Lewis Hamilton, gidaria ala izarra?

Bere jet pribatuan

Bere jet pribatuan

Hiru aldiz da munduko txapeldun (2008, 2104, 2015) eta horretan ezin zaio ezer eztabaidatu. Erakutsi du zer egin dezakeen 1 Formula auto batekin, gutxik bezala. Azken bi tituluak Mercedesekin lortu ditu, lehena McLarenekin eskuratu eta gero. Talde hartan oso kontrolatua omen zegoen, Ron Dennis begiralearen gerizpean. Horrek bultzatu zuen taldez aldatzera, McLarenen gainbehera hasi zen une berean. Mercedesen giro berria topatu zuen, lasaiagoa, muga gutxiagorekin, eta hori eskertu zuen, bi titulu lortuz bide batez.

Bizimodu horri gustua hartu dio eta Lewis Hamiltonek zirkuituetatik kanpo beste bizitza bat topatu du, oso gustuko duena. Gero eta gehiago dira bere twitter edo instagram ekarpenak munduko hainbat tokitan, ia beti ikuskizun desberdinetako izarren alboan, goi mailako ekitaldietan edo oso gutxiren eskura dauden tokietan. Egoera izugarri aldatu zen 2015ean, eta ez dirudi aldaketa datorrenik. Alderantziz, bide horretatik jarraitu nahi duela dirudi.

Rihannarekin Barbadosen

Rihannarekin Barbadosen

“Orain arte [2015eko abendua] ez nuen hortik kanpora ateratzeko asmorik. Uste dut iaz hiru aldiz atera nintzela, burubelarri nenbilelako. Baina gehiegizkoa da. Aurten benetako transizioa gertatu da niretzat”. Esan eta egin. Iaz mundu osoan barna ibili zen batetik bestera, zegon tokian zegoela ere horren berri sare sozialetan emanez. Tarteka bere janzkera estiloa ere agertzen du, modarekin gustura sentitzen omen baita eta bere estilo propioa garatzen ari delakoan.

Musika estudioan

Musika estudioan

Baina 1 Formulatik kanpo bere arreta gehien bereganatzen duena musika da. Hamiltonek ez du ezkutatu musikarako zaletasuna, eta haratago doa, musika konposatzen ari baita aspaldidanik: “Piskanaka dator. Horretan lan handia egin dut aurten, musika material asko daukat dagoeneko prest. Bada norbait laister hura entzungo duena [ekoizle bat]”.

“Badut lantalde bat, nire musika lagunek nirekin bidaiatzen dute, eta lasterketa asteburuetan zirkuituko lana arratsaldeko seietan edo zazpietan amaitutakoan, zuzenean hotelera joaten naiz eta nire logelan aritzen naiz idazten eta grabatzen. Oheak altxa eta hantxe egiten dugu. Askotan goizeko ordubata arte aritzen gara grabatzen, hurrengo egunean esnatu eta autoa gidatzera. Erokeria da”.

lewis-hamilton[1]Hamiltonek adierazi zuen iazko Hungariako Sari Nagusian, non urteko emaitzarik txarrena lortu zuen, lasterketa eguneko goizean izan zuen pertsonaia famatuen ekitaldi batek negatiboki eragin ziola. Bezperan Ridley Scott-en The Martian pelikularen grabaketara gonbidatu zuten gertuko estudio batera, eta Hamiltonen esanetan “ez nuen goizeko ordubata arte lo hartu eta goizeko 4etan esnatu nintzen”, ustez ekitaldi horretarako. Horren ondorioz, lasterketa hasi baino lehen “izugarri gaizki” sentitu zen.

Hainbeste distrakziok 1 Formulatik urruntzen dute, zalantzarik gabe. Bere mailak behera egin zuen bigarren erdian, titulua lortzeko Rosbergen zorte txarra ezinbesteko lagun izan zuelako. Hamiltonen ustez, ordea, motibazio kezkarik ez du: “Motibazioa benetan erraza da, harekin jaio nintzen. Ez da inoiz desagertzen. Niki Laudak gozatzeari utzi zioneko egunaz hitzegin zidan. Hori gertatu arte aurrera jarraituko dut. Hirugarren txapelketa lortuta, ez dut uste amaiera heldu denik. Hau hasiera besterik ez da”. Zeren hasiera, ordea?



Comments are closed.