Iaz bezala hasi zuen atzo denboraldia Lewis Hamiltonek eta iaz bezala jarraitu du gaur ere. Pole-a lortu zuen larunbatean Ferrari auto baten aurretik 2017an (Vettel), eta atzo ere Ferrari auto bat (Raikkonen) gainditu zuen urteko lehen pole-a lortzeko. Lasterketa eguna iritsi eta sailkapena irauli egin da, Sebastian Vettelek lortu baitu lehen postua Lewis Hamiltonen aurretik. Ferrarikoek pozik egoteko nahikoa motibo daukatu, aukera gutxi zuten lasterketa beraien aldeko jarri baita Hass taldeari esker. Konspirazio teoriak piztu ditu horrek.
Irteera ona egin dute lasterkeari guztiek, eta soilik Kevin Magnussenek hartu dio aurrera Max Verstappeni. Kimi Raikkonenek muturra erakutsi dio lehen itzulian Hamiltoni, baina aukera hori kenduta posizioak egonkortu egin dira. Haas autoek Bartzelonan erakutsitako abiadura benetakoa dela frogatu dute, Magnussen eta Grosjean lehen postuetan aritu baitira. Bottas eta Ricciardo beren ohiko postua baino atzeragotik hasi dira, eta atzetik aurrerako lasterketa egin dute. Hala ere, aurreraketak zailak diren zirkuituan ez dute nahi adina progresio egin.
Hasieratik ikusi da Red Bullek pneumatikoetan atzo hartu zuen erabakia desegokia zela. Super Biguinak ez dira ondo moldatu, abiadura aldetik ongi ari baziren ere iraupenean ez dutelako abantailarik erakutsi eta horrek Verstappen urduritu du. Red Bullekoak atzealde galkorra zuen, bihurgune askotan zuzendu behar izan duena. Hamargarren itzulian guztiz galdu du atzealdea lehen bihurgunean, 360ºko irristada eginez eta atzetik zituen autoek aurreratu dute. Hala, une horretan Haas autoak 5. eta 6. ziren.
…baina ez espero daitekeen moduan. Hamabostgarren itzulirako Hamiltonek Raikkonen eta Vettelekiko irekia zuen aldea gutxituz zihoan. Bost itzuli beranduago sartu da Magnussen bere geldialdia egitera. Boxetatik atera eta gutxira abiadura mantsotu behar izan du, motorean izandako arazo bategatik. Hasieran atzeko gurpil batekin arazoa izan zitekeela bazirudien ere, irratiz danimarkarrak berak arazoaren iturria zehaztu du. ‘Deja vu’ modukoa izan da Romain Grosjeanek lau itzuli beranduago boxetatik irten eta arazo berbera izan duenean. Frantziarraren erretiratzea kolpe latza izan da taldearentzat, puntu aukera izugarriak alde egin baitie. Ordurako Lewis Hamiltonek egina zuen bere geldialdia.
Haas autoa pistatik erretiratzeko VSC egoera agindu du lasterketa zuzendariak, eta gidari bakoitzak denbora muga batzuen artean kudeatu behar izan du abiadura. Sebastian Vettelek orduan profitatu du geldialdia egiteko, eta Hamiltonen aurretik itzuli da pistara. Ingelesak ez zuen ulertzen nola gertatu ote den halakorik, eta taldeari galdezka aritu da. Haien esanetan, nahiko tartea zutela uste zuten baina oker zeuden.
Hortik aurrera lasterketa bi gizon indartsuenen arteko lehia izan da. Hamiltonek segundu batera izan du beti Vettel, eta DRSa erabilgarri izan du. Baina Albert Park ez da galdutakoa berreskuratzeko lasterketarik egokiena. Ez du inongo unetan Vettel liderra arriskuan jarri, eta alemaniarrak ez du hutsik egiten halakoetan. Atzeragok, Raikkonenek lan berdina egin behar izan du Ricciardoren. Finlandiarrak ere ez du arazorik izan australiarrari eusteko.
McLarenek hasiera ona eman dio denboraldiari Renault motoreekin. Alonsok bosgarren egin du, bera baino azkarragoak ziren autoak mantsoaraziz. Bere atzetik taldetxoa sortu du, Verstappen eta Bottas tartean zirela. Biok arazorik ezean espainiarraren aurretik lirateke, baina “nahi eta ezin” aritu dira. Renaultek bi autoak sartu ditu puntuetan, baina kasu guztietan Haas taldeko bi autoen matxurak lagunduta. Arazo hori Bahraingo lasterketarako konponduta izan beharko du.
Adierazgarria da iaz puntuetan lehiatzen ziren bi taldek izan duten urte hasiera eskasa. Force India eta Williams lehen hamar postuetatik urrun izan dira asteburu osoan zehar. Bai sailkatze saioan, bai lasterketan ere, Mercedes motorea duten bi taldeek atzerapausoa eman dutela onartu behar izan dute. Sauber-ek hobera egin du iazkoaren aldean, baina oraindik kosta egin behar zaio atzealdetik igotzea, urte batzuk pilatu baititu parrilla ixten. Azkenik, Toro Rossoren itxaropena ke hautsetan desagertu da, Honda motoreak bere bertsiorik txarrera erakutsi baitu lehen lasterketan: mantsoa eta hauskorra. Batzuk lehen lasterketa izanik kontserbakor izan direla pentsa daiteke, baina aurkariek ez dute errukirik.
Bi aste falta dira Bahraingo gau lasterketa arte. Dagoeneko Vettelek zazpi puntuko tartea ateratzen dio Hamiltoni. Lehen kolpea eman du alemaniarrak.