Guztiak irabaziko al ditu Red Bullek?

Urteko zazpigarren lasterketa izango da Bartzelonakoa. Bederatzigarrena izan behar zuen, baina lehenengo Txinak eta ondoren Imolak denboraldia laburtu egin zuten. Hortaz, sei lasterketa ospatu dira gaur arte, eta haiek guztiak Red Bull taldeko gidari batek irabazi ditu. Guztira hogeita bi lasterketa ditu 2023ko denboraldi honek, eta igandekoarekin, hamasei lasterketa falta ditu. Esatea tristea bada ere, tituluak nahiko jabe argia duela dirudi, auto berdina izanagatik ere, Perez ez baita Verstappenen lorpenak errepikatzeko edota hari erronka egiteko mailan. Zalantza bat badu, ordea, denboraldiak: gauza izango al da Red Bull lasterketa guztiak irabazteko?

Teknikoki, galdera horri “bai” erantzungo diot. Gauza baita. Baina sarrera honen tituluak bestelako galdera bota du: irabaziko al ditu guztiak? Eta horri “ezetz” erantzungo nioke. Probabilitatea handia bada ere, hori ez gertatzeko arriskuak ere asko dira. Egin dezagun azterketa bat.

Lehenik eta behin, Red Bullen azterketa har dezagun. Autoa beste guztien maila bat edo bi gorago dago. Christian Horner-ek ere ez zuen espero halakorik, baina ez horrenbeste haren taldeak lan izugarria egin duelako, baizik eta besteen emaitza hobea espero zuelako. Hau da, Red Bull ez beste taldeek ez dute nahikoa ikasi iaz indarrean sartu ziren arauetatik, oraindik gaia ondo ulertu gabe darraite. Beraz, teknikoki autoa guztia irabazteko moduan da, eta orain arte irabazitako lasterketei begira hori ere frogatu du. Zirkuitu azkarrak (Saudi Arabia), mantsoak (Monako) eta tartekoetan irabazi du. Ez du inoiz ahuleziarik erakutsi, eta egin dezakten lan aerodinamiko kopuruan zigorra jaso bazuten ere, nahikoa koltxoi badute.

Gidari aldetik, momentuko gidaririk osoena daukate: azkarra gidatzen, azkarra pensatzen eta eraginkorra banan banakoan. Max Verstappen bere mailarik onenean ari da eta hala dabilenean oso zaila da hura garaitzea. Bere auto berdina duen Sergio Perezek bakarrik egin diezaioke itzal. Baina batez ere, hor dago Verstappenek mota bateko ala besteko arazorik izango balu. Hau da, Red Bull batek ez badu irabazten, bestea hor egongo da saria jasotzeko.

Gainerako taldeek ez dute mehatxu itxurarik. Ez dute abiadurarik, ezta Verstappenen pareko gidaririk. Monakoko eurian, bi aukera galdu zituzten aurkariek. Batetik, estrategian Red Bull baino hobeto aritzea. Horretan finena Alfa Romeo ibili zen, baina lasterketan hain ziren atzean euria hasi zuenean, haien begi onak ez zuela askorako balio izan. Eta bestetik, euripean inor ez zen gauza izan Vertsappeni gauzak zailtzeko. Herbeherearrak huts pare bat egin zituen euripean, baina aurrera egiten uzteko modukoak. Atzetik norbait estu hartzen izango balu, ia ziur gehiago egingo zituen, ondorio larriagoekin. Inor ez zegon horretarako, ordea.

Aurten hogeitabi garaipen ekidin dezakeen gauza bakarra Red Bullen huts bat da. Dela autoaren arazo tekniko bat (motorea, aldagailua…), estrategia hutsegitea, edo bi taldekideen arteko talka bat. Gogoratu Bartzelonan 2016an Rosbergen eta Hamiltonen artean gertatu zena… Verstappenen lehen garaipena ahalbidetu zuena!



Comments are closed.