Magia beltza

Beste behin, Lewis Hamiltonek motore arazoa izan du sailkatze saioan eta ezin izan du parte hartu Q3 txandan. Zuzeneko ondorioa urteko bigarren polea Nico Rosbergek eraman duela izan da, baina urteko laugarren lasterketan tituluak hain bide nabarmena hartu izana da benetan kezkagarria. Mercedes autoak ez omen daude aurreko urteetan bezain urrun, aste honetan Daniil Kvyat-ek adierazi duenez, baina edozein kasutan, ez dago haiei irabaziko dienik. Iaz garai honetan Sebastian Vettelek lasterketa bat irabazia zuen dagoeneko, urteko bigarren lasterketa zena, Malaysian. Aurten ez dute zirkuitu hori zapaldu oraindik, bederen.

2016 Txina Rosberg

Berriro gerta daitekeen irudia

Nico Rosbergek aurkari zuzenik gabe hasiko du bihar lasterketa, Sebastian Vettel bera zazpigarren irtengo baita. Ferrarikoaren aldagailuan arazo bat topatu zuten atzo eta berria erabili beharrean izan da, ondorioz bost postuko zigorra jasoz. Hala, Rosbergen alboan Valtteri Bottas aterako da, ezustean eta merezi gabe. Hala ere, saria da bientzat. Rosbergentzat, albokoa ez delako aurkari zaila, eta Bottasentzat, lehen lerrotik ateratzea ez zuelako inondik inora espero. Irteera onak egiten ari da Williams aurten, eta horrek anima dezake zertxobait aurrekaldea.

Gainerakoa, Bernie Ecclestoneri arrazoia emateko motibo izango da. Hau da, gidari azkarrak atzeko postuetatik ateratzeak dituen abantailak ikuskizunari dagokionean. Vettel zazpigarren eta Hamilton hamargarren, lehia ederrean izango dira, Txinan gertatu bezala. Orduko hartan Hamilton azken postutik atera zen eta lehen bihurgunean aleroia galdu zuen. Vettelek ere izan zuen istilu franko lehen bihurgunean, Kvyatekin izandako lehian Raikkonen atera baitzuen pistatik.

Okerrena Hamiltonen kasua da, titulua urruntzen ari baitzaio. Berari leporatu dakizkioke hainbat arrazoi, bere jarrerarekin zerikusia dutenak batez ere. Baina taldeak ez dirudi bere atzean %100 ari denik. Huts gehiegi izaten ari dira, irteeratan oso ahul baitaude; pole-an zen gidariak beti galdu du postu hori lehen bihurgunean. Horrek Hamiltonen emaitzak baldintzatu ditu, eta neurri batean baita Rosbergenak ere, nahiz eta azken honek lasterketa irabaziz amaitu duen.

2016-errusia-hamilton-qualyBaina irteerez gain, motorearen unitate hibridoarekin arazoak izan ditu Hamiltonek bigarren lasterketan jarraian, MGU-H gailu elektrikoaren erruz. Bi kasuetan hutsa sailkatze saioan gertatu da, igandeko lasterketarako irteera postua atzeratuz. Azken bi urteotan Mercedesen gertatu izan dira sendotasun arazoak, baina aurten neguko probetan zerbait erakutsi baldin badu taldeak, hori sendotasuna izan da. Arazo bakarra izan zuten, Hamiltonen aldagailuarekin. Hori kenduta, inoiz ikusi izan dugun negurik indartsuena sinatu zuen Mercedesek. Horixe aipatu du gaur: “Zer gertatzen ari den biziki jakin nahi dut. Neguko probako egun bakarrean 800 km osatu genituen. Autoa hutsegin ezina zen”.

Zer gertatzen ari den jakin nahi dut” – Hamilton

Denboraldi honetan gertatu da, ordea, aldaketarik. Magia beltzan ez dut sinisten eta hemen ere egon behar du arrazoi batek. Ez dut esango hau denik, baina bada iazkoarekiko aldaketa. Talde bakoitzak bi talde izaten ditu, bakoitzak gidari batekin lan egiten duena. Talde horretan mekanikariak daude, ingeniariak eta lasterketa arduraduna, estrategia zein komunikazioa antolatuko dituena. Bada aurten, bost pertsonak aldatu du talde batetik bestera, hau da, Hamiltonen taldetik Rosbergenera eta alderantziz. Bost horien zeregina Mercedesek bakarrik daki, baina asko dira.

Iaz Rosbergek zenbait arazo izan zituen, haietako batzuk lasterketa buruan zela. Adibidez… Errusiako Sari Nagusian. Lehen postuan zela, azeleragailuko pedalaren pieza bat hautsi eta haren erantzuna galdu zuen. Italiako Sari Nagusian motorea hautsi zitzaion, Vettelengana gerturatzen saiatzen ari zela. Aurten Rosbergek ez du arazo bakar bat bera ere izan, eta aldiz, Hamiltonek baditu bi arazo larri lau lasterketak osatu baino lehen. Mercedesek dagoeneko bi titulu eman dizkio ingelesari, eta orain alemaniar batekin lortu nahi dutela dirudi. Itxura hori du… itxura bakarrik ote?

Labur esanda

1994-roland_ratzenbergerGaur betetzen dira 22 urte Roland Ratzenberger Imolan hil zela, Simtek-Ford autoaren aurreko aleroia galdu eta hormigoizko horma jo zuenean. Hogeita hamahiru urte zituen austriarrak eta bere lehen denboraldia zuen 1 Formulan. Aurreko kategoriatan ez zuen berebiziko lorpenik, baina gidari hasi berriaren ilusioa zuen, bera bezala hasi berria zen Simtek taldean. Bezperan Rubens Barrichellok izan zuen istripua. Hurrengoan Ayrton Sennak.


Lewis Hamiltonek bigarren bihurgunean pista irteera izan du sailkatzean eta ez du derrigorrezko bidea hartu pistara itzultzeko. FIAk ez du zigortu baina arretara deitu du. Beste ohartarazpen bat jasoz gero, 10 postuko zigorra izango du.


2016-errusia-perez-hulkenberg-100Force Indiako bi gidariek 100. lasterketa ospatuko dute Errusiako Sari Nagusi honetan. Sergio Perezek eta Nico Hulkenbergek talde desberdinetan hasi zuten ibilbidea, Sauberren batak eta Williamsen besteak, baina elkarrekin ospatu dituzte 100 lasterketak.


2016-errusia-qualy



Comments are closed.