Zigor handiegia Kvyat-i

2016-txina-verstappen-sainz-kvyat-ricciardoRed Bullek berehalako erabakia hartu du Bartzelonarako. Daniil Kvyat Toro Rossora bidali du, eta Max Verstappenek gidatuko du haren ordez Red Bullen. Taldeko buru den Christian Horner-en esanetan “Red Bull Racing eta Toro Rosson ditugun lau gidariak Red Bullekin kontratu luzeak izatearen egoera abantailatsuan gaude, eta ondorioz bi taldeen artean mugitzeko askatasuna daukagu”. Ondoren Max Verstappenen trebezia goraipatu du eta Red Bullentzat gidatzeko aukera eman nahi izan diotela adierazi du. Oso ohar laburrean eman du honen berri. Ohar berean Daniil Kvyat bere lehengo etxera itzuliko dela diote, han bere garapenarekin jarrai dezan.

Izugarri gogorrak izan dira taldean Daniil Kvyatekin, baina prentsa oharraren ezkutuko mezua oso argi irakur daiteke. Oharra Max Verstappen goraipatuz hasten da, eta bertan dauden bi argazkiak gazte holandarrarenak bakarrik dira. Ez dago Kvyaten arrastorik apenas, azken paragrafoan bakarrik agertzen baita. Hots, iaz urte osoa haiekin aritu zen gidaria, eta orainte arte ere haiena zena, are gehiago, Red Bullen egituraren parte den gidaria. Ez da beste talde batera joan, Red Bullen jarraitzen baitu, baina dagoeneko iraganeko kontua balitz bezala erakutsi digute.

Baten zigorra, bestearen saria

Kontua da, benetako helburua ez dela Kvyat zigortzea, baizik eta Vertsappen igotzea. Argi eta garbi, Kvyatek ez du merezitako trataera jaso. Jenson Buttonek berak albistea harrigarritzat jo eta bere desadostasuna agertu du twitter bidez, gogora araziz Txinan podiumean izan zela Kvyat, taldearen podium agerpen bakarra izan den lasterketan. Taldeek oroimen laburra dutela ere kritikatu du, #Shortmemories traolarekin.

MOTORSPORT - Red Bull Junior Team, Media DayBaina hemen ez da oroimen arazorik izan, oso helburu argia baizik. Red Bullek aspalditik nahi zuen Verstappen talde nagusian, eta horretarako aitzakia baten zain zebilen. Errusiako lasterketan topatu zuten, eta hori erabili dute aldaketa hau egiteko. Daniel Ricciardo ukiezina da, haren abiaduraz gain bere balioa oso handia baita: mediatikoa da, gainerako gidarien artean errespetatua, eta Red Bullen azken hiru garaipenak bereak dira. Kvyat, ordea, ez da horren erakargarria zentzu gehinetan. Ezustean aukeratu zuten aurrena Toro Rosson lehiatzeko, beste gidari entzutetsuagoei bidea itxiz: Antonio Felix da Costa eta Robert Frijns ziren gidaririk indartsuenak. Baina haien ordez Daniil Kvyat aukeratu zuten, oso ondo ulertzen ez zen estrategia baten barruan.

Are zailagoa izan zen Sebastian Vettel joan zenean Red Bullera igotzeko erabakia. Toro Rosson eman zuen denboraldi bakarrean 8 puntu eskuratu zituen. Jean-Eric Vergne taldekide frantziarrak, aldiz, 22 puntu lortu zituen, baina hura taldetik bota zuten urtearen amaieran. Red Bullek Kvyaten aldeko apostua egiten jarraitzen zuela argi zegoen, nahiz eta 1 Formula munduan ez zuen bere inguruan aldeko iritzi argirik elkartu. Bere alde, esan beharra dago iaz Daniel Ricciardorekin batera aritu zenean, australiarrak baino puntu gehiago lortu zituela, 95 eta 92 puntu bereganatu baitzituzten hurrenez hurren.

