Raikkonen nagusi, adinduen itzuleran

Kimi Raikkonenek pole-a lortu du gaur Monakon, Frantzian bere azken lortu eta bederatzi urtera. Tarte honetan lortu ditu beste garaipenak, baina pole-ak iraganeko gauza ziren. Denboraldia Vettelengandik urrun hasi zuen, baina azken lasterketetan tartea txikitzen ari zen. Bartzelonan aukera asko zituen, baina bazirudien muga ikustezin bat marraztua zegoela nonbaiten. Gaur mamuak uxatu eta pole-an jarri du berriro bere autoa, oso modu sinesgarrian. Bere estiloan, ez du berebiziko alaitasunik erakutsi sailkatze osteko elkarrizketan, baina lasterketan kontuan hartu beharreko gidaria izango da. Soilik “lehen postutik irteteko zirkuiturik aproposena” dela esatera mugatu da.

Monaco F1 GP Auto RacingLewis Hamiltonek azkenerako utzi du Q3ra pasatzeko aukera, eta Stoffel Vandoornek piszinako bihurgunean izandako istripuaren ondorioz, 14. postuan amaitu du. Ziurrenik istilu hori gabe, Q3an arituko zen lehian, baina azken unera arte uzteak arrisku horiek ditu. Aurreko itzuliak ez dira onak izan, batzutan autoak ez diolako nahi bezala erantzuten eta bestetan trafikoaz kexatu delako. Baina Bottas taldekideak 4. amaitu du Q2 saioa, eta horrek esan nahi du ez dagoela autoaren aitzakiarik.

Jenson Buttonen behin-behineko itzulera albiste izan da Monakon, Indy 500 korrituko dituen Alonsoren ordez. Bere abiadura lehengoa bezain puntakoa dela erakutsi ingelesak, eta Raikkoneni indarra eman diola dirudi, parrillako bi gidari zaharrenak (Massarekin batera) izan baitira protagonista orain arte. Adinduen festibala da Monakon, eta Raikkonen izendatu dute festako errege.

Q1: Ocon-ek garesti ordaindu du hasiberri-saria

2017_monako_ocon_qualy_crashSauber autoek emaitza bikaina izan zuten Bartzelonan, batez ere Wehrlein-en zortzigarren postuarekin. Berez lasterketa hartarako prestatu zituzten berrikuntzak autoan, baina Monakora atzeratu zituzten. Hala, oraindik ere hobeto ibiltzea espero zuten Monakon, baina gaur ikusi dugunez, aldaketa horiek ez dute emaitza onik eman. Azken bi postuetan amaitu dute. Normalean Q3ko kanporatuen taldekoa den Stoffel Vandoornek aurrera egin du, Jenson Buttonek bezala. McLareneko bi gidariek erraz egin dute aurrera, oso estua izan den saioan. Segunduaren barruan egon beharra zegoen Q2ra jauzi egiteko, eta hori lortu ez dutenak Sauberrekoak, Lance Stroll, Jolyon Palmer eta Esteban Ocon izan dira. Frantziarrak 15-16 txikane azkarrean barruko hesia jo eta autoaren kontrola galdu du.

Q2: McLarenen erakustaldia eta Raikkonenen abisua

2017_monako_hamilton_fpLehen sailkatze saioaren ondoren, Hamiltonen arazoak hasi dira. Lehen saiakeran ia autoaren kontrola galdu du Massenet-en. Abisua izan da. Hortik aurrera eman duen itzuli bakoitzean hutsen bat egin du, eta azken saiakera bakarrik gelditu zaio Q3ra pasatzeko. Hori baino lehen, azpimarratzekoak izan dira beste batzuen balentriak. McLarenek berriro jarri ditu bi autoak Q3rako bidean, txasi aldetik oinarri txukuna dutela erakutsiz. Baina Stoffel Vandoornek umekeria egin du, bere top10 postua bermatua zuenean Esteban Ocon-en modura autoa hesien kontra bidaliz. Nahiz eta Q3rako txartela bereganatua zuen, hor amaitu da bere eguna. Kontuan izan behar da hiru postu atzerako aterako dela, Bartzelonan Massaren gainera bota baitzuen autoa.

Q3: Raikkonen-ena benetakoa da

Lehen postuan amaitu du Q2 saioa, baina lehenago ere gertatu izan da halakorik: behar ez den unean azkarra izan, eta pole-a jokoan denean huts egin. Oso urrutira joan gabe, Bartzelonan antzekoa gertatu zen. Gaur eten egin du joera hori eta ez aurtengoa bakarrik: 2008az geroztik pole bat lortzeke zegoen finlandiarra. Gaur errekorra hautsi du horrela, 129 lasterketa joan baitira Frantzian lortutako horretatik. Giancarlo Fisichella zen orain arte tarterik handiena zuena (Malaisia 2006 – Belgika 2009).

Sebastian Vettel eta Vallteri Bottas oso gertu izan ditu, eta edonork lor zezakeen polea. Pentsa, hiruen artean 0,045 segundu bakarrik izan dira. Ferrairena da lehen lerroa, ordea, eta hori zaplasteko galanta da Mercedesentzat. Hirugarren Max Verstappen izan da, berriro ere itzuli dotorea osatuz. Iaz asteburu txarra izan zuen Monakon, sailkatzean hesiak joaz eta lasterketan ere hesien kontra amaituz. Gaur itzuli aparta lortu du, baina aurrerago egotea espero zuten. Bartzelonako berrikuntzek espero ez zuten emaitza eman ondoren, Monakon oso itxaropentsu zegoen Red Bull. Ricciardok berak pole-a posible zela zioen atzo, baina gaur oso urrun gelditu dira. Australiarrak batik bat, Verstappenengandik urrun gelditu da, berriro ere gazte holandarrak txikitu egin baitu. Ricciardok adierazi duenez, “bosgarren baino hobea” omen da haien sasoia. Horrez gain, oso adirazpen interesgarria egin du: “hemen lasterketa gaur da”, bihar boxetan ezer arrarorik gertatu ezean, gaurko emaitzak erabakigarri baitira biharkoetan.

2017_monako_raikkonen_qualy_02

Txapelketari dagokionez, Vettelen lehen postuak indarra hartu du bere aurkari nagusi den Hamiltonen atzerapausuarekin. Hala ere, biharkoan Vettelen aurkaria bere taldekidea da, irteeran postuei eusten badiete. Ikuskizun dago Ferrarik nola kudeatuko duen bien arteko lehia, historikoki ez baitzaio axola izan talde aginduak ematea. Pena litzateke horrek Raikkonenen aspaldiko emaitzarik onena zapuztea. Irteera ona egin eta tartea irekitzea da finlandiarraren estrategia onena. Bottasek salbatzaile papera hartu du Mercedesen, Errusian bezala Hamiltonek kale egiten duenean hor agertzen baita. Ulertezina da Hamiltonen gorabehera etengabea aurten. Vettelen aurkari nagusi izan behar duenak bidea errazten dio. Raikkonenen garaipen batek urteko laugarren irabazle desberdina suposatuko luke, sei lasterketa eta gero.

2017_monako_qualy

 



Comments are closed.