Fernando Alonsok ez du Bahrainen korrituko

Gaur goizeko albiste errepasoan irakurri dut lehen aldiz Alonsoren partehartzea kolokan zegoela. Mediku azterketa igaro behar zuen sari nagusian parte hartzeko, baina hori ohiko prozedura da istripu batetik datorren norbaitentzat. Horregatik, eta horren inguruko zehaztasun gehiago ematen ez zuenez, albiste sentsazionalista iruditu zait. Baina usteak erdia ustel izan ohi du, eta oraingo honetan guztia izan dut ustela. FIAren mediku azterketak ez ditu emaitza lasaigarriak eman; bularraldean egin dizkioten bi Ordenagailu bidezko Tomografia Axialek haren egoera arriskutsua zela ondorioztatu dute.

Klik handitzeko

Klik handitzeko

Espainiarraren osasunean arazoren bat topatu izan baino gehiago arazoren bat gertatzeko arriskua ikusi dute. Hau da, berriro istripu bortitz bat pairatuz gero bere osasunean jasango lituzkeen efektu hondagarriak eragozteko asmoz hartutako erabakia da. Hain zuzen ere, orain dela urtebete gertatutakoaren antzeko kasua da, non Kataluniako zirkuituko probetan istripu misteriotsu batengatik urteko lehen lasterketa galdu behar izan zuen. Orduan ere istripua gertatu eta egun gutxira erabat osatua zegoela bazioen ere, Australia baino lehen egindako mediku azterketek beste istripu batek eragin zitzakeen zaurien alarma piztu zuen. Kasu hartan buruko zauriak ziren kezka iturri. Oraingo honetan, ordea, bular aldeko azterketak eragin du baja, hemen alboan FIAren oharrak erakusten duen bezala.

Azkenaldian gero eta ohikoagoak dira istripua gertatu eta aste batzuetara FIAk eragindako bajak. Aste honetan bertan Fernando Alonsoren eta Esteban Gutierrezen istripuaren ondorioez ari nintzela, beste mexikar baten kasua ekarri nuen gogora bideo batean. Sergio Perezek 2011n Monakon izandako istripua, hain zuzen ere. Aste batzuk beranduago Kanadako Sari Nagusia korritzekoa zuen baina FIAren azterketek galerazi egin zioten, nahiz eta bere ustez guztiz osatua zegoen. Pedro Martinez de la Rosak gidatu zuen haren ordez, ezustean harrapatu zuen erabakian.

Lehenago Ralf Schumacherrek izan zuen baja luzeena, 2004an sei lasterketa galdu baitzituen AEBetako lasterketan zauri larriak pairatu eta gero. Marc Genek hartu zuen alemaniarraren tokia, baina ez zuen taldeak harengandik espero zuena eman. Horregatik, denboraldia amaitu eta Ralf Schumacherrek Toyotarako bidea hartu zuenean, Williamsek ez zuen kataluniarra kontuan hartu hutsik utzitako eserlekua betetzeko.

Kasu honetan Fernando Alonsoren ordezko izango dena Stoffel Vandoorne gidari interesgarria izango da. Belgiarra aspalditik da McLareneko gidari, baina taldeak inoiz ez dio aukera eman 1 Formulan, gehinez ere proba gidari lanetan aritu baita (eta hori ere gutxitan). Aurten Japoniako SuperFormulan ari da, GP2 tankerako autoetan, eta ezustean jaso du deia. Albistea jakin bezain pronto aireportura joan da, Japoniatik Bahrainera hegaldia hartzera.

Vandoornek badaki Sakhir-go zirkuituan irabaztea zer den. Duela bi urte, GP2 kategorian lasterketa irabazi zuen, eta iaz pole/lasterketa parea lortu zuen, goitik behera dominatuz irabazi zuen txapelketaren barruan.

Alonsok erabakia ulertzen du

Bere instagram kontuan azaldu duenez, azken egunera arte saiatu da Bahrainerako prestatzen. Azken egunak gogorrak izan direla onartu du, halako istripu bortitza jasan eta gero, baina egunotan taldeak egindako lan eskertu du, haren osasun egoera uneoro aztertzen eta hobetzen saiatu direlako. FIAko medikuen erabakia onartu egiten du ezbaian jarri gabe, ia ziur McLarenek azterketekin bat etorriko direlako. Hemendik aurrera osatzen jarraituko du, eta bien bitartean Stoffel Vandoorneri laguntzen saiatuko da, oso beharrezko izango baitu gidari gazteak espainiarraren aholkua, prestakuntza eskasarekin eseriko baita lasterketari begira.

He intentado hasta el último minuto correr en Bahréin después del accidente de Australia, han sido días duros lógicamente después de un impacto tan grande pero hasta el último segundo pensaba solo en ayudar al equipo después del trabajo increíble que han hecho esta semana. Entiendo la posición de los doctores de la FIA y ahora intentaré ayudar con todas mis fuerzas a mi compañero @svandoorne para sacar el máximo partido al fin de semana. Gracias a todos?? I tried until the last minute to race in Bahrain after the accident in Australia, have been hard days logically after such an impact, but until the last second I try to race to help the team after the incredible work they have done this week. I understand the position of the FIA doctors ​​and now I will try to help my teammate @svandoorne to make the most of the weekend. Thanks to everyone ?? #mclarenhonda #oneTeam

A photo posted by Fernando Alonso (@fernandoalo_oficial) on

FIAren prentsaurreko ofizialean adierazi duenez, saihets hezur bat hautsia du. Halako zauriek hilabete inguru behar izaten dute osatzeko, eta 1 Formula auto batean eserlekuaren kontra jasaten diren indarrek ez dute hala nolako egoerarik onartzen. Guztiz osatu beharko du berriz probatu arte, eta horrek esan nahi du Txinan ere -bi aste barru- baja izan daitekeela. Beste istripu batek birika zulatzeko arriskua eragingo lukeela ere jakinarazi du.

Beste istripu batek birika zulatzeko arriskua luke” – Alonso

Azken bi denboraldietan bi aldiz istripu larri batek lasterketa batetik kanpo utzi duelarik, ez nintzateke harrituko Alonsoren burutik bere etorkizunari buruzko hausnarketa pasatzea. McLarenek izan behar zuen bere ibilbidea berriro zuzenduko zuen taldea, proiektu berri bati ekinez bere azken txanpan. Baina orain arte ekarri diona ikusita eta dagoeneko mutiko kozkor bat ez dela jakinda, bere etorkizuna autoetatik urruntzen ari dela esango nuke.



Comments are closed.