HAASek ez du bideoak argitaratzeko baimenik

HAAS talde amerikarrak aurten egingo du debuta 1 Formulan. Horregatik aritu ziren aurreko astean Bartzelonako probetan, eta bihartik aurrera ere halaxe ibiliko dira. Toki askotan ikusi ditugu euren argazkiak, baina… bideoak? Non daude taldearen bideoak? Egon, bazeuden. Romain Grosjean gidariak berak argitaratu zituen batzuk, hark facebooken duen orrian. Baina handik gutxira FOM-en abisua jaso zuen, eduki hori guztia kentzeko aginduz. Zergatik, ordea?

Argi gorria bideoei

Argi gorria bideoei

Talde guztiek 1 Formulan lehiatzeko lizentzia behar dute. Hori badu HAAS taldeak, pentsa daitekeen bezala, bestela zentzugabea litzatekeelako auto bat diseinatu eta eraikitzea. Baina horrez gain, irudi eskubideak ustiatzen dituen FOM elkartearekin ere akordioa sinatu behar da, haiek baitira 1 Formula produktuaren esklusibotasuna dutenak. Lehiaketa FIArena da, eta horretan lehiatzeko baimena dute. Baina 1 Formula produktua FOMena da, eta haiek bakarrik erakuts dezakete. Irudiak kontrolatzea ezinezkoa denez, edonork argitara dezake 1 Formularekin lotutako edukia. Bideoak, ordea, askoz ere lotuagoak ditu, eta lasterketa nahiz probetan akreditazioa duten kazetariek debekatua dute bideo edukia argitaratzea horretarako baimen zehatza ez badute.

1 Formulak oso ikuspegi itxia du – Romain Grosjean

HAASek ez du oraindik akordio hori sinatu, eta horregatik jaso du Ecclestoneren deia bideo eduki guztiak kentzeko. Akordioa bi aldeentzat da mesede, HAASek akordio horri esker jasoko baitu telebista irudien zati bat, kopuru oso erakargarria duena. Bien bitartean, debekuak indarrean darrai eta Romain Grosjeanek bere haserrea agertu zuen itxitasun horregatik, kaltetuak zaletuak direla nabarmenduz: “Zuzeneko bideo bat eskegi nuen nire facebook orrian filmaketa egunean, eta beste bat nire logelan grabatutakoa. FOMek bideo horiek kentzeko esaktu zidan ondoren. Milioi bat ikusletik gora izan genituen bideo guztietan. Nik uste dut ona dela jendeak 1 Formula barrutik nolakoa den ikustea, baina ez digute uzten. 1 Formulak oso ikuspegi itxia du. Zaletuak galtzen ari garela diote eta milioika daude sare sozialetan, baina ez digute haien abantailak erabiltzen uzten”.



Comments are closed.