Duela bi egun Fernando Alonsok 2019an ez zuela 1 Formulan jarraituko jakinarazi zuen. Ia zuzenean dator McLarenek Carlos Sainz fitxatu duen berria, datorren urteari begira. Bi albisteok ez dute egoera osoa argitu, ordea, eta horrek esan nahi du uda beroa datorkigula oraindik.
Fernando Alonsoren berria espero zen. Espainiarrak aho zapore garratzarekin utzi zuen Ferrari 2013an eta apostu arriskutsua egin zuen McLaren-Honda taldera jauzi eginez. Japoniarren lehen urtea zen 1 Formulan eta urtebeteko atzerapena zeramaten “turbo aroa” delakoan. Hiru urte traketsen ostean Alonsok taldean jarraitzeko baldintza argia zen: motore aldaketa. Aukera gutxi zeuden eta Renaultekin elkartu ziren, diru kostu izugarria izan zuen operazioan (McLarenentzat, https://laurentzi.eu/2017/09/03/mclaren-eta-alonso-zer-gertatuko-da/ sarreran argitu bezala). Promesak haizeak eraman ditu, Renault motoreekin ere aurreneko postuetatik oso urrun baitago McLaren. Renault motoreekin hiru lasterketa irabazi ditu Red Bullek eta horrek agerian uzten du taldearen arazoa ez zela motorea bakarrik.
McLarenen arazoak bestelakoak eta iraupen luzekoak direla nabarmen gelditu ostean, Alonsok taldez aldatzea bakarrik zuen aukera. Baina ateak itxiz joan zaizkio: Ferrarin aurten amaitzen du kontratua Raikkonenek eta eserleku bat libre egon daiteke 2019rako, bain italiarrekin gaizki amaitu zen erlazioa eta ez dute Alonsoren ezer entzun nahi. Red Bullen Ricciardok ezustean utzitako hutsunea ezingo du espainiarrak aprobetxatu, Hornerrek ez baitu egoki ikusten Alonsoren talde izpiritua. Mercedesen taldea dagoeneko itxia dutenez, garaipena lortzeko aukera duten eserleku guztiak ezinezko ditu. Hori ikusita, bosgarren urtez McLarenen arrastaka ibiltzeak ez zuen zentzurik. Indy eta WEC kategoriatan probatu ahal izan du, eta han ondo molda daitekeela ikusita, ez da harritzekoa izan egin duen iragarpena.
Carlos Sainzek 2015ean egin zuen debuta Toro Rossorekin, Max Verstappen bezala. Biek urte osoan zehar lehiatu zuten, eta hasieran Carlos Sainz hobeto aritu bazen ere, urtea Verstappenen aldera orekatu zen, 49 puntu lortu baitzituen Sainzen 18en aldean. Bien artean tentsioak gora egin zuen, eta Ricciardok Red Bullen bere tokia utziko zuela jakinarazi zuenetik, Sainz eta Verstappen berriro elkartzeko oztopo nagusien bien arteko erlazio kaltetua zen.
Duela egun gutxi McLarenek onartu zuen Sainz beraien zerrenda laburrean zegoela datorren urteari begira. Sainzek 2017an Toro Rosson gidatu zuen Daniil Kvyat-ekin batera, baina AEBetako Sari Nagusian Renaulten debutatu zuen Red Bullek utzita. Frantziarrak ez ziren gustura Jolyon Palmer-en lanarekin eta Nico Hulkenberg-en mailako gidaria nahi zuten. Red Bullek aukera eman nahi zion Sainzi talde ofizial batean lehiatzeko, lehen taldeko bi gidariak ukiezinak baitziren. Renaultekin lan txukuna egin zuen urtea amaitu arte eta hala urtebeterako gidatzeko aukera irabazi zuen Renaulten. Hala ere, Red Bulleko gidari izaten jarraitzen zuen. Horrek esan nahi zuen urtebeteren ondoren berriro bere etorkizuna bilatzen aritu beharko zuela, eta hori ez zuen batere gustuko.
Alonsoren irteerak hutsunea utzi du McLarenen eta Sainzentzat salbazioa izan da. Zak Brownen zerrendan gidari gehiago zeuden, eta Kimi Raikkonen ere aipatu zen. Ezin da baztertu erabat, Sainzen izendapena konfirmatu bada ere, bigarren gidariaren izena airean baitabil oraindik. Lando Norris da dantzan dabilen beste izenetako bat, baina honek beste bide bat hartuo duela dirudi.
Sainzen aukeraketaren inguruan, McLarenen egungo egoeraren islada dela esango nuke. Duela urte batzuk pentsaezina izango zen lasterketarik irabazi ez duten gidariz osatutako McLaren bat. Baina taldearen egoera halakoxea da: azken podiuma Australia 2014 izan zen eta azken garaipena Brasil 2012. Vandoorne eta Sainz izango dira ziurrenik taldeko gidariak datorren urtean, taldeak bere historian izan duen bikoterik txarrena ziurrenik. Ricciardok ere ez zuen McLarenera joan nahi izan, haien ordez Renault aukeratuz.
Alonsok erretiratzea iragarri eta gero Lando Norris zen bere tokia hartzeko hautagaietako bat. Ez da hala gertatu azkenean, batez ere Zak Brownek ongi esan duelako ez dela komenigarria auto kaskar batekin gidari gazte bat debuta araztea, bere izen ona gal baitezake. Sainz aukeratu izanak beste prozesu bat jarri du martxan. Izan ere, McLarenek James Key zuzendari teknikoa fitxatu zuen Toro Rosso taldetik. Antza, haiekin oraindik kontratua du eta beraz ezin du berehala egin talde aldaketa. Kontua da McLarenek berehala nahi duela eta horretarako Toro Rossorekin negoziatu nahi duela.
Negoziazioan zerbait eskatzeko zerbait eman behar denez, Lando Norris jar dezakete mahai gainean. Red Bullek ia ziur Pierre Gasly trebea hartuko du Toro Rossotik talde nagusira igotzeko, eta horrek hutsunea sortzen du bigarren taldean. Hortxe enkajatzen du Lando Norrisek ezin hobeto: McLarenek modako gidari gaztea utziko lioke Toro Rossori, hala 1 Formula esperientzia har dezan eta trukean James Key lehenago etxeratuko luke, taldeak hainbeste behar duen norabide aldaketari ekiteko.