Verstappen eta ereduak

Momentuko izarra Lewis Hamilton baldin bada, etorkizunekoa Max Verstappen izan daiteke. Ez dut ukatuko gaur egun ere oso gidari garrantzitsua dela, top 3 batean sartzeko modukoa. Baina oraindik ez da inoiz titulu bat lortzeko borrokan sartu eta ez dirudi aurten hori aldatuko denik. Dagoeneko bosgarren denboraldia du 1 Formulan, 2015ean egin baitzuen debuta. Beti Red Bullen taldeetan aritu da.

Gidari gisa maila izugarria dauka, talentu itzela. Buruz burukoan beldurgarria eta lasterketan manten dezakeen abiadura maila oso gutxik daukate. Atzo laugarren sailkatu zen eta normalean lasterketa hasitako postuan baino hobeto amaitzen du. Baina oraingoan ez ditut haren dohainak goraipatu nahi. Horiek hasi zenetik ditu eta beste posta batean gorde nituen.

Goi mailan dabilen 1 Formula gidari batek begi asko ditu hari so, eta gazte askoren eredu da. Egun hezkuntza parekidea eta solidarioa bultzatzen ari garen garaian, eginkizun hau ez da ikastola edo familia giroan bakarrik exijitu behar. Itzal handiko pertsonaiak dira askotan gehien eragiten dutenak, eta horien artean sartu behar da Max Verstappen. Zoritxarrez adibide asko eman ditu dagoeneko.

2018 Brazil

Lasterketa poltsikoan zuen Verstappenek, baina Esteban Oconek pneumatiko berriak jantzi berriak zituen eta liderra baino azkarragoa zen une horretan. Galdutako itzulia berreskuratzera zihoan, horretarako Verstappen aurreratuz, baina maniobra ez zen ongi atera eta elkar jo zuten. Lasterketa amaieran Verstappen sutan joan zitzaion Oconi, egindakoaren kontu eske. Ulergarria bezain gizatiarra da haserrea, baina ezin da modu horretan kanporatu. FIAk bi eguneko lan sozialak inposatu zizkion zigor gisa, aurten bete duena.

2019 Txina

Sailkatzea saioko azken Q3 zatian gidari gehieneak oso denbora tarte urriarekin ekin zioten itzuliari (saioa amaitu aurretik hasi behar zuten itzulia). Bakoitzak pistan bere postua errespetatu ordez, Vettelek denboraz larri zebiltzala ikusirik Verstappen aurreratu zuen. Bere ondoren gauza bera egin zuten Hulkenbergek eta Ricciardok. Hala, Verstappenek azkenean denbora galdu eta saioa amaitu zela gainditu zuen helmuga marra, beste itzuli bat osatzeko aukerarik gabe. Bere erantzuna, besteak madarikatzea izan zen, “wankers” deituz (babo, ergel edo gaztelerazko “gilipollas”).

2019 Katalunia

FP3 saioan Lance Stroll bere itzulia prestatzen ari zen, eta Max Verstappen berea amaitzen. Biek elkar topo egin zuten azken txikanean, eta lehenak bigarrenaren itzulia zertxobait zapuztu zuen. Horri honela erantzun zion nederlandarrak:

Taldea: “Ok, adi egon Stroll-ekin orain, bere itzulia hastera doa”

Max Verstappen: “Bai badakit, doala pikutara. Berak ere nire itzulia zapuztu beraz itxaron dezake orain. Pikutara”

FP3 Team Radio - GP: "Ok look out for Stroll now, starting a timed lap" MAX: "Yeah I know, fuck him. He also fucked my lap so he can wait as well. Fuck."



Comments are closed.