Zer moduzkoa da Honda berria?

Honda RA616H motorea da McLarenen itxaropen nagusia aurten egoera iraultzeko. Iazko motoreak oso konpresore txikia zuen, autoaren atzealdeak abantaila aerodinamikoa izan zezan. Horretarako “zero tamaina kontzeptua” garatu zuten, eta autoaren barrualdeko elementu guztiek ahalik eta txikien izan behar zuten. Horien artean zegoen turbina eta konpresore sistema.

f1-mp4-30-top-alonso-mclaren-in[1]

MP4-30, Alonso, Xerez

Halako txikia izanda, konpresoreari eskatzen zitzaiona lortzeko oso abiadura bizian egin behar zuen lan, 130.000 rpm-tik gora. Horretara iritsi ez zirenez, ohiko konpresoreen abiaduratan egin behar izan zuen, 120.000 rpm ingurutan. Horrek bi ondorio zeuzkan: batetik, ez zuela ERS-H sistemak sortutako energia guztia aprobetxatzerik ES baterian gordetzeko, eta bestetik, ERS-Hak sortzen duen energia ezin zuela MGU-K motore elektrikora modu eraginkorrean bideratu.

ERS energia fluxuak

Funtsean, ICE Internal Combustion Engine-ek (ohiko erregai motoreak) jasotzen duen bultzada elektrikoa MGU-K motore elektrikoak ematen dio. Itzuli batean zehar, MGU-K honek bi energia iturri ditu:

  • ES Energy Storage bateriatik kopuru mugatua jaso dezake: 4 MJ/itzuliko
  • MGU-H energia berreskuratzailetik etengabe, mugarik gabe

MGU-H hau motore elektriko bat da, ERS-H turbinatik mugimendua jasotzen duena energia sortzeko. Baina konpresorea ez bada gauza hori guztia elektrizitate bilakatzeko, MGU-K motorera doan kopurua txikitu egiten da, eta ES bateria hustuz doa, baimendutakoa baino 4 MJ horien mugara iritsi aurretik.

Eric Boullier-ek atzo adierazi zuenez, arazo batzuk izan zituzten eta lehen sentsazioak ez omen ziren aski onak izan. Buttonek Hondaren puntu ahula zen energia banaketa hori izan zuen aipagai, eta arlo horretan hobekuntza nabaria dela azpimarratu zuen. Hori nahikoa izango ote zen ez zekiela gehitu zuen, baina aurrerapauso garrantzitsutzat jo zuen.

Gaur Fernando Alonsok 119 itzuli osatu ditu arazo nabarmenik gabe, baina bederatzigarren denbora bakarrik egin du, Manor eta Haas taldeen atzetik, Vettelen denboratik 3,272 segundutara.



Comments are closed.