Bigarren eguneko protagonistak Mercedesekoak izan dira berriro ere. Hasieratik sendotasun adierazgarria erakusteaz gain, gehigarri aerodinamiko berritzaileak montatu dituzte autoan. Horrez gain, sudur berri bat erakustekotan izan dira, aldi berean ezohiko eta iraultzaile izango omen dena. Baina itxura guztien arabera, biharrera atzera dute tramankulu horren aurkezpena. Gaurkoan Nico Rosberg izan da W07 autoaren mandoetan, eta atzo adina itzuli pilatu ez baditu ere, autoak bere bertute onenak erakutsiz jarraitu du. Lantegian ordu asko sartu behar dira pistako lehen egunak hain samurrak izateko. Ehun itzulien muga gainditu du.
Manor-ek Rio Haryanto indonesiar gidariari eman behar zion gaur autoaren agintea, baina azkenean atzeratu egin dute eta Pascal Wehrlein alemaniar gazteak osatu du bigarren eguna ere. Manorrek ezohiko bilakaera izan du aurten, taldeko egitura berriak eraldaketa teknikoa ere ekarri baitu berekin: Mercedes motorea, Mercedesen ingenieritza laguntza, Williamsen aldagailua eta esekidura, Wehrlein gidari trebea (2015eko DTM txapelduna)… eta horri esker denbora zerrendatan azken tokietatik ihes egin du.
Toro Rossok bai eman dio bolantea beste gidariari. Max Verstappenek hartu du autoa, baina atzo Carlos Sainzi gertatu bezala, arazoek ez diote egun lasaia izaten utzi. Renaulten kasuan gauza bera; Jolyon Palmer britainiarrak urteko lehen motore leherketa izatearen ohorea eskuratu du, zuzengune amaieran mekanika frantziarrak kea zeriola geldiarazi baitu. Aipatzekoen artean dira Sebastian Vettelek lehen aldiz probatu dituela Pirelliren pneumatiko ultra biguin (ultra soft) berriak, eta haiekin lortu duela denborarik onena. Goizegi da itzuli bakarreko errendimendu hutsa bilatzeko, baina horreterako prest zeudela erabaki dute italiarrek.
Fernando Alonsok iaz baino proba saio lasaiagoa izan du, itzuli mordoa pilatuz eta -batez ere- istripu misteriotsurik gabe. Espainiarrak ez du denbora azkarrik bilatu, batez ere garapen aerodinamikoak eta sendotasun lanetan aritu baitira. Baina McLaren-Honda taldean eguneko albistea ez da pistatik atera. Hondak 1 Formula proiektu buru Yasuhisa Arai kargutik kendu eta haren ordez Yusuke Hasegawa ariko dela jakinarazi du, martxoaren 1ean hasita. as head of F1 project from 01/03. Araik aholkulari lanetan jarraituko badu ere, nolabaiteko zigorreko neurritzat ulertu behar da, iaz Hondak egindako paper ahularen ondorio. Behin baino gehiagotan Araik promesa ia sinestezinak egin zituen, Honda motorearen potentzia sekulakoa zela esanez, baina emaitzek oso bestelako errealitatea erakutsi zuten.
Saioaren amaieran Fernando Alonsok zer adieraziko ote zuen ikuskizun zeuden kazetari guztiak, iazko urte amaieran Ron Dennisek espainiarraren jarraitasunaren inguruko zalantzak piztu baitzituen, autoaren errendimendu mailari lotuta zegoelakoan. Alonsok adierazi duenez, bere motibazioa gorena da, eta oinarri egokia da autoa.
Fernando tells media: "My motivation is high, we have a good chassis, & we hope to be more competitive this year." pic.twitter.com/bCBtcJkJBF
— McLaren (@McLarenF1) February 23, 2016
Hala eta guztiz ere, horrekin batera gehitu du aerodinamika elementu berri asko dituztela, eta horiek behar bezala funtzionatzeke daudela oraindik. Errendimendua atera behar zaiola, alegia. McLarenekoak behintzat eguna ezustekorik gabe amaitu du. Ezin da gauza bera esan Vetteli buruz, zeinak oinez itzuli behar izan duen boxetara. Saioa amaitzeko lau minutu falta zirenean, bere autoa hirugarren bihurgunean gelditu da. Ohikoak izaten dira erregaia amaitu arteko tandak, autoaren benetako mugak bilatzeko, baina taldeak ez du zehaztu geldiketa horren ondorio izan den.