Bost gidari onenak segundu baten buruan sailkatu dira amaitu berri den FP3 saioan. Mercedeseko biak izan dira azkarrenak, Nico Rosberg buru zelarik, baina atzetik izan duten lehia aspaldiko estuena izan da. Lehen hiruak 150 milarenekotan sailkatu dira, eta gutxigatik ez du lortu Vettelek denborarik onena. Kontuan hartuta FP3an sailkatze simulazio bat egiten dutela, Ferrarikoak aukera ona du urteko lehena Mercedesi lapurtzeko.
Saioan nabarmentzekoa izan da Rosbergek irratiz taldeari esan diona: “Arazoa hor dago oraindik”, nahiz eta zein den ez duen zehaztu. Hala ere, horrek ez dio denbora onak egiten eragotzi. Aipagarria da Mercedesekoek azken sektorean duen nagusitasuna, Rosbergek batez ere. Azken sektorea mantsoena da, karga aerodinamikoak baino itsaspen mekanikoa saritzen duena. Hor ez dute aurkaririk izan auto grisek.
Aipatzekoen artean Max Verstappenen lan bikaina legoke. Autoa ezagutzen ari den honetan, Ricciardoren aurretik amaitu du lehen aldiz, gainerakoetan oso gertu izan delarik. Goiz da ezer esateko, baina momentuz txarrik ezin zaio leporatu. Laugarren egin du herbeheretarrak, sei hamarrenekotara. Egiari zor, Kvyatek ez zuen halako prestaziorik eman aspaldian. Errusiarra bizitzen ari den aro berri honetan Carlos Sainz taldekideari gailendu zaio, nahiz eta espainiarra denbora asko egon den pistara atera gabe, itxuraz arazo batengatik. Ondoren itzuli gehien osatu dituen gidari bilakatu da Sauberreko bien atzetik, baina erditik atzera amaitu du.
Force India autoek agindu ziguten itxuraldaketa eta emaitza hobekuntza fifty-fifty batean gelditu da. Itxuran detaile txiki batzuk dituzte, eta emaitzan zertxobait hobetu badute ere, lasterketara itxarongo dugu ezer esan aurretik. Haien esanetan, aurreko aleroian pilatu dute aurrerapenik handiena, baina zirkuitu batzutatik besteetara emaitza desberdina izango omen da.