Pole-ra itzuli da Hamilton Bartzelonan

Lewis Hamiltonek lortu du lehen postua Bartzelonako zirkuituko sailkatzen saioan. Mercedesekoaren aurkari nagusia bere taldekide Bottas izan da, nahiz eta Vettelengandik gehiago espero zen. Alemaniarrak ez du behar bezala profitatu bere lehen aukera Q3 saioan eta azken itzulian eman behar izan du bere guztia. Baina ez da aski izan bigarren lerroa gainditzeko. Raikkonen sailkatu da laugarren. Red Bull autoak ikusle soil izan dira, lehen postuetara gerturatzeko aukerarik gabe.

Lehen sailkatze saioan ez du parte hartu Brendon Hartleyk, goizeko istripuan autoa txikituta utzi baitu. Hulkenberg ere arazo batek izan du garajean azken une arte, eta minutu baten faltan emandako itzulia ez da aski izan Q2rako txartela lortzeko. Hartleyrekin batera Williamseko bi gidariak gelditu dira, gidaezina den auto baten hutsuneak sufrituz. Felipe Massa bertan da, eta haren azken taldea pairatzen ari den sufrikarioaren testigu izan da. Marcus Ericsson izan da kanporatutako boskotea osatu duen azkena.

Ferrarikoek hartu dute burua bigarren sailkatze saioan, Mercedeseko bikotearen aurretik. Hamilton laugarren izan da, eta are garrantzitsuagoa dena, bigarren ahaleginean ez du bere lehen ahalegineko denbora hobetu. Aipatzeko moduko bi kontu izan dira. Batetik, Haas taldearen bi autoek egin dutela aurrera, gainera Magnussenek Ricciardok baino denbora hobea eginda. Bestetik, McLaren auto baten lehen aldia dela top10ean sartzen dena, Alonsok 10. denborarekin, larri, Q3an sartzea lortu baitu.

Tenperaturak etengabe egin du behera goizerditik aurrera, eta pistaren tenperatura 26ºC soilean zegoen, egun eguzkitsu batean 40ºCak erraz gainditzen dituen bitartean. Lehen saiakeren txandan Hamilton atera da garaile, dezenteko aldearekin. Ferrariko bi gizonek ez dute itzuli borobila osatu, eta Vettel bosgarren izan da, Raikkonen zazpigarren. Red Bullek pneumatiko biguinak jarri ditu bigarren ahaleginerako, emaitza desberdina lortzeko asmoarekin, eta emaitza ona eman dio Ricciardori, azken bi sektoreetan hobekuntza egin baitu. Verstappenek, aldiz, Superbiguinekin jarraitu du. Hamiltonek eta Bottasek ere superbiguinarekin eman dituzte euren itzuliak, ia denbora berean. Vettelen ahalegina, hobetu badu ere, ez da nahikoa izan lehen lerroan sartzeko.

Hala, Mercedesek du lehen lerroa, Ferrarik bigarrena eta Red Bullek hirugarrena. Hamiltonen aurreko pole-a Australian izan zen, denboraldia ireki zuen lasterketan. Orduaz geroztik Sebastian Vettelek eraman zituen guztiak (Bahrein, Txina eta Baku).



Comments are closed.