterketan zehar autoek olioa galtzea, pneumatikoak deseginez joatea, etab. Autoek oso zikin amaitzen dituzte lasterketak, hemen alboan dagoen irudiak erakusten duen legez. Renault autoaren muturra da, Errusiako Sari Nagusia amaitu berritan. Kevin Magnussen-ena da, eta kontuan izan behar da danimarkarrak lasterketa gehiena lehian eman zuela, baina atzetik zituen autoekin! Aurrean ez zuen ia inor izan, baina atzean sekulako lehiari eutsi behar izan zion, Romain Grosjean, Sergio Perez, Jenson Button, Daniel Ricciardo eta Carlos Sainz gainean baitzituen. Pentsa ezazue Carlos Sainzen Toro Rosso autoak nola amaitu behar izan zuen… Lasterketako lehen bihurgunean bertan Daniil Kvyat-en autoaren pieza batek bere ezker erradiadorearen sarrera estali zuen. Ohikoak dira halako gauzak lasterketa batean, eta horixe da Red Bullen Aeroscreen sistemak duen oztopo nagusia. Euria eginez gero, adibidez, arazoa berdina litzateke, edo are okerragoa. Inoiz parabrisak garbitzeko sistema hautsi bazaizue, jakingo duzue zer nolako egoera arriskutsua sortzen den ura kendu ezin denean.
Zorionez, oso pertsona adimentsuak daude eta horrek ere izango luke soluzioa. Ultra-Ever enpresak gainazalak tratatzeko soluzio bat dauka, eta emaitza ikusgarriak dauzka likidoekin aurrez aurre jartzerakoan. Ikus ezazue bideo honetan zer emaitza lortzen dituen gainazal mota askotan.
Halako babesen kritiko direnek 1 Formularen ADNaren kontra doazela leporatzen diote. Hau da, arriskua eta gidaria agerian egotea behar beharrezkoak direla uste dute. Eta uste hori ez dago zaletuen artean errotua bakarrik; gidari bat baino gehiago agertu da babes hauen aurka, edo kritiko. Nico Hulkenberg eta Lewis Hamilton ez dira sistema hauen defendatzaile nagusienak.
Baina 1 Formula beti izango da arriskutsu, babes hori jarri edo ez. Istripuak ez ditu babesak eragiten, eta horregatik, gertatzen jarraitu egiten dute. Gidaria ikustea garrantzitsua da, autoa gidatzen ari dena pertsona bat dela jabetzeko. Izan ere, gehien kritikatzen zaiona, gehiegizko babes horrengatik, gidaria gero eta ezkutuagoan dagoela da, eta gidaririk gabeko auto baten itxura hartzen ari dela. Eta horrela, auto barruan egon ordez, kanpotik gidatzen amaituko dutela. Bada dagoeneko Roborace izeneko proiektua, eta espero dezagun ez dadila 1 Formularen konpetentzia bilakatu.