Rosbergek aurkariak -eta Hamilton- txikitu ditu

Red Bullen kolpea espero genuen Singapurren baina ‘kontuz, hemen nik agintzen dut’ oihukatu duena Nico Rosberg izan da. Mercedesen mailaren inguruan zalantza handiak zeuden Marina Bay zirkuitura iritsita, iaz han noraezean ibili baitziren. Atzoko egunaren ondoren ez zen ondorio argirik ateratzerik, lehen saioan Red Bull nagusi izan bazen ere bigarrenean Ferrari eta Mercedes agertu zirelako. Sailkatzea hiru taldeen arteko lehia izango zela zirudien, baina Nico Rosberg oso indartsu azaldu da, batez ere pole-a bermatu dion itzulian.

2016 Singapore Vettel QualySebastian Vettelen kaleratzeak markatu du Q1 saioa. Alemaniarraren Ferrari autoak anti-roll sistema hautsi du, autoaren oreka laterala ematen duena. Hori gabe bihurguneetan autoaren gurpil bat airean gelditzen zitzaion, itsaspena nabarmen galduz. Boxetan konponketak luze eramango zuenez, pistan ahalik eta denborarik onena lortzen saiatzeko agindu diote, baina autoa gidaezina zen eta bertan behera utzi du ahalegina. Baten etsipena, besteen itxaropena. Eta Sauberreko Marcus Ericssonek Q2 pasa ahal izan du horri esker. Ricciardo izan da azkarrena, eta horrek Red Bullen erakustaldia zetorrela saldu du.

Gauzak Q2an argitzen hasi dira. Hamiltonek, goizeko FP3 saioan erakutsi bezala, arazo asko izan ditu balaztekin eta joera horrek sailkatzean jarraitu du. Denbora onak markatu ditu, baina inoiz ez Rosbergengandik gertu. Aldiz, alemaniarra mailua atera eta bere kolpea inposatzen hasi da. Pneumatiko ultrabiguinak erabili ditu horretarako, eta biharko lasterketa haiekin hasi beharko du. Itzuli batera ematen duten abantaila kontuan hartuta ere, iazkoa ez dela errepikatuko argi geratu da. Red Bulleko bikoteak pneumatiko superbiguinak erabili ditu Q3ra jauzi egiteko, denbora onena egiteko ez aproposenak, baina lasterketa hasteko egokiak. Lehen geldialdia atzeratzea dute honela helburu, eta hori izan ohi da aurreraketa gauzatzeko aukera garbiena, lasterketak emango duenaren zain.

Azken zatia iritsi denean bazen Red Bull, Ferrari eta Mercedes batera ikusteko gogoa, oraingoan guztiek pneumatiko motarik azkarrena erabilita. Bi saiakera izan dira ohi bezala, eta Nico Rosbergek lehenengoan amatatu ditu besteen suak. Ia segundu batera utzi du mundu guztia, ezer ezkutatzerik ez dagoen saioan. Red Bullekoek ez dituzte nahikoa berotu pneumatikoak itzulia bizi-bizi emateko, eta horrek zer hobetzeko aukera eman die. Bigarren saioetan zertxobait gerturatu zaizkio, Daniel Ricciardo batez ere, segundu erdira hurbilduz eta lehen lerroan kokatuz. Hamiltonek ez du hobetu, bigarren bihurgunean bertan huts garestia eginez. Raikkonenek asteburu osoa Vettelek baino denbora hobea markatu du, eta hirugarren lerroa bakarrik lortu du. Aipatzekoa Carlos Sainz eta Daniil Kvyat oso txukun aritu direla, motore ahula duen Toro Rosso autoekin. Alonsok ere txukun egin du aurrera Q3an, baina Q2an izan diren bandera horiek lagunduta.

2016-singapore-qualy



Comments are closed.