Noiz arte, Lance?

Aurtengo sorpresa Aston Martin taldearen auto paregabea da, eta horri etekin ezin hobea ateratzen ari zaio Fernando Alonso. Taldeko bigarren autoaren gidaria, ordea, Alonsoren emaitzetatik oso urrun dabil. Ikustagun Bartzelonan lehiatu aurretik duten sailkapena:

Urteko lehen lasterketara min hartuta iritsi zen Stroll. Hala eta guztiz ere, orain arteko bigarren emaitzarik onena lortu zuen han, seigarren postuan amaituz. Saudi Arabian ez zuen lasterketa amaitu, eta gauza bera gertatu zen Miamin eta Monakon. Sei lasterketatik hirutan esku hutsik amaitu du. Tarte berean, Alonsok bost podium eta laugarren postu bat bereganatu ditu.

Taldeko jabe, nagusi eta ahalguztiduna bere aita Lawrence Stroll da. Hark eraman du semearen ibilbidea txiki txikia zenetik 1 Formulara bideratua. Ferrariren gidari akademian sartu zuen, eta handik gutxira egin zuen debuta Williams taldearekin. Une hartan Williams taldea nahiko txukun zebilen, baina gidari berrientzat oso zaila zen behar adina prestaketa, 1 Formulan entrenamendu pribatu saioak debekatuta baitaude kostuak kontrolatze aldera.

Gutxi ajola izan zitzaion hori Stroll nagusiari, Williams autoa alokatu eta mundu osoan barna eraman baitzuen Lance semea, zirkuituak ezagutu eta autoa ere domina zezan. Hala egin zuen 1 Formulan debuta, aspaldian inork izan zuen prestaketa onenarekin. Ondoren Force India erosi zuen Strollek eta Sergio Perezen lekua hartu zuen Stroll gazteak, inoiz ez merituz.

Sebastian Vettel izan zuen taldekide Aston Martinen lehen bi denboraldietan, eta ez zuen alemaniarraren maila eman. Baina noski, erdipurdiko auto batean, maila diferentzia hori ez da hain agerikoa. Aurten arazoa bilakatu da, galdutako puntu eta aukerak garestiegi direlako. Eta honek ondorio argia dakar: Lawrence Strollek talde serio baten itxura eman nahi badio Aston Martini, Lance Stroll ordezkatu behar du. Hori egin ezean, bere 1 Formula apostua kamutsa eta erabat antzua dela esango dugu. Zertarako erosi talde bat, zertarako eraikin berri eta erraldoia ireki, zertarako sinatu Hondarekin akordio esklusiboa, bi gidaritik bat hori guztia ezerezean uzten ari denean.



Comments are closed.