Ezin arrazoia aurkitu, eta bat sortu

Ez du denboraldi hasiera ona izan Kvyatek, sailkatzeari dagokionean batez ere. Australian eta Bahrainen oso ahul ibili zen. Gainera, Australian ezin izan zuen lasterketa hasi autoaren arazo baten erruz. Hain justu, iaz bezala. Azken bi urteetan ez du lasterketa itzuli bakar bat osatu Australian. Bahrainen ondo errekuperatu zuen lasterketan zehar, eta zazpigarren amaitu zuen 15. hasitako lasterketa. Txina etorri zen ondoren, non askoz hobeto sailkatu zen, seigarren postuan. Jakina da irteeran zer nolako hasiera ona izan zuen, eta Sebastian Vettel bera izutu zuela barnealdetik aurreratuz. Horrek Vettelen eta Raikkonenen arteko ukitua eragin bazuen ere, alemaniarrak ondoren onartu zuen lasterketako istilua izan zela eta Kvyat ez zela errudun. Errusiarrak lasterketa bikaina eginez podiumean amaitu zuen, Red Bullentzat lehen aldiz. Ricciardo laugarren izan zen, atzetik aurrera egindako lasterketan.

https://www.youtube.com/watch?v=GJKRtY5JdiY

Errusian gertatu zena jakina da. Kvyat zortzigarren sailkatu zen, oraingoan ere Ricciardoren atzetik. Irteera ona egin zuen, posturik galdu gabe eta bigarren bihurgunerako sarrera Vettelen atzean kokatuz. Balaztatzean alemaniarraren autoa jo zuen, hura desegonkortuz eta Ricciardoren gainera botaz. Hurrengo bihurgunean berriro atzetik jo zuen Vettel, oraingoan bortitzago, hesien kontra bidaliz. Halako kolpea jotzeko nahietaezkoa da abiadura diferentzia handia egotea, eta hori ez da posible Vettelek abiadura murriztu gabe. FIAk, telemetria aztertu ondoren, ordea, errua Kvyati bota zion, eta horrek esan nahiko du Vettelek ez zuela nahita mantsotu, baizik eta autoak lehendik zekarren arazo bat izango zela horren erantzule. Beraz, bigarren ukitu honetan Kvyaten ukitua ikusgarriagoa eta amaigarriagoa izan bazen ere, errua ziurrenik txikiagoa izango zen.

Azkenean, Verstappen Red Bullen

Hori nahi zuen Helmut Markok iaz, baina ez zioten utzi. Ordudanik etengabe aritu da Verstappen goiko taldera eramateko asmotan eta Errusiakoa ezin hobeto etorri zaio. Lau lasterketa eta podium baten ondoren, bere tokia galdu duen Kvyat ordezkatuko du. Verstappen oso ikusgarria eta azkarra da, hori oso gustuko du eta hala erakutsi dut berriki. Baina oraindik bazuen zer erakutsi Toro Rosso taldean. Oso kexa ziren iaz Renault motore indargeaz, eta horregatik aurten 2015 espezifikazioko Ferrari motorea dute atzealdean. Espero ziren emaitzak ez dira iritsi, ordea, tartean arazo teknikoengatik.

Urte hasieran nahi zuen taldea du orain Red Bullek. Ezin izan dute gehiago itxaron. Lau lasterketa bakarrik. Nahiz eta Kvyatek Toro Rosson bere ibilbidea jarraituko duen, inori ez zaio zalantzarik geldituko atzerapausoa denik, eta jakina da gidari gutxik dutela etorkizuna Red Bulletik kanpo. Asko dira Red Bullen unibertsotik atera eta talderik gabe gelditu direnak: Alguersuari, Vergne, Speed, Webber, Coulthard, Bourdais, Buemi… kasik esan daiteke Vettel bakarrik izan dela jarraipena nonbait aurkitu duen bakarra.

Aldaketa honek zer pentsatua ere eragin behar dio Carlos Sainzi. Toro Rossoko bi gidarien artean Verstappen aukeratu izana ez dute batere ondo hartuko haren jarraitzaileek, eta Espainiako Sari Nagusiaren ateetan, ikusi beharko da zer nolako harrera egiten dieten Red Bullen bi taldeei. Bestalde, espainiarrak badaki lan hobea egin behar duela taldean jarraitu nahi badu, Red Bull ez baita bi edo hiru denboraldi baino gehiagoko aukera ematen duen estilokoa.



Comments are closed.