李斯亞多巨星

Ez dut ukatuko Daniel Ricciardo oso gustuko dudala. Gidari azkarra, garbia eta paddockean koloretsuena. Irribarrea ahoan, baina sekulako grina barruan. Duela urte batzuk Red Bulletin aldizkariak (izenak dioen bezala Red Bull-en aldizkaria da) Sebastian Vettel zuen portadan, eta “Smiling assasin” titulua jarri zioten. Ezin du Vettelen palmaresarekin alderatu, batez ere biak taldekide izan baino lehenago lortu zituelako tituluak alemaniarrak, baina biek batera egin zuten urte bakarra australiarentzat izan zen. Hiru garaipen lortu zituen 2014an, Vettelek bat ere ez. Gero Vettel Ferrarira joan zen eta Ricciardo da ordudanik Red Bulleko buru. Eta beti, beti, irribarre batekin. Ea hurrengo bideoa serio-serio ikusteko gai zareten.

Gaur, mutil irribarretsu honek sekulakoa egin du Txinan. Renault motorea Mercedesen eta Ferrariren atzetik dago, zalantzarik gabe. Red Bull ari da motorea garatzen eta itxuraz lan ona egiten ari dira, baina ezin da ukatu indar gutxikoa dela oraindik. Bestela, Renaulten talde ofiziala Q1ean lokaztuta gelditu dela ikustea besterik ez dago.

2016 Txina WehrleinDaniel Ricciardok bigarren denbora lortu du, bi Ferrari autoen aurretik. Euripeko sailkatzea izango genuela zirudien, eta hor bazuen itxaropenik Ricciardok, txasi aldetik oso auto jostagarria baita RB12. Baina euria goizez bakarrik izan dute, FP3an adibidez. Sailkatzea hasi eta berehala lehortuz joan da zirkuitua. Pascal Weherleinek uste baino hezeagoa zegoen, ordea, Mercedeseko gazteak 1 Formula autoen arriskua pairatu baitu helmugan bertan zegoen ur korrontea igarotzean.

Rosberg jaun eta jabe

Ricciardoren aurretik amaitu duen bakarra Nico Rosberg izan da. Sailkatzeko une batzuetan pole-rako lehia estua izango zela bazirudien ere, azkenean nahikoa erraz lortu du alemaniarrak. Segundu erdi atera dio Daniel Ricciardori azkenean, eta zertxobait gehiago Kimi Raikkoneni. Sebastian Vettelek ez du oso itzuli ona egin, guztia jokatu baitu itzuli bakarrera eta ez zaio nahi bezain itzuli borobila atera. Baina adi, beheko grafikoan ikus daitekeen bezala, pneumatiko superbiguin bat gorde du biharko lasterketarako, eta hiru geldialdiko lasterketa aurrikusten denez, oso mesedegarria izango du.

Kontuan izateko beste puntu bat: lasterketa Q2an erabilitako pneumatikoekin hasi behar denez, Nico Rosberg-ek biguinak (horiak) erabili beharko ditu irteeran, eta bere inguruko guztiek superbiguinak. Lehen itzulietan atzekoei eusteko lanak izan baditzake ere, lehen box geldialdira beranduago sartuko denez ia ziur lehen postua mantenduko du une hori iristean. Berez, egoera indartsuan dago alemaniarra pneumatikoei dagokionean.

2016-txina-qualy

Ez du horren irteera ona izango Lewis Hamilton taldekideak. Gaizki hasi zuen asteburua, autoaren aldagailuan arazo bat topatu baitzioten, berri bat hartzera behartzen zuena, eta sailkatzeko emaitzari bost postuko zigorra gehituko ziona. Ez da horren beharrik izan, Q1 saioan ez bait osatu ere egin, autoaren sistema hibridoan (elektrikoan) arazo batek indar berriztagarririk gabe utzi baitu. Beraz, Mercedesen egungo eta etorkizuneko izarrak, Hamilton eta Wehrlein, azken lerrotik irtengo dira. Egungo munduko txapeldunak kiroltasunez hartu du atzerapausoa, gertatzen ari zaiena haien ahalmena neurtzeko dela gehituz. Lasterketa dibertigarria aurreratu du, Txinan posible baita aurreratzea.


 

李斯亞多巨星 -> Ricciardo superstar



Comments are closed.