Errusia: eguneko irabazle eta galtzaileak

Lautik lau. Eta nola gainera. Nico Rosbergek dagoeneko handiegia den aldea pilatu du eta txapelketak bere izena du izki nagusietan. “Grand Slam” deitzen dena lortu zuen: pole-a, itzulirik azkarrena, lasterketako itzuli guztiak buruan osatzea eta garaipena bera. Lehen aldia zuen hori lortzen zuena, baina orain arte daraman emaitzen ondorio ulergarria da. Titulurako autopista hartu du.

Irabazle: Nico Rosberg

2016-errusia-rosberg-raceEz da nire errua lautan irabazle jarri izana. Baina Errusian benetan bikain aritu da, egoera uneoro kontrolpean izanik eta Lewis Hamiltoni inongo momentutan itxaropenik eman gabe. Bakarrik egin zuen lasterketa osoa, aspaldiko partez pole-an zen gidariak bere postuari eutsi baitzion eta ispiluetatik ikusi zuen irteerako saltsa guztia. Aurkaririk gabe egon da asteburu osoa, eta horrela irabaztea erraza da. Baina bere meritua ez da garaipena izan, baizik eta inolako presiorik gabe topera aritu dela. Itzuli azkarrena lortu zuen azken aurreko itzulian, eta hogeita bost segunduko aldearekin irabazi zuen. Hamiltonen arazoak arazo, lasterketako gidaria izan zen Rosberg.

Zazpi garaipen daramatza jarraian, iazko eta aurtengo lasterketak kontuan hartuta. Ez da zortea bakarrik, guztia da. Aspalditik ari da txapeldun izateko lanean eta orain jasotzen ari da uzta. Hamiltonen beherakadan eragin du, zalantzarik gabe, eta daukan aldearekin badu txakalaldi bat izateko aukera ere, 43 puntuko aldea baitarama.

Irabazle: Williams

2016-errusia-williamsFerrari eta Red Bull aurretik ditu abiadura gordinean, horregatik pozik egon behar dute atzo laugarren eta bosgarren amaitu ostean. Mercedes garaitezina da guztientzat, eta horrek esan nahi du hirugarren egitea garaipenaren pareko dela. Atzo Raikkonenek kendu zien hirugarren postua, baina auto gorriak maila bat gorago daude. Hala ere, Vettel, Ricciardok eta Kvyatek puntuen zorroa hutsik jaso zutenez, Williamsek aurrerapausua eman zuen taldeen sailkapenean. Aurrekoengandik urrun, baina atzekoak ere urrun izan zituztenez, nahikoa lasterketa lasaia izan zuten. Lau lasterketatan hirugarren aldiz boxetako geldialdirik azkarrenaren saria eraman zuten, 2,2 segunduko geldialdi bati esker.

Irabazle: McLaren

2016-errusia-alonso-raceBi autoak puntuetan sartzea pozik egoteko modukoa da edozein talderentzat. McLarenentzat are gehiago, halako gertaerak aspaldiko kontu baitira. Alonsok oso lasterketa serioa osatu zuen seigarren amaitzeko, Williams autoengandik urrun. Eric Boullier-en esanetan, Honda motorea oso egartsua da eta horrek nahi bezain azkar ezin joatera bultzatzen omen die. Pentsa, 50 segundu inguru galdu arazi zizkiela adierazi zuen, eta horiek konponduz gero Williamsekin lehiatuko zirela esan. Oso ausarta izan behar da halakoa botatzeko, 50 segundu irabaztea “besterik” ez dutela behar esanez. Autoak badu zertan hobetu oraindik, baina lasterketa ona izan zen McLarenentzat. Ez da nahikoa, baina hobetuz doaz.

Irabazle: Kevin Magnussen

2016-errusia-magnussenRenaultentzat urteko lehen puntuan izan ziren, taldearen maila zer nolakoa den erakusten dutenak. Autoa ez zen gauza izan Q3tik aurrera egiteko larunbatean, Sauber eta Manor autoekin batera zulo beltzean geratu baitziren. Horregatik meritu handia du Kevin Magnussenek zazpigarren posturaino eramatea, lasterketaren bigarren erdia presiopean osatu eta gero. Atzetik zituen Grosjean, Perez, Button eta Sainz, guztiak goseti, baina guztiak ere euren postuei eusteko lehian. Renault autoak ez du motore indartsurik, ez eta txasi orekaturik, baina Magnussenek bikain kudeatu zituen lasterketaren gako ziren pneumatikoak, haiek amaiera arte irauteko goxo-goxo gidatuz. Renaulten helburua ez da 2016 hau, baina beharrezkoak ditu puntuak.

Galtzaile: Lewis Hamilton (eta Mercedes)

2016-errusia-barbados-hamiltonGehiegizkoa izaten ari da Hamiltonen inguruan gertatzen ari den guztia. Zati bat bere erantzukizuna da, autoa batera eta bestera darabilena bera baita. Ez dut gustuko bere jarrera azkenaldian, gertatzen ari denak berarekin zerikusirik ez balu bezala dabilelako. Gidari bezala miresgarria iruditu zait beti, batez ere V8 motoreen garaian. Aspaldi honetan dizdira galdu du. Erruaren beste zati bat Mercedesena da, Rosbergen garaje aldean hain ondo dabilen auto berdina Hamiltonen garaje aldean ez delako hain sendoa. Zerbait huts egiten ari da eta Hamilton bere alde mantendu nahi badute konpondu beharra daukate. Atzo ur ihes bat izan omen zuten lasterketan, konpontzea lortu zutena. Lasterketaren ondoren Toto Wolff-ek adierazi zuenez, Rosbergen motorean ere izan omen zuten sentsore baten irakurketa kezkagarria. Ez zuen batere sinesgarritasunik, ordea.

Galtzaile: Sebastian Vettel

2016-errusia-vettel-istripuaLau lasterketatik bitan ez da lehen itzulitik pasa (Bahrain eta Errusia), eta beste batean lehen itzulian autoa kaltetu du (Txina). Gehiegi. Txinan errua guztiz berea izan zen, baina Errusian atzetik jo zuen Kvyatek birritan. Aldagailuan arazoa topatu eta irteerako bigarren postua zazpigarren bilakatu zen zigorraren ondorioz. Zazpigarrenetik atera eta berehala postuak irabazteko aukera zuen, eta Raikkonenen abiadura ikusita, podiuma ziur zuen, bigarren edo hirugarren postua argitzeke. Ferrari nahi eta ezin ari da, eta Maranellon pazientzia gutxi gelditzen da, handik datozen adierazpenak entzunda. Garaipen bat behar du taldeak lehen bait lehen, eta hori Vettelen eskutik bakarrik irits daiteke.

Galtzaile: Daniil Kvyat

Askoren ustez, “galtzaile” hitza erabili ordez “errudun” hitza erabili beharko nuke, baina Kvyat ez da gidari zikina. Gehiegi arriskatu duen norbait bai, hori izan daiteke. Hanka sartu zuen, ez behin, baizik eta bitan. Hirugarrenez ere bai, lasterketa amaitu ostean gertatutakoaren errua besteei botatzean. Baina ez du aparteko zigorrik merezi, ondoren barkamena eskatu zuen eta ez da une gozoak pasatzen ariko. Hau guztia iraganean ahaztuta geldituko da berriro gertatzen ez bada, eta batez ere Vettelekin ez baldin bada. Txinatik hona bi protagonistak errepikatu izanak bereziki egin dio kalte errusiarrari, eta Bartzelonan hobe du kontaktua ekiditea.


2016-errusia-wdc



Comments are closed.