Era guztietako erreakzioak sailkatze aldaketaren inguruan

Bernie Ecclestonek duela egun gutxi adierazi zuen berak ez lukeela aurten lasterketa bat ikusteagatik ordainduko, 1 Formula aspergarria bilakatzen ari zelakoan. Ondoren esan duenez, adierazpenok zuzpergarri gisa bota zituen, hain zuzen. Orainak baino etorkizunak gehiago kezkatzen omen du eta asmo horrekin esan zuen, 1 Formula komitea bildu aurretik. Bilera horretan erabaki zuten sailkatze saioa eraldatzea, 90 segunduro auto bat kanporatuz.

Zerbait egin ezean bide horretan behera joango ginatekeela esan nahi nuen” – Bernie Ecclestone

Nico Rosberg BCN

Nico Rosberg, proben etenaldi batean

Paddockean iritzi desberdinak eragin ditu erabaki horrek. Nikki Laudak, adibidez, oso begi onez ikusi du. RedBulleko Chris Hornerrek ere positiboki ikusi du aldaketa: “Aldakortasun piska bat sor dezake parrillan igandeari begira, artifizialki astindu ordez”. Aldaketa pozik hartu dutenen artean dago Nico Rosberg ere, haren ustetan egokia delako aldaketa bilatzen duten ideia freskoak plazaratzea.

Alderantzizko parrillak ere aukera bat izan ziren bilera hartan, eta haien kontra zegoen erabat Haas talde berriko Romain Grosjean. Hark ondo daki zer den hori, GP2 mailan aplikatzen den neurria baita: larunbateko lehen zortzi gidarien postua aldrebestu egiten da igandeko lasterketarako. Renaulteko Jolyon Palmer-ek neurri horren arrakasta ezbaian jarri zuen, oso nahasgarria baina efektu mugatukoa iritzita.

Egungo munduko txapeldunak, Lewis Hamiltonek, bota zuen azkena: “Sekulako denbora galtzea da. Ez dut uste ezer aldatuko duenik”. Probatzeak berak ere ez duela merezi iritzi dio ingelesak. Orokorrean oso ezkor agertu da proposatu dituzten neurri guztien inguruan. Autoen pisu minimoa igo egingo da datorren urtean egungo 702 kiloetatik 722 kiloetara (gurpilen pisu handitzea ere kontutan hartu behar dute), batez ere ‘halo’ deitu duten buru babesak eskatuko dituen 10 kiloengatik. Hamiltonek auto arinak ditu nahiago: “1 Formulara iritsi nintzenean autoek 100 kilo pisatzen zituztela uste dut. Orain 100 kilo gehiago dituzte eta hori izugarrizko aldea da. Ez dute araudia aldatu beharrik autoak hiru segundu azkarrago bilakatzeko; aski dute autoak arintzea. Astunegiak dira orain, gehiegi”. Pisua 600 kilotara berriro jaistea nahiko luke, modu horretan pneumatikoek gehiago iraungo luketelako, eta leherketa gutxiago izan.

Sailkatzea okerragoa izan daitekeela uste dut” – Pat Symonds

Kimi Raikkonen, normalean halakoetan oso argi hitzegiten dutenetakoa, oraingo honetan hitzak neurtuta aritu da. Oraindik ez omen duela oso argi ikusten eta gertatu arte gordeko duela iritzia. Felipe Massak ‘kaos’a sortzeko asmoa topatzen du erabaki berriaren atzean. Bere taldeko arduradun teknikoak, Pat Symonds-ek, ez dio arrakasta askorik ikusten, baina iritzi interesgarria eman zuen: “Ez dut uste sailkatzea bera asko hobetuko duenik, izatez, okerragoa izan daitekeela uste dut. Baina agian bai aldatuko duela lasterketa”.

Hain zuzen ere, azken adierazpen horri lotuta botako dut galdera; zergatik aldatu sailkatzea, horrexek oso ondo funtzionatzen zuenean? Ez du seguruenik emaitza aldatuko -azkarrenak beti izango dira polearen borrokan- eta aldiz, benetako arazo zen lasterketa bere horretan utziko du. Konpondu beharrekoa ez al zen lasterketa, bada?



Comments are closed.