Goazen atzera, hobea zen eta

Aldi berean estreinaldi asko elkartu dira Australian. Lehen alderaketa ikusi ahal izan dugu, guztiak baldintza berdinetan zeudela. Horrez gain, sailkatze sistema berriaren lehen froga izan da gaur goizekoa. Hitz bakarrean labur daiteke: porrota. Lehenago ere esan nuen 1 Formulak arazorik baldin bazuen, hori ez zegoela sailkatzean. Horixe ukitu dute eta emaitza oso txarra izan da, guztiek behintzat bat egin dute horretan. Baita sistema honen alde egin zuten talde zuzendariek ere. Experimentua amaitu eta berehala hurrengo lasterketarako alda ote daikteen galdezka ari dira euren artean.
827499[1]Lehen eta bigarren sailkatzeak modu onargarrian joan dira. Espero zirenak kanporatu dituzte, ia espero zen ordenean. Daniil Kvyat soilik izan da nahi baino lehenago jokoz kanpo geratu dena. Hori ere izan baita eguneko beste albiste bat: taldeek ez dute ondo barneratu sistema berriaren prozedura. Gidari asko eta asko itzuli saiakeran ziren denbora agortu denean. Egungo sistemak ez du itzulia amaitu arteko denbora ematen, ez baita saio amaierako bandera bezala. Koadrodun bandera astintzen bada ere, gidariak itzulia osatu arte baimena du. Kanporaketak irauten duen 90 segunduetan ez, ordea.
Hirugarren sailkatze saioan, Q3an, itzuli bakarra eman ahal izan dute pole-rako hautagaiek. Hura eman eta argi geratu da zein izango zen bakoitzaren postua saioa amaitzerako. Eta hala gertatu da, bost minuturen faltan ez baita beste ezer gertatu -Rosbergen denbora hobetzea kenduta- eta guztiak autotik jaisten hasi dira. Une lotsagarria izan da sistema hau onartu dutenentzat, gidariak autotik jaitsita. Ez emoziorik, ez ezustekorik, ez ezer. Atzera bota eta sistema honek zer bilatzen zuen ikertu nahian, “irteera parrilla iraultzeko helburua” zuela topatu dut.

2016-australia-vettel-qualy

Gaurkoz akabo

Arazoen aurrean kritiko agertzea onargarria den bezala, konponbideak aurkitzea txalogarria da.

Goazen banaka. Arazoen identifikazioa:

  • Pneumatiko sorta bat daukate Q3 saiorako, Pirellik astebururako aukeratu dituen artean biguinena. Baina itzuli bakarra emateko aukera ematen dute, nekez bigarrena.
  • Mantsoena den gidariak behar du beste itzuli bat emateko denbora, baina huraxe da horretarako denbora gutxien duena. Gidari asko itzulia hobetzen ari zirela joan dira kalera, itzulia amaitu aurretik denbora amaitu baitzaie.

Horietako batzuk jaso ditut:

  • Pneumatiko iraungarriagoak erabili, itzuli baten ordez bi, hiru edo lau emateko. Honela autoak erregaia xahutuz joan ahala, gero eta itzuli azkarragoak emateko aukera lukete… ba al dago gidari batentzat pistara ateratzeko amu hoberik?
  • Lehengo sistemara itzultzea, guztiek amaiera arte denbora izan dezaten.

Christian Hornerrek zaletuei barkamena eskatu behar zaiela adierazi du. Toto Wolffek sistema berria zaborra dela esan du amaitu eta berehala. Bernie Ecclestone ez du inork ikusi.

Beste ohar batzuk

Hamiltonen 50. polea izan da gaurkoa, nahiko erraz lortu duena. Bera izan da 1:24ko markatik jaitsi den bakarra, eta iaz Rosbergek hasitako pole zerrenda eten du. Behar zen unean agertu da britainiarra kritika guztiak (nire barne) isilarazteko.

Horrez gain, aurtengo denbora iazkoa baino 2,5 segundu azkarragoa izan da, zehatz esanda 2,489 segundu. Pneumatikoetan dago hobekuntza honen arrazoi nagusia, gainerako parametro gehienak asko aldatu gabe mantendu baitira azken urtebetean.

2016-australia-qualy

Hamiltonen 50. polea



Comments are closed.