Bikini operazioa

Taldeek ere badute bikini operazio beharrik aurten. Gehienok bezala, neguan nahikoa lan ez egiteagatik udan ordaintzeko arriskua ekiditeko. Nahiz eta 1 Formulan erakustaldi garaia martxoan hasten den, txapelketarekin batera.

Horren harira, Williamsek hartu duen erabakia nabarmendu nahi dut gaurkoan, labur bada. Hona hemen Williams Racing FW44 autoaren itxura denboraldi hasieran.

Nicholas Latifi, Williams Racing FW44, Bahrain – 2022/03/12

Eta orain asteburu honetako irudia:

Nyck de Vries, Williams Racing FW44, Bartzelona – 2022/05/20

Ageri du autoak pintura asko galdu duela, karbonoaren kolore beltz naturala agertu baita. Bada horretarako arrazoia, eta pisuan datza. Autoak astunagoak dira aurten, gurpilak handitu dituztelako, zoru efektua handitu delako autoetan eta txasiaren zurruntasuna handitu delako, besteak beste. Horregatik, iazko 752 kiloetatik 792ra igo zuen pisu minimoa. Baina ondoren zifra hori ukitu zuen, zertxobait egokituz. Hiru kilotan gehitu zuen pisua, eta hortaz aurtengo autoen pisu minimoa 795 kg.tan dago.

Asko badirudi ere, taldeek lanak izan dituzte pisu muga horretan sartzeko. Ez bakarrik Williamsek bezalako talde txikiek; Red Bullek ere onartu zuen denboraldia nahi baino astunago hasi zutela, eta Bartzelonara ekarritako berrikuntzen helburu bat kilotxo batzuk galtzea izan zen.

Pisua beti izan da abiaduraren aurkari nagusia. Baina alde batetik pisua bera desabantaila bada ere, haren kokapena kasik garrantzitsuagoa da. Horregatik, taldeek beti ahalik eta auto arinena eraikitzen duten, pisu minimora iristeko falta den pisua toki egokienean jarriz. Kokapen hori ahalik eta baxuena da, baina autoaren jarrera aldatzeko aurrerago edo atzerago jar dezakete.



Comments are closed.