Ferrarik ostiraleko huts batengatik galdu du

"Hurrengorako bazekiat!"

“Hurrengorako bazekiat!”

Sebastian Vettelek lasterketa amaitu eta gutxira egindako adierazpenetan estrategia mailan egindako akatsak aipatu ditu. Lasterketaren emaitza aldatuko zuten seguruenik, eta garaipena bera posible zutela pentsa daiteke. Bandera gorria izan da Alonsoren eta Gutierrezen istripuaren ondorioz, abantaila guztiak ezereztu dituena alde batetik, eta estrategiak berriro planteatzera bultzatu duena.

Hamabigarren itzulian sartu da Vettel boxetara, pneumatikoak aldatzera. Larunbatean erabili zituen superbiguinak kendu (lasterketa haiekin hasi behar du) eta superbiguin berriak jarri ditu. Itzuli bat beranduago Rosberg sartu da, honek biguin berriak jarri dituelarik. Horrek Raikkonen eta Hamilton utzi ditu aurrealdean. Baina 17. itzulian iritsi da Alonsoren istripua eta guztiek hartu dute boxetara sartzeko erabakia.

01-australia-lap-chart_0[1]

Hor egon da Ferrariren hutsa; gainerako ia guztiek pneumatiko ertaina (txuria) aukeratu baitute, harekin lasterketa amaiera arte irauteko asmoz. Ostiraleko proba eguna horretarako erabiltzen dute taldeek, hain zuzen: pneumatiko bakoitzarekin pistaren ezaugarrien arabera zenbat itzuli eman ditzaketen kalkulatzeko eta zein denbora galera pilatzen duten hauek higatuz joan ahala.

Ez dakit ostiraleko lan horiek ez ote zituzten behar bezala egin edo pneumatiko superbiguinekin Mercedesi aterako zion aldea beste geldialdi bat egin eta aurrean mantentzekoa ote zen. Kontua da lasterketaren etenaldiaren ostean Vettelek Rosbergen aurretik zirauela, eta hor bakoitzak erabaki desberdina hartu duela. Hamilton eta Raikkonen geldialdi horrek kaltetutakoen artean daude, euren geldialdia egin berriak baitziren. Vettel eta Rosberg, ordea, aurrean ziren berriro eta aukera librearekin.

01-Australian-Race1-1k-EN[1]

Vettelek, superbiguina jantzi du hirugarren aldiz, baina pentsaezina zen harekin oso urrun joatea. Azken tandan biguina jarri badu ere, aurretik zituen ordurako Mercedeseko biak. Pneumatiko horiekin Hamilton ertainekin baino azkarragoa izan da, baina aurreratzeko zailtasunak izan ditu eta azken aurreko itzulian luzea joan da, aukera guztiak galduz.

Benetan arriskatzea pneumatiko biguinak jartzea litzateke

Ferrarik lasterketa kontrolpean zuen bi autoak aurrealdean izanda. Superbiguinetan gehiegizko konfidantza izan dute. Agresiboagoak izan direla aipatu bada ere, kontrako arrazoia aipatu du Maurizio Arrivabenek: beldur zirela berriro lasterketari ekitean pneumatikoek tenperatura hartzeko beharko zuten denboragatik. Ausartago izan behar zuten, pneumatiko ertainak jarrita kasurik txarrenean izan duten emaitza errepikatuko luketeelako. Benetan arriskatzea, ordea, pneumatiko biguinak jartzea litzateke, eta haiekin amaiera arte iristen saiatzea. Baina hori ostiralean probatu beharrekoa da.



Comments are closed.